euskaraespañol

Jon Barredok master amaierako lana Elur izeneko proiektu teknologiko bihurtu du

Alex Txikonek K2rako espedizioan probatu du arrakastaz elur jausietan galdutako mendizaleak errazago aurkitzeko sistema

  • Report

First publication date: 26/06/2019

Image

'Ekintzailetza eta Enpresa Zuzendaritza (MBAe3)' masterreko ikasle Jon Barredok berriki aurkeztu duen master amaierako lana: Search and Rescue SLren negozio plana. Proiektua Lola Rojas ikaskidearekin gauzatu du, eta teknologia berritzailea duen Elur izeneko mendiko erreskate sisteman oinarritzen da.

Alex Txikonek urtarrila eta martxoa bitartean K2ra egindako azken espedizioan arrakastaz probatu zuen Elur, zeinak egungo salbamendu teknologiak eskaintzen duen mendizaleen detekzio distantzia 30 aldiz biderkatzea lortu baitu. Gaur egungo teknologiak elur jausietan edo mendiko beste istripuetan galdutako pertsonak 100 metroko distantzian seinalatzea ahalbidetzen du. Elurrek, ordea, 3 km-ko irismena du, eta lorpen teknologiko ikaragarria da.

“Oso esperientzia ona izan da arlo pertsonalean, azken finean ametsa baita horrelako leku batean egon ahal izatea eta espedizio batez gozatzea. Arazo fisiko bat izan nuen, ezkerreko hankako psoasa lesionatu baitzitzaidan, eta jaitsierako 90 km-ak lesio horrekin eta inkomunikaturik egitea baino helikopteroz jaistea egokiagoa zela erabaki genuen”, azaldu du MBAe3 masterreko ikasle Jon Barredok.

Ekintzaile petoa izanik, Pakistanen eta Nepalen igaro dituen 30 egun horiek Aware proiektu soziala abiarazteko ere baliatu ditu.

“Aware proiektu soziala da, eta mendiaren eta naturaren inguruan esperientzia turistiko ahaztezin eta arduratsuen sorkuntzan oinarritzen da. Era berean, mendiko turismoari eusten dioten ezagutzak sherpek berek –eta ez bitartekariek– monetizatzea nahi dugu. Gure proposamena da Airbnb enpresarekin elkarlanean, zenbait herrialdetan turismo jasangarriko esperientziak antolatzea, trekkingean edo igoeran dabiltzan garraiatzaileei eta mendiko langileei zuzen ordainduz”, dio.

Jon Barredok (Vitoria-Gasteiz, 1994) Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako gradua ikasi zuen UPV/EHUn. Gainera, Mondragon Unibertsitateko Lidergo Ekintzailea eta Berrikuntzako gradua[MA1]  eta UPV/EHUko “Ekintzailetza eta Enpresa Zuzendaritza (MBAe3)” masterra ere egin ditu.

“MBAe3 aukera garrantzitsua izan da enpresen administrazioan eta zuzendaritzan nituen ezagutza-teknikoak sendotzeko, baita Bilbora itzultzeko eta Euskadin eta Bizkaian ekintzailetza sustatzeko sistema ezagutzeko pisuzko arrazoia ere”, esan du Barredok.

“Nire ametsa da proiektu hauek lantzen jarraitzea”

Ekintzaile izatea eta ideia berriak sortzea gaztetatik datorkio: 2014. urtean, karrerako bigarren urtean zegoela, eski-bidaiak eta mendi-lasterketak antolatzeko junior enpresa elkarte bat sortu zuen lagun batzuekin. Geroago, mendizaletasunak bultzatuta, Elur eta Aware proiektuak abiarazi ditu.

“Nire ametsa da Aware eta Elur proiektuak lantzen jarraitzea nire taldearekin, eta mendiaz gozatzen segitzea. Elurri dagokionez, erreskate taldeekin lehenengo kontratuak sinatzea espero dugu. Aware proiektuaren kasuan, ordea, lehen esperientziak abiarazi nahi ditugu Nepalen, Argentinan eta Pakistanen”, gaineratu du.

“Jon Barredoren eta ‘Ekintzailetza eta Enpresa Zuzendaritza (MBAe3)’ masterreko beste ekintzaileen kasuak ikasketa horiek oinarri teknologikoko enpresen ideia berritzaileak dituzten gazteei ematen dieten bultzadaren erakusgarri dira”, dio Maria Saiz “Ekintzailetza eta Enpresa Zuzendaritza (MBAe3)” masterreko zuzendariak.