euskaraespañol

Mar Mendibe UPV/EHUko irakasle eta neurologoa, ehun medikurik onenen artean Forbesen arabera

“Esklerosi anizkoitza ez da gurpil aulkiaren sinonimo”, dio aipatu gaixotasuna Gurutzetako Unibertsitate Ospitalean ikertzen duen doktoreak

  • News

First publication date: 26/12/2018

Image
Mar Mendibek Neurozientziak irakasten ditu UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultatean

Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko Medikuntzan eta Kirurgian doktore den Mar Mendibe Bilbao Espainiako ehun medikurik onenen zerrendan sartu du aipatuaren egile den Forbes aldizkariak. Mendibek irakaskuntza, ikerkuntza eta praktika klinikoko lanak egiten ditu eta Esklerosi Anizkoitza gaixotasunean eta eritasun neuroimmunologikoetan aditua da. “18 urte daramatzat laguntza klinikoan lanean eta neuroendekapenezko gaixotasunen arloan egon den aldaketarik garrantzitsuenetako baten lekuko izan gara”.

Mar Mendibek Neurozientziak irakasten ditu UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultatean eta irakasle izateaz gain, neurologo klinikoa da ere eta Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko Esklerosi Anizkoitzeko Unitatearen buru da. Biocruces Bizkaia Institutuko Neuroimmunologia taldeko buru da ere. Urtarrilean, Sociedad Española de Neurología elkarteko batzordekide aukeratua izan zen beste behin.

“Sorpresa bat izan da; ez nuen espero Forbesen zerrendan sartutako 16 emakumezko medikuetako bat izatea. Txio bati esker jakin izan nuen eta ilusio handiz jaso dut; halere, nire lankidetako askok ere zerrenda horretan egotea merezi dutela uste dut”. Horiek izan dira Mar Mendiberen hitzak, Forbesen zerrendaren barruan egoteari dagokionez.

Neurologoak, Gurutzetako Unibertsitate Ospitalean ematen ditu bere eskolak. UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko laugarren eta seigarren mailetako ikasleak hezten ditu. “Asko inplikatzen diren ikasleak dira; gaixotasunak inpaktu handia du berengan, 20 eta 40 urte bitarteko gazteak tratatzen baititugu. Ondorioz, gradu amaierako lana Esklerosi Anizkoitzaren inguruan egiten dute askotan”.

Aurrerapen klinikoak

Egindakoa aztertzerakoan, “lanari dagokionez oso urte gogorra izan da, baina baita oparoa ere”, adierazi du Mar Mendibek. Mendibek 18 urte daramatza laguntza klinikoan eta hoberako jazi kualitatibo handi baten lekuko izan da, Esklerosi Anizkoitzaren pronostikoei zein bilakaerari dagokienez. “Sendagai mordoa dugu azken hogei urteotan egindako ikerketaren ondorioz eta, horrenbestez, egoera zeharo aldatu da gaixotasunaren pronostikoei eta jarraipenari dagokienez; egun, Esklerosi Anizkoitza ez dago gurpil aulkiari lotua”.

Gaixotasun autoimmuneak bi bilakaera mota ditu: agerralditan eta progresiboa. Kasu guztiek ez dute aldaera progresiboan bukatzen. “Agerraldi bat izan eta beren alde lan egiten duten sendagai ugarien ondorioz egoera horretan geldirik geratzen diren pertsona asko daude. Eta, une honetan, gure ikerketen xedea da Esklerosi Anizkoitzaren aldaera progresiboa tratatzeko moduak aztertzea. Lehen emaitza xume baino positibo batzuk lortu ditugu”, aipatu du ikertzaileak.

Mar Mendibek zuzentzen duen taldeak bi ikerketa ildo lantzen ditu: sendagaiak, proba klinikoetan; eta, Instituto Achúcarro erakundearekin batera, biomarkatzaileak, gaixotasunaren pronostikoa aurreratzea ahalbidetzen duten substantziak. Horrez gain, azken 31 urtetan pazienteek agertu duten bilakaera ‘Corte de Pacientes de Esclerosis Múltiple de Bizkaia’ izeneko txostenean jaso da. Ikerketa horiei esker, pazienteen profila asko aldatu da azken hiru hamarkadetan "eta aldaketa hori -dio Mendibek- osasun sistemako beste profesional batzuek ere nabaritu dute, Fisioterapiaren, oftalmologiaren, psikiatriaren edo familia medikuntzaren arloan lan egiten dutenek esaterako”.

Egun, errazagoa da gaixotasuna tratatzea goiz diagnostiko goiztiarrari esker; eta kaltetutako pertsonek, gehienbat, ahalik eta bizitzarik normalena izateko aukera dute. “Gizarte eta familia mailan duen inpaktua handia da. Iragan eta geroaren arteko mugarria da pertsonen bizitzan, baina badago bizitza aktibo bat izaterik. Hori da gure gomendioa eta egingarria dela ikusten dugu egunetik egunera", azaldu du doktore, ikertzaile eta irakasle Mar Mendibek.