euskaraespañol

Marketin Masterraren sarien V. edizioan Euskadiko marketin-ekintzarik onenak errekonozitu dituzte

Marketineko estrategien bitartez errentagarriagoak eta lehiakorragoak izateko Euskadiko enpresek egiten duten lana saritzen du bi urtez behingo ekitaldi horrek

  • News

First publication date: 17/11/2021

Image
Euskadiko marketin-ekintzarik onenak errekonozitu dituzte. Argazkia: UPV/EHU.

Euskal Herriko Unibertsitateko Sarrikoko Ekonomia eta Enpresa Fakultateko Areto Nagusia galaz jantzi zen ostiralean Euskadiko enpresek azken bi urteetan egindako marketin ekintza nagusiak errekonozitzeko.

Denbora tarte horretan egoera ezohikoa izan da osasun alerta dela eta. Horrek eragina izan du ezinbestean sarietara aurkeztu dituzten lanetako askotan: komunikazio eta salmenta estrategiek egokitzen zuten produktuen eta zerbitzuen merkaturatzea pandemiaren ondorioz ezarritako mugetara eta murrizketetara.

Guztira 51 hautagaitza jaso dituzte askotariko mota, sektore eta neurritako enpresatakoak (mikroETEak zein multinazionalak). Marketinaren eta komunikazioaren alorrean eskarmentu eta prestakuntza handia duten bederatzi lagunek osatutako epaimahaiak erabaki du hamaika sari, hiru accesit eta aintzatespen bat ematea. Oreka aurkitzen saiatu da, gainera, aurrekontu handiko eta txikiko ekintzak saritzeko.

Zehazki, honako hauek izan dira sarituak: Aidearte, Furoshirirentzat egindako bilgarriagatik; Ekhi, itxialdian La Salve garagardoak banatzeko estrategiagatik; Orbea, Hiru marka berriaren diseinuagatik; Zorraquino, EITBren aplikazio berriaren diseinuagatik; Neinor, higiezinen promozioak saltzeko hainbat kanpaina grafikorengatik; Dimensión, Laboral Kutxarentzat sortu dituen 360º-ko ekintzengatik; Ausolan, “17 mujeres” izeneko barne marketineko ekintzagatik; Ismark, Duplostockentzat sortutako marketin industrialeko kanpainen bitartez eskuratutako emaitza interesgarriengatik; Sirope, txikien artean birziklajea sustatzeko Ecoembesek agindutako kanpainagatik; Aloha Poké, elikadura osasungarriko jatetxe horiek promozionatzeko gauzatutako kontzeptualizazioagatik eta marketineko ekintzengatik; eta Osito & Co, baliabide ekonomiko urriekin produktua garatzeko eta komunikazioaren aldetik nabarmentzeko gaitasunagatik.

Gainera, hiru accesit eman dituzte: lehena, Avocado agentziari, Fundamental English akademiaren markaren diseinuagatik; bigarrena, Artemani, Arantzazu Labentzat egindako lanengatik; eta hirugarrena, Nafarroako Turismoari, “Navarra es un privilegio / Nafarroan hamaika aukera” kanpainagatik –autonomia erkidego barruko turismoa sustatzea zuen helburu, autonomien arteko mugikortasuna galarazita zegoenean–.

Azkenik, GlobalSound enpresa errekonozitu dute, Euskadin audiobrandingean soluzio berritzaileak aplikatzen aitzindaria delako.

Marketin Masterraren Sariei buruz (PesMes)

PesMes izenez ezagutzen diren sariak 2014an sortu zituzten,  Marketing Alumnik, UPV/EHUren Marketin eta Merkataritza Zuzendaritza Masterrak eta Enpresari Aplikaturiko Ekonomiaren Institutuak sustatuta, irabazi asmorik gabeko eta jarraitzeko bokazioa duen ekimen gisa.

PesMes sarien helburua profesionalek, markek, enpresek eta mota eta tamaina guztietako beste erakunde batzuek marketinaren alorrean egiten duten lana aitortzea, bultzatzea eta jendaurrean zabaltzea da, zentzurik zabalenean. Horrekin, gainera, marketinak merkatuan lehiakortasuna eta arrakasta sortzeko eta handitzeko duen garrantzia nabarmendu nahi da, bai eta euskal enpresen eta profesionalen arteko esperientzia trukea sustatu ere, networkingerako eta balioa elkarrekin sortzeko gune egokia sortuz.

Sariak –biurtekoak bigarren edizioaz geroztik– Euskal Autonomia Erkidegoan egoitza edo ordezkaritza duen edozein profesional, erakunde, enpresa eta negoziori zuzenduta daude, bai eta Marketineko eta Merkataritza Zuzendaritzako Masterretako, MBA Executiveko eta MBAe3ko ikasleei ere (izandakoak edo egungoak), baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoan kokatuta ez dauden enpresetan lan egiten badute eta sarietan aurkeztutako ekintza edo proiektuen formulazioan eta garapenean parte-hartze nabarmena izan badute.

Aurreko edizioetako informazio gehiago eta argazkiak.