In memoriam: Marije Ortega Nuere

  • Kronika

First publication date: 17/02/2021

Marije Ortega Nuere

Gauaren ozeanoa gara argi izpiz
beteta. Arrainen eta ilargiaren

arteko espazioa gara hemen,
elkarrekin eserita gauden bitartean. 

Rumi 

 

Azukre beltza kafe orduan. Xehetasunak heldu zaizkit oroimenera, itxuraz garrantzi gutxikoak, baina niretzat zentzu osoa dutenak. Behin ikusi ninduen aukeratzen, eta gero ez zen egun bakar bat ere pasa niri hura eskaini gabe, kafea bulegoko sukalde txikian edo tabernan hartzen genuenean. Marije xehetasun txikietan arreta jartzen duten pertsona horietako bat zen: bizitzari zentzua ematen dioten xehetasunak. 

Eskuzabaltasuna. Urteak betetzen goazen heinean, eskuzabalak izatea gureak diren gauzak partekatzea edo soberan duguna –baita behar duguna ere– ematea baino zerbait sakonagoa dela ulertzen dugu. Eskuzabalak izateak besteenganako entrega eskatzen du, besteekin enpatizatzea eta aurrea hartzea besteak behar duenari: gure denbora, gure elkarrizketa, gure besarkada. Marije definizio horietan guztietan sartzen da, eta are zabalagoak egiten ditu. 

Nagusia. Ekitaldiren bat genuenean eta haren lagunen bat zetorrenean (Montse, eta izenak oroitzen ez ditudan beste batzuk), haren “nagusi” gisa aurkezten zidan harro eta alai; nik uste dut dibertigarria zitzaiola bera baino gazteagoa zen nagusi bat izatea, eta ziur asko dibertigarria zitzaion ere nire hippy-baino-gutxiagoren piura hori: alabaina, egiatan, guztiok genekien “NAGUSIA” bera zela, Luis Black Izar-ek lehen egunetik ongi ikusarazi zidan moduan. Hainbeste miresten zuen Bruce bera baino nagusiago. Nagusia, egoerak menperatzen zituelako, bazekielako ia beti nola erantzun, jolas eremua erabat kontrolatzen zuelako. 

Duintasuna. Pertsona gutxirengandik ikas dezakezu zure-lekuan-egoten-jakite hori, guztia hankaz gora jartzen denean ere. Eta hala eta guztiz ere, haserrea, mina, desilusioa, sumina eta lan bizitzan norberak ezinbestean igaro behar dituen une ilun horiek gorabehera, bazekien irmo egoten, profesionala, osoa. Pitzadurarik gabe, pieza bakar batean. 

Integritatea. Pertsona batzuek eskuaren lerroetan daramate markatuta, honela zioen nire lagun Nathaliek: “betebeharraren lerroa”, hala esaten zion (dharmaren bidea, esango dute beste batzuek). Nik ez dakit eskuak irakurtzen eta, beraz, ezin izan nuen ikusi ea Marijeren esku ahurrean lerro hori trazatuta zegoen: esan dezaket, ordea, oso pertsona gutxi ezagutu ditudala zuzen dagoenaren zentzua hain gertu eta argi dutenak, une oro. Eta hori, besoz beso ari zarenean lan egiten eta erabakiak hartzen, balio seguru bat baino gehiago da: bizitzan jarraitu beharreko norabide bat ere bada.  

Irribarrea. Irribarre argiduna. Zer esango dizuet nik Marijeren irribarreaz ezagutzen duzuenei. Irribarre hutsez besarkatzen eta argiztatzen zizun. 

Gutun bat. Uste dut idazten nituen gauzak atsegin zituela: baina inoiz ez duzu zure burua imajinatzen zure lagunaren, Marijeren (nire nagusia), nekrologikoa idazten. Horregatik, nahiago dut imajinatu hau ez dela nekrologiko bat, gutun bat baizik. Gutun bat zauden lekura bidaltzen dizudana, abiatu berri duzun eta egunen batean guztiok hartuko dugun itzulerako bide horretan (laster arte!). Beraz, espero dut gutun hau ere zure gustukoa izatea. 

Marije eta Richard. Richard eta Marije. Niretzat haien izenak elkarren ondoan doaz beti, eta horregatik gutun hau Richardentzat ere bada, imajinatzen dudalako nola egongo den eta gustatuko litzaidakeelako harentzat ere lagungarri izatea. Biek egin ninduten harrera Patxi Azpillagak Kultura Kudeaketa bulegoan (GESCU, gero BizBAK, EHUkultura ondoren) bera ordezkatzeko aurkeztu ninduenean; eta agur esan nien biei, alde egiteko erabakia hartu nuenean. Zenbat kostatu zitzaidan, handik hiru urte pasatxora, Bizkaia Aretoaren terrazara eramatea eta alde egin behar nuela azaltzea, ez nuelako jada proiektuan sinisten. Eta haien aurpegiak ikustea. Berehala ulertu nuen Marijek bazekiela, hark gauza asko zekizkielako, inork esan edo pentsatu baino lehen. Eta oso eskuzabalak izan ziren hura onartzen, beti bezala. Nik alde egitea erabaki nezakeela eta haiek geratu behar zutela jakinda ere. 

Erraldoiak. Harrigarria da zer-nolako loturak sor daitezkeen hiru pertsonen artean elkarrekin une zailei aurre egin behar dietenean; bai eta, jakina, une bete-beteak bizi dituztenean ere, erraldoi sentitzen garenean. Hortaz, eskerrak eman behar dizkiot bizitzari, Marije, zure bidean jarri ninduelako; eskerrak, elkarrekin pasa genituen minutu guzti-guzti horiengatik, arrainen eta ilargiaren arteko espazio horri begira elkarrekin egon ginenean, hemen, han egongo garen modu berean.  

Gabriel Villota Toyos