euskaraespañol

Kontabilitate soziala, gastu publikoaren eraginkortasuna aztertzeko beste ikuspegi bat

Bilboko Santa Marina Ospitalearen balio sozioemozionala urtean 60 milioi euro ingurukoa izan dela kalkulatu du UPV/EHUko ECRI taldeak

  • Research

First publication date: 19/02/2020

Image
Ramón Bernal, Leire San Jose eta José Luis Retolaza Santa Marina ospitalearen aurrean. Foto: Mitxi. UPV/EHU.

UPV/EHUko ECRI Ethics in Finance and Social Value ikerketa-taldeak frogatu du posible dela ospitale batek eragiten duen balio soziala monetizatzea. Ospitale baten balio sozial erantsiko indizea kalkulatu du lehen aldiz, Osakidetzako Santa Marina Ospitalea erabiliz eredu gisa. Azterketa horrek aukera ematen dio ospitaleari jakiteko zer hobetu behar duen, eta garrantzitsua izan daiteke beste ospitale batzuekin alderaketak egin ahal izateko.

Gizartean handituz doa alderdi sozialen inguruko interesa, eta enpresa eta erakunde askok jakin nahi izaten dute zenbaterainoko ekarpena egiten dioten gizarteari. Kontabilitate soziala erabiltzen da hori guztia aztertzeko, alegia, “gizarteari eskaintzen zaion balio soziala barnean hartzen duen informazio-sistema bat”, azaldu du Leire San Jose ECRI ikerketa-taldeko buruak.

UPV/EHUko ECRI Ethics in Finance and Social Value taldeko ikertzaileek Osakidetzako Santa Marina Ospitalean egin dute azterketa hori; ospitale batean egiten den lehen aldia izan da. Ospitalearen balio sozial erantsiko indizea kalkulatu dute; izan ere, “tresna egokia da ospitalearen eraginkortasun soziala zenbatesteko, ospitaleari esleitu zaion finantziazio publikoaren bidez zenbat balio sozial eragiten duen adierazten baitu. Interesa handia izan da beti ospitaleetako gastu publikoaren eraginkortasuna zenbatekoa den jakiteko, baina orain arte ez da inoiz balio sozialaren ikuspegia barneratu”, dio UPV/EHUko irakasle eta doktoreak.

Osakidetzako Santa Marina Ospitalea oso aproposa izan da azterketa egiteko; izan ere, pertsona adinduen gaixotasun kronikoak tratatzen eta zainketa aringarriak ematen dituen ospitale publiko txikia da (238 ohe ditu eta 200.000 lagun inguru artatzen dituzte), eta errazagoa da interes-talde edo stakeholder-ekin elkarrizketak egitea. Ospitale bateko interes-taldeak asko dira; ospitaleko erabiltzaileez gainera, erabiltzaileen familiak, langileak, etorkizuneko langileak (ikasleak) eta haien irakasleak, hornitzaileak, administrazio publikoa eta abar hartu behar dira kontuan. “Interes-talde horiei eragindako balio sozialak eta haren monetizazioak aukera ematen dute ospitale publikoaren helburu sozialerako bidean erabakiak eraginkortasun handiagoz kudeatzeko”, erantsi du San Josek.

Zenbat balio du ospitale batek egiten duen ekarpen sozioemozionalak?

Kontabilitate soziala egiteko metodologia finkatuta dago lehendik ere, “baina kasu guztiak desberdinak dira: beti pentsatu behar da nori egiten zaion ekarpen soziala eta zenbatekoa den”, dio ikertzaileak. Interes-taldeei elkarrizketak eginez, balio sozialen zerrenda bat egin dute ikertzaileek, eta balio soziala ematen duten aldagaiak definitu ondoren, “eurotara bihurtu ditugu balio horiek guztiak”, azaldu du.

Batetik, merkatuarekin lotutako alderdi sozialak, ohiko kontabilitatean kontuan hartzen direnak, bereizten dituzte, “hornitzaileekin, langileekin, ordainketekin, zergekin eta abarrekin lotutakoak”. Bestetik, merkatuarekin loturarik ez duten alderdiak, hau da: “Beste ospitale batzuetan libratzen diren oheak, ikasleen praktikak, osasun-langileek eskaintzen duten zerbitzua, familiei eragiten dien onura (lasaitasuna, denbora…), ospitaleko azpiegiturek eragiten dituzten onurak, etab.”, adierazi du.

Ikertzaileak adierazi du Santa Marina Ospitaleak 60 milioi euro inguruko balio sozioemozionala eragin zuela urtean, 2013 eta 2017 bitartean; baina, nolanahi ere, “garrantzitsuena da ospitaleak interesa izatea azterketa hori egiteko, eta interes-taldeengana jotzea haiei galdetzeko eta zer hobetu behar duen jakiteko”. Halaber, ikertzaileak adierazi du kontabilitate soziala oso erabilgarria dela erakunde batek bere buruarekin denboran alderaketak egiteko, hau da, “erakunde bat urtez urte zelan hobetzen den ikusteko, baina, batez ere, beste ospitale batzuekin ere alderaketak egiteko”, dio. San Josek aitortu duenez, “egia da paziente gutxiko ospitale batekin hasi garela, zeinak oso paziente-mota jakinak baititu, baina ez dago batere arazorik beste ospitale-mota guztietan ere kontabilitate soziala aplikatzeko, eta oso komenigarria litzateke, ikusteko besteek ere zer egiten duten ongi”. “Garrantzitsua izan daiteke eraginkortasun soziala sartzea enpresen kontabilitatean; ez bakarrik kostuan oinarrituta dagoen eraginkortasuna, baizik eta ekarpen sozialetan oinarritzen dena”, esanez amaitu du.

Informazio osagarria

Leire San Jose Ruiz de Aguirre UPV/EHUko Ekonomia eta Enpresa Fakultateko (Sarriko) Finantza Ekonomia II Saileko doktore eta irakasle titularra da, eta Visiting Research Fellow  Huddersfieldeko Unibertsitatean (EB). Gaur egun, ECRI Ethics in Finance and Social Value ikerketa-taldearen burua da. Taldea erakunde eta unibertsitate ugarirekin aritzen da elkarlanean. Ikerketa hau UPV/EHUko Ramón Bernalekin eta Deustuko Unibertsitateko José Luis Retolazarekin batera egin du —biak ere ECRI taldeko kide—.

Bibliographic reference