euskaraespañol

In memoriam: Sabino Ayestaran

  • Kronika

First publication date: 31/12/2020

Image
Sabino, erretiroa ospatzen.

Maisu maitea:

Azken bidaia duzu hau: gogor eta kemenez eutsi diozu, beti egon zaren arren, bai, une honetarako prest. Psikologia Fakultateak eta Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU) enbaxadore handi bat galdu dute: bere garaiari aurrea hartu zion gizon bat, egoera zailenetan ere beti aukera bat ikusten jakin zuen gizon bat. Gaur, umezurtz sentitzen gara zu gure irakasle, aholkulari, buruzagi, maisu eta lagun izateko ohorea izan dugun guztiok.

Duela gutxi egindako gogoeta batean esan zenigun hiru kontzeptu bereizezin daudela aldaketarako eragile izateko sortutako unibertsitate batean aurrera egiteko: lankidetza, sormena eta berrikuntza. Adierazi zenuen erakundeek ezin dutela berrikuntzarik egin ez baldin badago haien artean lankidetzan aritzeko gaitasuna duen pertsona kopuru handi bat. Esan zenigun, halaber, lankidetzan aritzeko ezinbestekoa dela sormena, eta pertsonak askatasunean eta sormenean hazi beharra dutela lankidetzan aritzeko gaitasuna hobetu ahal izateko; horixe dela, hain zuzen ere, bide bakarra ezagutza partekatua sortzen duten talde berritzaileak izateko.

Ez da hutsala, ez, gogoeta hori, batez ere Psikologia Fakultatea gogoan zenuela egindako izanik. Hausnarketa horrek bizitza, giza harremanak eta erakundeen kudeaketa ulertzeko duzun modua islatzen zuen. Atzera begiratuz, zure lidergoaren bidez lortu zenituen mugarriak berrikusiz, gogoeta horri eskuzabaltasuna gehitu behar diogu, eskuzabaltasuna izan baita zuk utzitako ondarearen gidari.

Zure ibilbide profesionalaren aipamen labur bat egin nahi dugu, inondik inora osoa izango ez den arren: batzuok oso gertutik ezagutzen dugu, baina bada horren berri ez daukanik, eta horiek ere jakitun egon behar dute.

Karrera akademikoaren hasiera hasieratik, unibertsitatearen kudeaketan inplikazioa erabakigarria izan zenuen. Gizarte Psikologia eta Portaera Zientzien Metodologia sailaren sortzaile eta gidari izan zinen: irakasleen kontratazioa bultzatu zenuen eta gure fakultatean egun sendotuta dagoen ikerketa kultura sustatu.

Gutxik dakite zure lana ezinbestekoa eta erabakigarria izan zela Psikologia Fakultatea ikastegi independente gisa sortzeko zereginean, baina izan daitezela lerro hauek bide une haiek gertutik bizi izan zituzten hainbat lagunek kontatzen dutena agerian uzteko: horiek guztiek nabarmentzen dute zure kemena, irmotasuna eta gatazkak konpontzeko egindako bitartekari lana.

Erasmus programak eskainitako aukerak ere lehen unetik ikusi zenituen: Europako zortzi unibertsitatek osatutako sare baten sorrera sustatu zenuen eta horixe izan zen programa horren abiapuntu Psikologia Fakultatean. Horrela, 1988tik aurrera, ikasleak joan-etorrian ibili dira gure fakultatean, eta, gainera, ikerketaren arloan lankidetza sarea ere sortu zen eta gure fakultateari nazioarteko proiekzioa eman zion.

Zure ekarpena ere erabakigarria izan zen 1991n Psikologiako Practicuma sortzeko Europako unibertsitate nagusiak eredutzat hartuta, eta, hartara, ikasleei aukera eman zitzaien lan mundura hurbiltzeko. Badakigu, bai, zein garrantzitsua izan zen erabaki hura psikologoen laneratzea errazteko, eta, egun, fakultatea kudeatzeko sisteman erabat integratuta dagoen tresna dugu hori.

Era berean, jakin zenuen egoki baloratzen graduondoko prestakuntza bultzatzearen garrantzia, eta fakultateak eskaintzen zituen programetan eraldaketa sakon baten sustatzaile izan zinen. Horrela, doktorego programa batean sartu ahal izan ziren eta 2005ean, programa horrek, hain zuzen ere, Hezkuntza eta Zientzia Ministerioaren Kalitate Aipamena lortu zuen. Ikuspegi holistiko eta lankidetzan oinarritua zenuen eta ikuspegi horren fruitu izan zen psikologiaren jakintza arlo guztiak barne hartzen zituen diziplina anitzeko master bat eskaintzea, gizabanakoaren, taldeen, erakundeen eta kulturaren psikologia lantzen zituena.

Bestalde, psikologiaren diziplinari egin diozun ekarpenaz gain, nabarmentzekoa da teknologietan oinarrituta pertsonen autonomiari laguntzea xede zuen diziplina anitzeko master bat sustatzeko egin zenuen lana. Oraingo honetan, psikologiaren, informatikaren eta ingeniaritzaren arloko irakasleak eta ikertzaileak bildu zenituen, bai eta enpresa pribatuetako, elkarteetako, laguntza zentroetako eta teknologia zentroetako profesionalak ere, guztien artean laguntza pribatua eta publikoa zeukan proiektu bat martxan jartzeko, teknologia mendekotasuna duten pertsonen zerbitzura jarriko zuena.

Taldeen eta erakundeen psikologian aditua izanik, kalitatearen kultura bultzatu zenuen UPV/EHUn. 2004an, gure unibertsitateko Kalitate Katedraren koordinatzaile izendatu zintuzten, eta kudeaketa estrategia berritzailearen arloan garai hartan eszeptizismoa zen arren nagusi, lortu zenuen, bai, gure unibertsitateko ikastetxeetako kalitatea bermatzeko sistemek kanpoan ere aintzatespena izatea. Berriro ere aitzindari izan zinen, Sabino, eta lagun asko inplikatu gara zuk, ilusioz beterik, sortutako proiektu hartan.

Unibertsitatea gizartearekin lotzen saiatu zinen beti, ikerketaren bultzatzaile izan zinen, doktorego tesiak zuzendu zenituen eta balio aplikatu handia izan zuten argitalpenak egin zenituen. Novia Salcedo Fundazioko kolaboratzailea izan zinen, eta bertan, besteak beste, Icaro Think Tank taldea koordinatu zenuen, eta 2010ean gizarte berrikuntza bultzatzea oinarri zeukan proiektua bultzatu zenuen helburu jarrita: “2050 eszenatokia, giza iraultza baterantz".

Gipuzkoako Campusak Unibertsitateko Danborra saria eman zizun 2015ean, campusari eta unibertsitateari egindako ekarpenagatik. Une hura gertutik bizi izan genuenok nekez ahaztuko dugu, Sabino, zure poza eta harrotasuna saria hartzean, urteetan hainbeste eman ondoren unibertsitate horrek egindako aintzatespenaren ikur.

Sabino maitea, zure ekarpenak kontaezinak izan dira, eta zure curriculuma, zabala. Irakasle katedradun eta emeritu gisa egin zenuen ibilbidea labur geratu zaigu: azken egunera arte etorri zara bisitan gure fakultatera, zeure etxera, eta beti eskuzabaltasun osoz lagundu diozu zeure jakintza behar zuen guztiari.

Eternitateak geldirik egoteko asmorik bazuen, presta dadila: hor doakio Sabino Ayestaran, eta Sabino Ayestaranek beti egiten ditu hobe lekuak. Geurean, momentuz, giza eta zientzia ondare paregabea utzi duzu, inork, nekez, berdintzeko modukoa. Zure ibilbide akademiko bikaina utzi diguzun guztiaren parte minimo bat baino ez da; izan ere, bada gauza garrantzitsuagorik: pertsona apartekoa izan zara, berritzailea, langile nekaezina, solaskide bikaina, eskuzabala, zintzoa, min egitera arterainokoa, eta sentimenduetan leiala.

Beti fidela, zeure egin zenuen gure unibertsitatearen leloa: Eman ta Zabal Zazu

Nekane Balluerka Lasa eta Anabel Vergara Iraeta