euskaraespañol

Image of the day

Garapen Jasangarrirako Helburuei UPV/EHUk egindako ekarpen zientifikoa gorantz doa

2020an, UPV/EHUko 429 artikulu lerrokatu dira GJHekin, 2017an baino % 75 gehiago

  • Research

First publication date: 29/04/2021

UPV/EHUk egindako ekarpen zientifikoa gorantz doa
Egilea: Fernando Casabella / ThisIsEngineering

2017an, EHUagenda 2030 garapen iraunkorrari ekin lantzen hasi zen Euskal Herriko Unibertsitatea, eta, horrekin batera, lan aitzindari bat jarri zuen martxan: aztertzea gure unibertsitateko ekoizpen zientifikoak zer ekarpen egiten dien 2030 Agendako Garapen Jasangarrirako Helburuei (GJH). 2020ko azterketa amaituta, emaitzek erakusten dute GJHei lotutako artikulu zientifikoen kopurua % 75 hazi dela lau urtean.

UPV/EHUren ekimen aitzindaria izan zen UPV/EHUk GJHei egindako ekarpen zientifikoaren azterketa. Helburu bikoitzarekin jarri zen abian. Alde batetik, gaiarekin lotuta jarduten duten ikertzaileak jakitun izatea GJHei egiten dieten ekarpenaz eta haien lana aitortzea, eta, bestetik, lankidetzan dihardugun eragileei (ikerketa-zentroak, enpresak, gizarte-mugimenduak edo GGKEak) ezagutaraztea EHUagenda 2030eko GJH bakoitzaren inguruan zer ikerketa-ekosistema sortu den. Lan horrek hirugarren eragin bat izan du; izan ere, beste unibertsitate batzuek eta Nazio Batuetako Sustainable Development Solutions Network (SDSN) nazioarteko sareak metodologiaz interesatu dira.

Kontaketa egiteko, Web of Science (WOS) eta SCOPUS datu-baseetan (zientziaren munduan gehien ezagutzen diren bi datu-baseetan) indexatutako aldizkarietan argitaratutako zientzia-artikuluak erauzi dira, eta ikerketa-taldeek aurrez ezarritako helburu bakoitzari egiten dioten ekarpena tasatu da (NBEk ezarritako 17 GJHetatik 12 hartzen ditu aintzat EHUagendak, bai eta UPV/EHUk berak hautatutako 18. helburu bat ere, hizkuntza- eta kultura-aniztasunarekin lotutakoa). 2020an, 426 artikulu argitaratu ziren, hau da, 2019an baino % 23 gehiago, eta 2017an baino % 75 gehiago. Hau da, goranzko joera finkatzen ari da. Guztira, 2017-2020 aldian, 1.264 artikulu argitaratu dira.

Zergatik gertatu da igoera hori? “Nire ikuspuntutik, gure ikertzaileek gero eta interes handiagoa dute XXI. mendeko erronka handiei erantzuteko: pertsona guztien osasuna eta ongizatea, neutraltasun klimatikoa, hiri eta komunitate jasangarriak, eta desberdinkeriak murriztea, besteak beste. Gainera, GJHak Europako eta estatuko ikerketa-deialdien erdigunean daude, besteak beste. Jakin badakigu nazioarteko ibilbide-orri honen helburuekin lerrokatzen ez bagara, lehiakortasuna galtzen dugula”, azaldu du Iraunkortasun eta Gizarte Konpromisoko zuzendari Estibaliz Sáez de Cámara Oleagak.

Beste unibertsitate batzuek eta NBEk interesa agertu dute ekimen aitzindari horrekiko

Zehazkiago, zientzia-ekoizpena helburu hauetan izan da ugariena: 3. GJHa (osasuna eta ongizatea), 7. GJHa (energia eskuragarria eta ez-kutsatzailea) eta 13. GJHa (klimaren aldeko ekintza). Helburu horiek bat datoz, neurri handi batean, Europako Batzordeak 2030ean Europa Jasangarria lortzeko ezarritako ildo estrategikoekin, baina baita bizi dugun pandemia-egoera honetan komunitate zientifikoak eta gizarteak dituen kezka nagusiekin ere, oro har.

Badira bi eremu zeinetan 2019tik 2020ra ia bikoiztu egin baita jakintza sortzeko ahalegina: klima-aldaketaren arloko argitalpenak 38 izatetik 62 izatera igaro da, eta ekoizpen eta kontsumo arduratsuetan, 23tik 44ra.

Apalagoa da GJH ‘sozialenetan’ egiten den ekarpena, hala nola 7. GJHan (lan duina eta hazkunde ekonomikoa) edo 10. GJHan (desberdinkeriak murriztea) egindakoa. “Horrek ez du esan nahi arlo horietan ekarpen txikiagoa egin denik; aitzitik, argitalpen horiek WoS eta SCOPUS datu-baseetan urriagoak direlako eta, beraz, neurtzeko zailagoak direlako gertatzen da hori”, erantsi du Sáez de Cámarak.

“Datu horiek agerian uzten dute, beste behin ere, UPV/EHUko zientzialariek eta ikertzaileek konpromiso sendoa dutela pertsonen, gizarteen eta planetaren bizitza eta ongizatea arriskuan jartzen duten arazoei irtenbideak bilatzeko. Mundua ulertzea eta pertsonen eta naturaren sufrimendua murriztuko duten gizarte-bizimoduak bilatzea da erronka, eta ez diogu inola ere uko egingo”, adierazi du Zientzia eta Gizarte Garapenaren eta Transferentziaren arloko errektoreorde Guillermo Quindós Andrések.

GJH 2017 2018 2019 2020 Guztira GJH bakoitzeko
3- Osasuna eta ongizatea 29 33 80 81 223
4- Kalitatezko hezkuntza 21 27 23 37 108
5- Genero-berdintasuna 16 12 11 19 58
7- Energia eskuragarria eta ez-kutsatzailea 37 48 59 73 217
8- Lan duina eta hazkunde ekonomikoa 5 8 9 7 29
9- Industria, berrikuntza eta azpiegiturak 12 14 13 9 48
10- Desberdinkeriak murriztea 6 8 12 10 36
11- Hiri eta komunitate jasangarriak 8 5 15 22 50
12- Ekoizpen eta kontsumo arduratsuak 15 15 23 44 97
13- Klimaren aldeko ekintza 49 32 38 62 181
16- Bakea, justizia eta erakunde sendoak 12 8 28 31 79
17- Itunak 6 4 4 4 18
17+1- Hizkuntza- eta kultura-aniztasuna 26 36 31 27 120
Guztira, urteko 242 250 346 426 1.264