euskaraespañol

Iñigo Urrutia, Aldezle hautatu du berriro UPV/EHUko Klaustroak

Aldezleak bigarren agintaldiari ekingo dio, unibertsitate komunitateari zerbitzurik onena ematen jarraitzeko konpromisoarekin

  • News

First publication date: 24/02/2022

Image
Iñigo Urrutia, Aldezle hautatu du berriro UPV/EHUko Klaustroak Argazkia: UPV/EHU.

Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Klaustroak, gaur Bizkaia Aretoan egin den saioan, Iñigo Urrutia hautatu du berriro Aldezle, aldi berri honetarako bere lana gidatuko duten ildo nagusiak azaldu ostean.

Iñigo Urrutia Libarona (Maruri-Jatabe, 1966) Zuzenbideko doktorea da eta Administrazio Zuzenbideko irakasle UPV/EHUn. Lizentziatura 1989an lortu zuen. 1990 eta 1993 artean abokatutzan aritu zen. 2004an doktorego tesia defendatu zuen hezkuntzarako oinarrizko eskubideari eta hizkuntza eskubideei buruz, eta bikain cum laude kalifikazio gorena lortuz, doktoregoko aparteko saria eskuratuta. Administrazio zuzenbideko irakasle agregatuaren lanpostua betetzen du (2016an irakasle osoa izateko ziurtagiria). Bere ibilbidean, sakon aztertu ditu pertsonen eskubideak eta beren babesa, eta administrazioaren jarduteko moduak bikain ezagutu ditu, arreta berezia jarriz diskrezionalitatea kontrolatzeko moduetan eta administrazio jardunaren legezkotasunean. Ehun lan zientifikotatik gora argitaratu ditu gai horiei buruz.

“Eskubideak eta, bereziki, giza eskubideak izan dira beti nire lan jardunaren ardura eta lehentasuna. Horretara bideratu ditut nire ahalegin akademikoak, ikerketa emaitzak eta baita nire ahalegin pertsonalak ere, eta bide bertsutik jarraitu nahiko nuke lanean hurrengo urteotan ere –esan du Aldezleak eta gogoratu du instituzioak 10 urte bete berri ditu aurten- Erakundea berria da. Halere, harrera ona du unibertsitate kolektiboen artean. Erakunde modura, sinesgarritasuna irabazi ez ezik, gaur gaurkoz begirunea zor zaion instituzioa ere bada”.

Aldezleak unibertsitateko bizikidetzan sortzen diren “behar, erronka eta kezka berriak” azaldu dizkio Klaustroari, eta horiei arreta eskainiko die agintaldi berri honetan: lan bizitza, ikasketak eta familia bizitza uztartzea; baliabide elektronikoak erabiltzea eta datu pertsonalak babesteko oinarrizko eskubidea; desgaitasunari arreta ematea; aniztasunari arreta ematea; eta kolektibo ahulenei arreta eskaintzea.

Hitzaldian, adierazi du unibertsitarioen eskubideen edozein erasoren aurrean erne egoteko asmoa duela, bai eta eskubide horiek ahalik eta modu zabalenean interpretatzekoa ere. Aipatu du, era berean, Unibertsitate Bizikidetzaren Lege berriak planteatzen duen erronka, “ikasleei eragiten dien diziplina prozedura guztia birdefinituko duena”. Halaber, konpromisoa hartu du gatazkak konpontzeko hautabidezko bitartekoak indartzeko, gertutasun eta erabilgarritasun handienari eusteko, erakundearen independentzia eta kudeaketa autonomiaren printzipioak defendatzeko eta, kasu guztietan oro, gardentasunez, objektibotasunez eta interes orokorrei zerbitzu emanez jarduteko.

Azkenik, Aldezleak agintaldi berri honetan zehar jardunaren gidari baliatuko dituen printzipioen berri eman du: 1) Gatazkak prebenitzeko arreta, 2) unibertsitate komunitate osoari ematea eskubideei buruzko informazioa, 3) Unibertsitateko administrazioarekin komunikazio leial eta arina izatea, 4) Unibertsitateko pertsona eta kolektibo guztien eskaerei arreta eskaintzea, 5) Arartekoarekin eta beste defendatzaile batzuekin lankidetzan jardutea, 7) ofizioz jardutea eskubide bat urratu delako zantzuak daudenean, 8) Hizkuntza eskubideak babestea, 9) Objektibotasunez, proportzionaltasunez eta gardentasunez lan egitea, 10) Pertsona ahulenei arreta berezia eskaintzea.

Urteko memoria

Era berean, Aldezleak urteko memoria aurkeztu dio Klaustroari, 2021ean egindako lanaren berri emanez. Urte horretan, 148 pertsonak jo dute Aldezlearen bulegora, eta 148 gai planteatu dituzte guztira (kontsultak, kexak eta bitartekaritza eskaerak, besteak beste). Datuok aurreko urteetako ildoari eutsi diot, eta zertxobait igo dira bai pertsona kopurua, bai kasu-kopurua. 2021ean, irakasle eta ikerlariek eta “besteak” izeneko kolektiboak aurkeztutako gaien kopururik altuena erregistratu da, bai eta ikasleen kolektiboak planteatutako gai-kopururik baxuena ere.

Aurten ere, ebaluazio prozesuak, oro har, eta kalifikazioak berrikusteko prozedura izan dira, bereziki, ikasleen artean kontsulta gehien izan dituen gaia. Irakasle eta ikertzaileen kolektiboan, gairik ohikoenak unibertsitateko sailetako bizikidetzaren ondoriozko problematikarekin daude lotuta, bai eta sail horietako plazak eskuratzearekin eta/edo sustatzearekin ere. AZPri dagokienez, kolektibo hori gehien kezkatzen duten gaiak dira plazak eskuratzearekin, ordezkapen poltsak osatu eta deitzearekin eta lanpostuaren lan baldintzekin lotutakoak (lanaldiari, ordutegiei eta telelanaren modalitatean zerbitzua emateko baimenari dagokienez).

Aurkezpenaren amaieran, Aldezleak esan du: “Unibertsitatearen kalitatea neurtu ohi da rankingetan duen posizioaren, tesien eta ikerketa proiektuen kopuruaren bidez, bai eta irakasleen kalitate egiaztatuaz, ikertzaileen argitalpenen inpaktuaz eta beste. Baina unibertsitate kalitatea, eta are gehiago gurea bezalako unibertsitate publiko batean, ahulenak eta unibertsitate karrera konbentzionala jarraitzeko zailtasun handienak dituzten pertsonak tratatzeko moduaren araberakoa ere bada. Hori berori lekuko da Euskal Herriko Unibertsitateak nagusi duen gizarteari eskaintzen dion zerbitzua zer bikaina den.”