euskaraespañol

Gizakien hezurren post mortem tartea zehaztu dute, teknika ez-suntsitzaileen bidez

UPV/EHUk eredu erabilgarri eta anitz bat garatu du pertsona bat hiltzen denetik igarotako denbora ezartzeko

  • Research

First publication date: 27/01/2022

Image
Luis Bartolome (ezkerrean) eta Alfredo Sarmiento (eskuinean) ikerlariak. ARGAZKIA: Jorge Navarro. UPV/EHU

UPV/EHUren ikerketa batek gizakien hezur-hondarren post mortem tartea zehaztu du lehenengo aldiz lagin errealetan, bi tresna analitiko ez-suntsitzaileren konbinazioari esker: Raman espektroskopia eta kimiometria. Horrek datazioetarako bide berriak irekitzen ditu auzitegiko medikuntzaren eta antropologiaren arloan.

Gizakien hezur-hondarrak aurkitzen direnean post mortem tartea (PMI) objektiboki zehazteko eskari handia dago auzitegi-analisiaren arloan. Orain arte teknika ugari erabili dira pertsona bat hil denetik zenbat denbora igaro den gutxi gorabehera zehazteko, baina teknika horiek eragozpen handiak dituzte fidagarritasunari eta zehaztasunari dagokienez: alde batetik, gutxi gorabeherako tarte bat eskaintzen dute, baina ez data zehatz bat; bestalde, teknika nahiko inbaditzaileak dira, eta tindaketa bat egin edo hezurraren zati bat atera behar izaten da sarri.

Luis Bartolomé UPV/EHUko SGIker Analisien Zerbitzu Nagusiko teknikaria buru izan duen ikerketaren helburua izan da, hain zuzen ere, pertsona bat hil denetik zenbat denbora igaro den zehaztasunez jakiteko gai den metodo bat proposatzea, neurketa ez-suntsitzaileak erabiliz.

Horretarako, Granadako Unibertsitateko Medikuntza Legal, Toxikologia eta Antropologia Fisikoa sailak emandako 53 hezur-hondar errealen bilduma aztertu dute. Izan ere, “hezur horien post mortem tartea ezagutzen dugu. Lagin errealak lehen aldiz erabiliz, eredu bat eraiki eta baliozkotu dugu bi tresna ez-suntsitzaileren konbinaziotik abiatuta: Raman espektroskopia eta kimiometria”, azaldu du lanaren egileak.

Raman espektroek laginaren ia osagai guztien informazio fisikokimikoa dute; hala ere, laginaren konplexutasuna dela eta, gehienetan ezinezkoa da osagai horien guztien informazio guztia bereiztea. Bestalde, kimiometria gai da espektroetatik informazio interesgarria erauzteko metodo matematikoen eta estatistikoen bidez.

“Bi teknikak konbinatuz, aztertu dugun hezur-hondar bakoitzaren Raman espektroa post mortem tarte bati lotuta dagoen eredu bat eraiki ahal izan dugu”, esan du. Espektroa denbora-tarte batekin lotzea ez da lan erraza, eta, horretarako, eredu estatistikoak eta logaritmoak erabili ditugu, espektro bakoitza denborarekin lotzeko. “Hala, hil denetik igaro den denbora ezagutzen ez duten giza hezurren hondarrak iristen zaizkigunean, interpolazio bat egiten dugu datu horiek baliozkotutako ereduan sartuz, post mortem tarte zehatz bat lortzeko”, azaldu du Luis Bartolomé-k. “Garatutako ereduan erregistratutako datuek informazio baliotsua eta potentzialki erabilgarria eta aldakorra ematen dute”, azpimarratu du.

UPV/EHUko ikertzailearen arabera, “bi tekniken konbinazioa lorpen garrantzitsua da auzitegiko medikuntzaren eta antropologiaren alorrean. Hala ere, beti dago hobetzeko esparru bat; izan ere, eredu horiek zenbat eta lagin gehiago eta askotarikoagoak izan, orduan eta hobeto funtzionatzen dute; ereduak heterogeneotasun handiagoa du, eta kasu gehiagori erantzuten dio”.

Bibliographic reference