euskaraespañol

Lazunak itxian hazteko sistema jasangarria garatu da

Plentziako Itsas Estazioak arrain horien dastaketa bat hartu du, gizakien kontsumorako espezie bezala prestigioa emateko

  • News

First publication date: 11/06/2021

Image
Lazun dastaketa Plenziako Itsas Estazioan. Argazkia: Tere Ormazabal. UPV/EHU.

Akuikultura, uretako espezieak hazteko ekintzen, tekniken eta ezagutzen multzoa, etorkizuneko ildo bat da Euskadin jarduera ekonomiko eta enplegu berria sortzeko. Sektore horretan garapen teknologikoa, berrikuntza eta lehiakortasuna sustatzeko asmoz, azken 3 urte eta erdian UPV/EHUko BCTA (Biologia Zelularra Animalien Toxikologian taldea) eta IBeA (Ikerketa eta Berrikuntza Analitikoa) taldeetako ikertzaileek Akura proiektuan lan egin dute Gaiker, Kardala eta Ikaslan erakundeetako kideekin batera, lazunak gatibu hazteko sistema iraunkorra garatzeko plan batean.

Plentziako Itsas Estazioak arrain horien dastatze bat hartu du, gizakien kontsumorako espezie bezala prestigio emateko-espezietzat har daitezen. Andoni Txintxilla gipuzkoako sukaldariak prestatu ditu, aditu talde batek proba ditzan.

"Hasiera batean lupiekin lan egitea planteatu zen proiektuan, baina baztertu egin zen, akuikulturan aski ikertua den espeziea delako. Apustua lazunarekin egin zen, akuikulturako laborantzetan ia tradiziorik ez duen espeziea delako eta oso gutxi ezagutzen zelako ohiturei eta ugalketa-zikloei dagokienez. Izan ere, proiektu hau finantzatzen duten Europako Itsas eta Arrantza Funtsek (FEMP) espezie berriak aztertzea lehenesten du akuikulturako sistemetan hazteko ", azaldu du Alberto de Diegok, UPV/EHUko IBeA taldeko ikertzaileak.

Arrain urdina

Herri-iruditerian lazunak oso fama txarreko arrainak badira ere, portuetako gune zikinetan elikatzeko duten joera dela eta, mugilidoen familiakoak dira, Euskal Herriko kostaldeko ur epeletan bizi direnak. Gainera, egin dituzten analisien arabera, gantz asko dute muskuluan, arrain urdinaren ezaugarria dena. Izan ere, haragiaren "kalitate nutrizionala oso altua" dela baieztatu ahal izan dute.

"Gatibu ditugun lazunak giza kontsumorako produktu osasungarria eta erakargarria izatea nahi dugu. Horretarako, mikroalgen ekarpen handiarekin elikatzen ditugu, omega-3 motako gantz-azido poliasegabetuen portzentaje handi batekin ", adierazi du Alberto de Diegok.

"Akura proiektuaren helburu nagusia mugilidoak hazteko eta gizentzeko prozesu iraunkor baten bideragarritasun teknikoa finkatzea da, hazitako piezetan kilogramo bateko pisua lortu arte. Halaber, gizentze-prozesuan zehar tamaina txikiagoko azpiloteak ateratzea planteatzen da, analisi sentsorialaren bidez haien kalitatea ebaluatzeko eta produktuaren onarpen-azterketak egiteko ", azaldu du.

Helburu nagusi horrez gain, sustatzaileentzat garrantzi berezia duten beste bi helburu ere badaude. Bat espezie horren ugalketarekin eta ziklo biologikoaren itxierarekin erlazionatuta dago. Mugarri hori partzialki lortu da errunaldi kontrolatu bat lortu , hilkortasun-tasa oso txikia duten kumeak lortuz eta gizenduz. "Prozesua estandarizatzeko beharrak, ordea, baldintza optimoak zehaztea eskatzen du, gatibutan errunaldiak une egokian eta nahi den maiztasunarekin  errepikatzeko".

Beste helburua da espezie horretarako pentsu egokiak garatzea; izan ere, gaur egun, espezie berria denez, merkatuan ez dago berarentzako berariazko pentsurik. Horretarako, pentsuaren baitan Omega-3 motako gantz-azido poliasegabetuetan aberatsak diren mikroalgak sartu nahi dira.