euskaraespañol

Malkoek erraztu egiten dute gizarteko talde babesgabeetako pertsonenganako erantzuna

Eduki emozionalek etorkinekiko enpatia eta elkartasuna nola sustatzen duten aztertu du Kultura, Kognizioa eta Emozioa taldeak

  • Research

First publication date: 03/08/2022

Image
Magdalena Bobowik eta Nekane Basabe kolaboratzaile eta ikerketa-taldeko kide batzuekin (UPV/EHU).

UPV/EHUko Gizarte Psikologia Saileko ikertzaile batzuek egindako ikerketa baten arabera, negarrez ageri diren immigranteen irudiak erakustean, jendeak adeitsuago ikusten ditu etorkinak, enpatia handiagoa sentitzen du, eta laguntza eskaintzeko eta GKE bati dohaintza bat egiteko prestasun handiagoa du. 

Egoera ahulean dauden taldeen artean, etorkinak interes-talde garrantzitsua dira mundu osoan. NBEren arabera, 2021ean, 280,6 milioi migratzaile zeuden mundu osoan. Migrazio-joerak gero eta handiagoak diren arren eta denak dibertsitate etniko handiko inguruneetan bizi garen arren, mendebaldeko herrialdeen mugetara iristen diren etorkinak emozio negatiboak sentitzen eta adierazten dituzten pertsona gisa irudikatzen dira komunikabideetan (desesperaziotik eta tristuratik hasita haserre eta beldurreraino). Nahiz eta negarrez ageri diren etorkinen irudiak ugari diren komunikabideetan, ezer gutxi dakigu beste gizatalde batzuetako kideek (gizarte-egoera ahulean daudenak barne, hala nola immigranteak) isuritako malko emozionalek sorrarazten dituzten erreakzioei buruz. 

UPV/EHUko Kultura, Kognizioa eta Emozioa taldeko ikertzaileek egindako ikerketa batean aztertu dute ea malko emozionalek elkartasuna piztu dezaketen (laguntza emozionala eta instrumentala eskaintzea barne) beste talde batzuetako pertsonekiko, hala nola etorkinekiko edo asilo-eskatzaileekiko. “Jendeak lagundu egin nahi izaten die negar egiten dutenei, baina harrera-gizarteko pertsonek prestasun handiagoa daukate etorkinei laguntzeko negarrez ageri diren irudiak ikusten dituztenean?”, galdetu du Magdalena Bobowik doktoreak —KKE taldeko kidea zen ikerketa egin zenean, eta, gaur egun, taldearen kanpo-kolaboratzailea da—. Kulturartekotasunaren testuinguruan emozio-malkoek izan ditzaketen ondorio sozialen inguruan egindako lehen azterketa da; “lehenengo ikerketa da erakusten duena halako emozio-seinaleek aldatu egin ditzaketela harrera-gizarteak pertsona migratzaileekiko dituen erantzunak”, gehitu du. 

Hala, hiru esperimentu egin zituzten, 546 heldurekin, zeinetan aurpegiera emozionalen irudi estandarizatuak erabili baitzituzten. “Malkorik gabeko aurpegierekin alderatuta (hau da, neutroak eta tristeak), behatzaileek amultsuago ikusi zuten etorkina, baina ez gaitasun gutxiagokoa. Gupida handiagoa ere sentitu zuten (baina ez ondoeza), eta prestasun handiagoa adierazi zuten etorkinei laguntza emozionala eskaintzeko (hau da, harengana hurbildu eta kontsolatzeko) eta laguntza instrumentala eskaintzeko (hau da, etorkinei laguntzen dien erakunde bati dirua emateko, baina ez  beren denbora eskaintzeko)”, adierazi du Bobowikek. 

“Frogatu dugu malkoak afiliazio-seinale unibertsalak direla, goxotasuna transmititzen dutela, errukia pizten duela (baina baita haserrea ere), eta handitu egiten dituela beharra duen etorkin bati kontsolamendu emozionala eta diru-dohaintza bidezko laguntza instrumentala eskaintzeko asmoak —azaldu du Nekane Basabe UPV/EHUko Gizarte Psikologiako katedradunak—. Malkoak isurtzen dituzten etorkinen argazkiek norbere giza taldeko kideenek eragiten dituzten antzeko erantzunak aktibatzen dituzte”. 

Ikus-entzunezko edukiek badute eragina erantzun sozialetan 

Basaberen iritziz, “talde babesgabeetako pertsonen arteko hitzik gabeko komunikazioak, baita emozioen adierazpenak ere, zer ondorio dituen ulertzea bereziki garrantzitsua izan daiteke diskriminazioa eta aurreiritziak saihesteko”. 

"Ikerketa hau —Bobowiken iritziz— abiapuntu bat da ulertzeko ikus-entzunezko eduki emozionalen eraginpean egoteak nola eragiten duen gutxiengo etnikoetako eta beste gizarte-gutxiengo batzuetako pertsonak ikusteko eta haiei erantzuteko dugun moduan. Espero dut gure ikerketak hausnarketa sustatzea komunikabideek dituzten aukerei buruz; izan ere, komunikabideek hauta dezakete zer aurpegiera edo emoziorekin aurkeztu talde minoritarioetako pertsonak eta irudi horiek erantzun sozial jakinetara eramaten gaituzte”. 

Informazio osagarria 

Ikerketa hori Utrechteko Unibertsitatearekin (Herbehereak), Jagiellonian Universityrekin (Polonia) eta New School of Social Research-ekin (AEB) lankidetzan egin da. 

Bibliographic reference