euskaraespañol

Eider Rodriguez Martin

Maitatzen irakastea

Hizkuntzaren eta Literaturaren Didaktika Saileko irakaslea. “Bihotz handiegia” eta “Santa Familia”ren egilea (Euskadi Sariak 2018)

  • Cathedra

First publication date: 12/11/2018

Image
Eider Rodriguez Martin. Foto: Nagore Iraola. UPV/EHU
Este artículo se publica en el idioma en el que originalmente se ha escrito.

Irail oro berdin izaten da: igandeko arropak erantzi eta ikasturte berriari ekin. Baina irail oro ez da berdin izaten, parean pertsonak ditugunean beti delako diferente. Mariasun Landak gaztigatu ninduen behin saileko korridorean, irakasle lanetan hasi berritan ni, irakasle lanak uztekotan bera, horrelako zerbait esanez: ikasle multzo bakoitzak forma ezberdin bat hartzen du. Indibiduo batuketa hutsetik haratago, taldea osatzen dute, eta urtero da ezberdina: artaldea, erlauntza, behi multzoa, suge habia, oilategia, hegazti migratzaile saldoa, txingurritegia, otso katea, zoriona edo nekea eragiten duen mikroorganismoa, argi-unerik gabeko baso trinkoa, eskolako patioa, loratzen ari den gereziondoa, etxe-orratz sobietarra.... Irail oro beraz, ekosistema horretan nire lekua bilatzen dut, ez izerdi gutxirekin, literatura den tresna prekario hau tresna guztiz ahalguztiduna dela demostratu nahian. Areago, haurren irakasle izango diren horiei sinetsarazi nahi diet literatura gabe galduta daudela, haurrak, zein etorkizuneko helduak, oraingo ikasleak zein etorkizuneko irakasleak. Ez da misio makala, batez ere denok dakigunean, ez dela egia, edo okerragoa dena: denok dakigunean, pixka bat egia izan arren, ez diola inporta, aspaldi gaudela galduta eta galbide horretan ahalik eta hotz gutxien eta zorion gehien izatea dela kontua. Baina lerro-artea ezagutuagatik, inork ez du deus aipatzen, eta espanturik gabe ekin ohi diogu, gezur handi edo egia txiki hau atmosferan, geroz eta higatuago dagoen trajearekin, baina misioa bete behar dela sinetsita dagoen astronautaren konbentzimenduarekin.

Irakats al daiteke literatura maitatzen? Edo sinpleago galdetuta: irakats al daiteke maitatzen? Bide ezberdinetatik irits gaitezke norbait edo zerbait maitatzera: maiz, gutxi dauka haututik, eta norbait edo zerbait aldamenean edukitze hutsak eramango gaitu puskatu ezinezko loturak ezartzera, oso ongi jakin gabe zergatik; beste batzuetan, gutxitan, elkar ulertze eta enpatia prozesuen ondorioz bilakatuko dira batzuk gure maitasun objektu; eta askoz gutxiagotan, maitasunera maitemin itsutik iritsiko gara.

Literatura maitatzera iristeko bideak ez dira diferenteak, baina kurioski, edo ez hain kurioski, irailean aurrean izaten dudan sardina saldo, lore sorta edota harri multzo horretatik oso gutxi dira literatura maitatzera iritsi diren aleak, eta hortik ondoriozta daiteke, edo ez dutela literatura aldamenean izan, edo ez dutela literatura ulertzen edota ez direla literaturarekin maitemindu. Maiteminaren baldintza aparte utzita, zeinak norberaren askatasunarekin, esoterismoarekin eta astroen lerrokatzearekin daukan zerikusia, beste bi baldintzak bete ez izanaren atzean gordetzen denari dramatikoa deritzot, zertarako uka, gezur handia/egia txikia zurkaizten duena sistema oso bat denez, hezkuntza den bere beso armatutik hasita. Izan ere, behin baino gehiagotan gertatu zait aurrean dauzkadan eta ikasturte horren amaieran irakasle izango diren berrogei lagunetatik bakar bati ere ez gustatzea ez literatura, ezta irakurtzea ere. Nondik sartu baso trinko edo eraikin sobietar horretara? Nola eragin mikroorganismo horretan? Irakats al daiteke literatura maitatzen literatura maitatu gabe?, galdetzen diet. Eta orduan, bai, kolpetik, behi multzo bilakatzen da baita suge habia ere.

Asko kostata jabetu naiz desiratzea ez dela nahikoa. Eta asko kostata jabetu naiz, baita ere, irakastea baino eraginkorragoa izan daitekeela erakustea. Eta horrela abiatzen gara, literatura erakutsiz, apal-apal baina uztarria jarrita, horretarako dugun ordu kopuru eskasean osagai apur batzuk eta konfiantza ipiniaz, bizkotxoa egos dadin ezin dugula etengabe atea irekitzen eta ixten jardun jakinda.

Sarritan, brokante bateko saltzaile sentitzen naiz, duintasunaren eta patetismoaren arteko lerro dardaratian, inoiz inorentzat esanahia izan zuten itsas karakola, brontzezko aldaba eta aulki herrenak tokiz eta denboraz kanpo saltzen, poetak esan zuen eran, diamanteen gisa landutako liburuak lukainken pare eskaintzen. Eta batzuetan, ikusle multzoa sakabanatu eta esku batzuk inguratzen dira, objektu horiek haien etxe eta bizitzetan ere zentzua izan dezaketela sentituz, areago, objektu horiek besteren etxe eta bizitzetan balioa izan dezaketela sinetsita. Horrelakoetan, haien aurpegien ikuskizunari begira gelditzen naiz, hunkidura ezkutatuz, nola tinkotzen edo lasaitzen zaizkien giharrak, nola betetzen edo argiztatzen begiak, nola larritzen edo zabaltzen betozkoa ipuin, olerki edo albumek esaten dietena deszifratu ahala. Zorte pixka batekin denbora eta leku berrietara eramango dituzte, maitatzeko gogoz eta maitatzen irakasteko helburuz.

Eta orduan bai, misio hau burutu izanaren sentipenarekin irteten naiz, Egia oraindik ere borrokatu daitekeen zerbait dela sinetsita, duen tamaina gorabehera.