euskaraespañol

Osasun Publikoaren harrobia

Aurtengo deialdiko BAME, BAEE, BAPE, BAFE, eta BAEFE azterketetan notarik onenak lortu dituzten Unibertsitateko ikasleekin hitz egin dugu.

  • Report

First publication date: 22/04/2021

Osasun Publikoaren harrobia
Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko ikasleak, praktiketan laborategi batean, aste honetan. Irudia: Jorge Navarro. UPV/EHU.

Joan den martxoaren 27an, Estatu osoko unibertsitateetako milaka ikaslek azterketa egin zuten izen handiko Osasun Prestakuntza Espezializatuko plaza bat lortzeko asmoz. Hauek dira arloz arlo: BAME (Medikuntza), BAEE (Erizaintza), BAPE (Psikologia), BAFE (Farmazia), BABE (Biologia), BAEFE (Erradio Fisika) eta BAKE (Kimika).

Proba erabakigarria prestatzeko urtebeteko itxialdia pasa ondoren, aurpegia ala gurutzea, ahalegin guzti horiek jokoan jartzen zuten, Osasun Publikoan gure osasunaz arduratuko diren talde horietako kide izateko.

Espezialitate horietako bakoitzean lanposturako aukera duten posizio onenak eskuratu dituzten UPV/EHUko titulatuekin hitz egin dugu. Urtez urte lehiatzen diren EHUalumni guztien errekonozimendu txiki izatea ere espero dugu.

 

Elena Eguizabal Martínez. Medikuntza.

BAMEko deialdia.
Postua: 14.062tik 37a.
Eskainitako plazak: 7.989.

"Iazko urtarrilean hasi nintzen ikasten, baina ekainetik aurrera burubelarri jarri nintzen ", azaldu du Elenak.

Medikuntzako "egoiliar" izango den lagun horrek gogoratzen duenez, "egunero 8 ordu inguru ematen nituen ikasten eta, hobeto antolatzeko, Bilbon dagoen BAME azterketak prestatzen espezializatutako akademia batean izena eman nuen".

Ahalegina egin arren, aisialdirako denbora ere bazegoen: "Astean egun bat gordetzen nuen koadrilarekin geratzeko, are gehiago, asteren bat ere hartu nuen deskonektatzeko".

"Une hobeak eta txarragoak izan zirela, baina inoiz ez zitzaidan burutik pasatu amore ematea".

"Adoregabetu? Ez, inoiz ez -erantzun du seguru-; argi neukan atera nahi nuela, eta horretarako ahalik eta hobekien antolatu nintzen ". Egia da une hobeak eta txarragoak izan zirela, baina, argitu duenez, "inoiz ez zitzaidan burutik pasatu amore ematea".

"Azken egunak oso biziak izan ziren. Azterketa egin aurrekoa libre hartu nuen, eta burua beste gauza batzuetan zentratu nuen: lagunekin geratu nintzen, ile-apaindegira joan nintzen… entretenitu ahal ninduen guztia", gogoratzen du.

Elenari gustatuko litzaioke Euskadin edo Nafarroan Barne Medikuntza egitea; "pentsatzen ari naiz... baina oraindik badago denbora aukeraketa egin arte", erantzun du lasaiago eta duela aste batzuetako presioa gaindituta.

Laura Caballero. Erizaintza.

2011ko promozioa
BAEEko deialdia.
Postua: 7.225tik 21a.
Eskainitako plazak: 1.683.

Lauraren kasua desberdina da. 2011n amaitu zuen gradua, eta erizain hasi zen lanean Osakidetzako Lehen Arretako hainbat zerbitzutan. Urteen poderioz, espezializazioren batean sakontzeko unea zela erabaki zuen. Aukeren artean BAEEren azterketara aurkeztea erabaki zuen.

"Lana utzi ahal izan nuen lortu nituen aurrezkiei esker eta azterketak lanaldi osoz prestatu nituen".

"Nire kabuz hasi nintzen ikasten 2019an, eta 2020ko probetara aurkeztu nintzen", gogoratzen du. "Aldi berean ikasten eta lan egiten nuen. Ezin izan nuen ondo prestatu, eta emaitza ez zen ona izan, baina ideia bat izateko balio izan zidan ".

"Hurrengo deialdian -jarraitzen du- lana utzi ahal izan nuen lortu nituen aurrezkiei esker, akademia batean izena eman nuen, eta azterketak lanaldi osoz prestatu nituen".

Zortzi edo hamar ordu ematen zituen ikasten, astelehenetik larunbatera. Hala ere, Lauraren ustez ez da "prestatzeko urterik txarrena" izan.

"Pandemiak eragindako egoerak etxean luzaroan egotera behartu gaitu, lagunekin ondo pasatzen egon beharrean; beraz, ez da hain gogorra izan kontzentratzea eta behar adina denbora ematea", gaineratu du.

Ikasteko denbora guztian ez zuen adoregabetasunerako aukerarik izan; hala ere, bere esanetan, osasun-krisiaren alderdi gogorrena hasi zenean, "Osakidetzako zentroetan laguntzeko langileak eskatu zituztenean, Erizainen Elkargoarekin harremanetan jarri nintzen, behar izanez gero haren esanetara jartzeko".

Familiaren eta lagunen babesak eta BAME plaza bat aukeratzen zuen lagun batekin azterketa prestatzen aritzeak are gehiago motibatu zuen.

Gero, azterketa egin aurreko egunetan, "guztiari bueltak ematen hasten zara, urduritasun handia duzu, eta zentzuzkoa egin duzun pentsatzen hasten zara: lan egonkor eta gustuko bat uztea, nola amaituko den ez dakizun azterketa hau egiteagatik", gogoratu du.

Orain, emaitzak ikusi ostean, eta etxetik gertu dagoen ia edozein plazatarako aukerarekin, "Familia eta Komunitate Erizaintzako plaza bat" aukeratuko duela uste du, baina momentuz "Osasun Mentala edo Pediatria" ez ditu baztertzen.

Malen Ezeiza Zapiain. Erizaintza.

BAEEko deialdia.
Postua: 7.225tik 24a.
Eskainitako plazak: 1.683.

Malen urtebete lehenago hasi zen azterketa prestatzen. Denbora horretan, ikasteko eta deskonektatzeko denbora izan du: "Akademiak egunero bidaltzen zigun aztertu beharreko gaien plangintza, eta, oro har, arazorik gabe jarraitzen nuen. Goizetan liburutegira joan eta ikasten nuen. Bazkaldu ondoren, ordu pare bat gehiago ematen nituen ikasten. Gero libre hartzen nuen ikasketetatik deskonektatzeko eta gustuko nuen zerbait egiteko ".

"Zailtasun edo nekerik handieneko uneetan, ikasketak alde batera utzi eta esaten nuen: bihar argituko da ".

Gogorik eza? "Ez nuke hitz hori erabiliko, baina prozesu luzea da eta zure gorabeherak dituzu, mundu guztiak bezala. Unerik txarrenetan ahalik eta zuhurrena izaten saiatzen nintzen: zailtasun edo nekerik handieneko uneetan, ikasketak alde batera utzi eta esaten nuen: bihar argituko da ".

"Akademian azterketa aurreko egunean ez ikastea gomendatu ziguten. Kasu egin nien, eta burua azterketatik urrun edukitzen saiatu nintzen: lagunekin, mendian…", gogoratu du Malenek.

Eta ordu erabakigarrian, azterketaren orduan, etorkizuneko Barneko Erizain Egoliar hau azterketa-urte osoan esandakoa gogoratzen saiatu zen: "Lasai egon behar dut. Beraz, gauza asko nekizkiela pentsatzen saiatu nintzen, ez nekizkienetan zentratu beharrean". "Horrelako azterketa bat prestatzeko orduan, beti ikas daiteke gehiago, baina aurkezten garenok antzeko egoeran gaude: hobeto dakizkigun gauzak eta txartoago daramatzagunak", gaineratu du.

Uztailean, plazak banatu ondoren, "egoiliar aroa" hasiko dute. Malenek emagin ikasketak hasi nahiko lituzke; ordura arte erizain lanetan jarraituko du txertaketa kanpainan.

Imanol Naharro. Farmazia.

BAFEko deialdia.
Postua: 1.582tik 13.a.
Eskainitako plazak: 267.

"Udan hasi nintzen burubelarri BAFE prestatzen, akademiako materiala jaso nuenean", azaldu du Imanolek.

"Egunero zehazten nituen helburuak, baina beti zortzi edo bederatzi ordu baino gehiago ikastea saihesten"

"Egunero zehazten nituen helburuak, baina beti saiatzen nintzen zortzi edo bederatzi ordu baino gehiago ikastea saihesten. Ordu gehiago inbertitzea kaltegarria zela ulertu nuen eta, horregatik, kalera ateratzeko edo beste gauza batzuk egiteko eguneko tarte bat gordetzen ahalegintzen nintzen ", gogoratu du.

"Ea uneren batean adoregabetu nintzen? Jakina ", dio. "Epe luzeko horrelako azterketen parte da: zaila da diziplinari eustea eta distrakzio unerik ez izatea, baita abaildurarik ere, egunero zerbait ikasten hasi behar denean, fruiturik izango den jakiteko hilabeteak falta direnean. Zorionez, nire bikotekidea, oposaketa hau prestatzen ari zena, eta nire familia nituen animoak berreskuratzeko eta plaza bat lortzeko borrokan jarraitzeko ", esan du.

Azterketa egin aurreko egunean ez zuen ezer egin: "Banekien urduriago jartzeko bakarrik balioko zuela". Presioa kentzeko asmoz, Imanolek bere buruari esan zion "ondo ateratzen ez bazen aukera gehiago izango nituela etorkizunean". Eta gainerako estrategiarekin batera funtzionatu zuen, noski.

Eta orain, zer? "Ez daukat oso argi zein espezialitate aukeratu; lehenengo eta behin esango nuke Ospitaleko Farmazia dela gehien erakartzen nauena, baina ez dut Mikrobiologia baztertzen. Nahiko erabakita daukat, ordea, Euskadin plaza bat aukeratu eta nireen ondoan jarraitzea.

Saioa Rojas. Psikologia.

BAPEko deialdia.

Postua: 4.333tik 69a.

Eskainitako plazak: 198.

"2018an saiatu nintzen lehenengo aldiz, ‘Psikoonkologia eta Zainketa aringarriak’ masterra egin ostean”, gogoratu du. "Gai-zerrendaren hurbilketa gisa hartu nuen, ikasteko ohiturak ezartzeko. Oraingo honetan -jarraitzen du- akademia batean izena eman dut, hobeto antolatzeko eta ikasteko ordutegia egunean 10-12 ordura luzatu nuen".

"Horrelako azterketak ezagutzaren araberakoak direla, baina baita kudeaketa emozional egokiaren araberakoak ere"

"Aurten dena kaotikoagoa izan da -deitoratu du Saioak- egoera soziosanitarioaren ziurgabetasunari eta kezkari, klase presentzialen murrizketa gehitu behar zitzaien, eta lankideekiko harremana mugatu behar zen, horrek ekartzen duenarekin".

Lehen aldia ez zenez, Saioa ahulguneak hobetzen saiatu zen: "Azterketaren teknikak hobetu, ahulago nituen gaiak finkatu eta neukan materiala beste iturri batzuetatik bildutako informazioekin osatu".

Denboraldi luze horretan, Saioak "askotan abentura uztea" planteatu zuen, "Prozesu luzea eta gogorra delako, gorabehera emozional, uko egite pertsonal eta sakrifizio asko dakartzana". "Nola gainditu ditudan? Lagundu nauten familia eta lagun zoragarriei esker, eta nire osasun fisikoa eta emozionala zaindu ditudalako", azaldu du.

Azterketari aurre egitea ere ez zen erraza izan. "Nerbioak dira nire etsairik handienak -pentsatzen du- aurreko esperientziak nituen, aurretikoan oso urduri egon nintzen, gehiegi kargatuta eta antsietate handiarekin iritsi nintzen; horrek azterketan kontzentratzea eragotzi zidan, eta akatsak egin nituen. Aurten nire buruaz seguruago heldu naiz. Azterketa irakurtzean aukerarik ez nuela pentsatu nuen, baina galdera bakoitza borrokatu eta amore ez ematea erabaki nuen ". Ziur dago "horrelako azterketak ezagutzaren araberakoak direla, baina baita kudeaketa emozional egokiaren araberakoak ere".

Eta orain? "Bada, albistearen zoramenaren eta emozioen ondoren, atseden hartu eta momentuaz gozatu nahi dut, interesatzen zaizkidan plazez informazioa lortu, eta, hasi arte, irakurtzeke neukan libururen bati ekin ".

Martín Barainka. Biokimika eta Biologia Molekularra.

BABEko deialdia.
Postua: 1.113tik 29a.
Eskainitako plazak: 50.

Martinek 2019an amaitu zituen ikasketak eta Australian urte sabatiko bat hartzea erabaki zuen, ‘Work & Holidays’ baimenaren bidez, "ingelesa ikasteko eta etorkizunean zer egin nahi nuen pentsatzeko". Zortzi hilabete geroago pandemia hasi zen, eta BABE probetara aurkezteko ideiarekin itzuli zen.

Martinek ere akademia batean izen eman zuen. "Hasieran leun hasi nintzen ikasten -gogoratzen du-, zortzi ordu inguru, gero hamar izatera pasa zirenak, ikasketa eta test artean".

"Pandemiak lagundu egin zidan, ezin bainintzen asko atera. Hasieran larunbatetan eta, gero, ezta hori ere"

Botila erdi beteta ikusita, "pandemiak eta murrizketek lagundu egin zidaten, ezin bainintzen asko atera. Hasieran larunbatetan eta, gero, ezta hori ere". Atseden gutxi izan zuen estudioko denbora guztian: "Egunen bat libre hartu nuen, akituta nengoenean, Eguberri eta Urteberri egunez gain, baina besterik ez".

Atsekabe uneak egon ziren: "Hasieran, nire espezialitatean eman ez nituen zenbait ikasgairekin, baina pixkanaka kontrolatzen joan nintzen, eta lasaitu egin nintzen. Gainera, proba gisa planteatu nuen, eta horrek presioa kendu zidan, eta, hainbeste karga izan gabe, ikasten jarraitzen lagundu zidan ".

Behin betiko eguna ez zen hainbesterako izan, Martinek dioenez. "Selektibitatean antzeko zerbait izan zen, eta ez naiz oso urduri jartzen. Gainera, gogo nuen azterketa egiteko, errutina berreskuratzeko eta lagunekin kalera itzultzeko. Azken egunean tokatzen ohi ez diren gaietako batzuk errepasatu nituen, badaezpada", gogoratu du.

Aukeratuko duen plazari dagokionez, Immunologiak erakartzen duela azaldu du. "Hala eta guztiz ere, hemen ez dago lau espezialitateetako plaza bat era, eta gertuen dagoena Nafarroa edo Santander da; Madrilez edo Bartzelonaz gain. Beraz, ikusiko dugu".

Adrián Fierro. Fisika.

BAEFEko deialdia.
Postua: 217tik 14a.
Eskainitako plazak: 40.

"Iazko uztailean GRaLa entregatu eta berehala hasi nintzen ikasten", gogoratu du Adrianek.

"Lehenengo hilabeteetan goizetan ikasten nuen, bizpahiru orduz, astean bost egunez, baina urtarriletik aurrera, azterketa gertu zegoela konturatu nintzen, eta egunero bost ordura igo nintzen", azaldu du fisikari gazte honek.

"Ez nuen urduritasunik sumatu azterketara sartzeko ilaran egon arte".

Une batzuetan zalantzan jarri zuen "ikasgai guztiak ikasteko eta errepasatzeko denbora izango zuen, eta horrek zailago egiten zuen egunero ikasteari ekitea", aitortu du.

Eta horrela iritsi zen azterketa aurreko eguna: "Berandu oheratu nintzen eta ahalik eta lo gehien egiten saiatu nintzen, azterketa hasi arteko itxaronaldia laburra izan zedin -gogoratu du-. Baina, egia esan -jarraitzen du- ez nuen urduritasunik sumatu azterketara sartzeko ilaran egon arte".

Adriani gustatuko litzaioke "Barakaldon bizi izan naizen lekutik gertu lana aurkitzea"; beraz, plaza bat bilatuko du inguruko zentroren batean. Eta, geratu den postuagatik, ez dirudi arazo handirik izango duenik hori lortzeko.

Hilabete gutxi barru, Elena, Laura, Malen, Imanol, Saioa, Martin eta Adriánek espezialitatea eta bizilekua aukeratuko dute. Bien bitartean, merezitako atsedena izango dute. Zorionak seioi, eta baita proba gainditu duten EHUalumni guztiei!.