euskaraespañol

In memoriam: Unai Irusta Zarandona

  • Kronika

First publication date: 01/10/2021

Image
Unai Irusta Zarandonak irailaren 15ean utzi gintuen.

Goizegi eta azkarregi joan zara Unai. Gaixotasunak eraman zaitu, aparteko borroka eskaini ostean. Goraipatzekoa, benetan, nola egin diozun aurre zoritxarrari. Beti animoso, indartsu, aktibo, gogotsu eta ikaragarri positibo. Esparru horretan jarraitu beharreko eredua izan zara.

Gainerakoetan, berriz, beti onena. Zure ikasketa-promozioan lehena, zure doktorego-tesia saritua, katedradun akreditatua, inpaktu handiko nazioarteko ikerlaria, Bilboko Ingeniaritza Eskolan irakasle saritua… Halere, zure ibilbide profesionalari buruz soilik hitz egiteak ez luke islatuko gugan utzi duzun ekarpenik garrantzitsuena: maitasuna, itxaropena, alaitasuna, irrika eta, batez ere, etorkizunari beldurrik gabe aurre egiteko gaitasun itzela. Beti ingurukoak laguntzen eta hauspotzen, bai ikerketan eta irakaskuntzan, bai familian eta lagunartean ere; beti bihotza eskainiz, bai gertukoei, bai urrutikoei.

Ikaragarri gozatu duzu azken urteotan zure ikerketa-taldean; eta zein harro zeunden gutaz, lortutakoaz, osatutako taldeaz eta, batez ere, bidean erakutsitako jatortasunaz. Geure gogoan betirako gordeko ditugun hainbat eta hainbat bizipen: kongresuetako bidaiak, bai lasaiak eta baita konplikatuak ere, zuk maiz alokatutako hotel zuhurrak, kafe dibertigarriak, bazkari entretenigarriak eta afari eta trago alaiak. Harro eta eskertua sentitzen zinela helarazi zenigun agurrean, zuk ereindakoak eta irakatsitakoak fruitua eman duelako, eta zure jakin-min eta bizitzeko grina gugan iraungo dutelako.

Euskaltzalea zinen. Ikerketa-zalea, irakurzalea, talde-zalea… baina, batez ere, ikasle-zalea. Maite zenuen irakastea, eta ikasleek maite zintuzten. Ez da gauza erraza hori ingeniaritzan, baina zeuk hori ere lortu zenuen, noski; zure zaletasuna, berotasuna eta jakiteko grina iristen zitzaielako, eta inkestetan, haiek notarik onenak zuretzat, Unai.

Zure lankide izan aurretik, ikasle izan garenontzat, eredu izan zara, inspirazio bat, bizitza aldatzen duen horietakoa. Trebea, benetan, ikasleen bertsiorik onena lortzen, itsu-itsuan eurengan sinesten eta aurrera egiteko bultzada ematen une zailenetan. Irakaskuntzaz eta ikerkuntzaz maitemintzen irakatsi zenigun, lanbide honetan gure gogoak eta arima jartzeko tresnak eskainiz.

Lagun jatorra, langile fina eta aita dedikatua. Zure Eneko, Asier eta Haizeagan jarraitzen duzu bizirik; baita ezagutu zintugun guztiongan ere. Zuk irakatsitako bideari jarraituko diogu kementsu, Unai.

Eskerrak eta ohore, maisu!
BioRes ikerketa-taldeko kide eta lagunak.