euskaraespañol

Arte Ederren Fakultateko ikasleen lanak Bilbao Art District ekimenean

Bilboko hainbat leku erabiliko dituzte artea eta sorkuntza ulertzeko modu ezberdinak agertzeko

  • Report

First publication date: 13/05/2016

Image
'Spartakusbund' interbentzioa Deustuko Zubian

Ostiral eta larunbatean, maiatzak 13 eta 14, UPV/EHUko Arte Ederren Fakultateko ikasleek era aktiboan parte hartuko dute Bilbao Art District ekimenaren edizio berri batean. Sei izango dira ikasle hauek egingo dituzten interbentzio artistikoak. Deustuko zubiko etxetxoa, Abandoibarran dagoen Bizkaia Aretoa eta Bilboko hainbat kale, beste batzuen artean, erakusleiho moduan erabiliko dira artea eta sorkuntza ulertzeko modu ezberdinak agertzeko.

Bilbao Art District ekimen publiko-pribatua da eta asmoa Bilboko arte bisualen sektorearen balioa azpimarratzea da, hiria agente eta arte-disziplina ezberdinen topaleku bihurtuz eta artea hiritarrengana hurbilduz. Arte Ederren Fakultateko parte-hartzea posible izan da Bizkaiko Campuseko EHUKultura, Bilbao Ekintza, Bilboko Udala, Bilboko Itsasadarra Itsas Museoa eta Aurtenetxea enpresari esker.

Nora Sarasola Bilbao Ekintzako zuzendari orokorrak azaldu duenez, "Bilbao Art District-en helburua Bilboko artearen agenteek elkarrekin lan egitea da". Modu honetan, "balio-kate bat eratzen da eta enplegua eta jarduera ekonomikoa sustatzen dituen sektore ekonomiko moduan kokatzen da artea", gehitu du.

Arantza Lauzirika UPV/EHUko Arte Ederren Fakultateko dekanoaren esanetan, bere ikastegian "hiria hartzen da erreferente gisa eta hiriaren eraketan parte hartzen da". Hirietan kultura eta artea kontsumitzen ditugunean "sortzaileak kontuan izan behar direla" uste du. Ekimen honetan parte hartzea garrantzitsua da, izan ere, "sortzaileek produkziorako finantzabideak dituzte sari eta diru-laguntzen bidez".

‘Paperezko Itsasontzia'

UPV/EHUko Arte Ederren Fakultateko ikasleek egindako sei proposamen artistiko izango dira ikusgai Bilbao Art District-en. Hauetako bat Bilboko Itsasadarra Itsas Museoan kokatu berri den Paperezko Itsasontzia da, edukiontzi industrialekin egindako eskultura. Autorea Álvaro Aroca da, UPV/EHUn doktoretza egiten dabilen artista. Artelan honek nora ezean dabilen bidaia bati eta bidaia horren berritzeari buruz hausnarketa egiten du. Amaitu gabeko figura bat da eta horren bidez "ikusleen begirada behartu eta, oroitzapenak berreskuratuz, figura eraikitzea" da Arocak bilatzen duena. Sortzailearen hitzetan, bere proiekzio artistikorako "oso garrantzitsua da Bilbao Art District-en presente egotea", izan ere, bere obra ikusgai egongo da urte betez. "Normalean interbentzioak iragankorragoak izaten dira", zehazten du.

Interbentzio artistikoa Deustuko Zubiko etxetxoan

Deustuko Zubiko etxetxoan interbentzioa egingo da Paula R. Infanteren Spartakusbund artelanaren irudiekin. Argazki serie bat da Spartakusbund, Berlingo Friedrichsfelde hilerrian Rosa de Luxemburgo eta Karl Liebknechteren hilobietan hazten diren loreen egungo itxura jasotzen duena. Ekainaren 24a arte egongo dira ikusgai irudiok.

Proposamen parte-hartzaileak

Bizkaia Aretoan kokatuko da ikusleen parte-hartzea eskatzen duten proposamen artistikoetan lehena. Noventa y nueve acciones y una palabra (Laurogeita hemeretzi ekintza eta hitz bat) izenburua darama obra honek. Laurogeita hemeretzi dira zerrenda batean zenbakituta eta karteletan agertzen diren ekintzak, espazio publikoan jardun eta jokatzeko proposamen ezberdinak egiten dituztenak. Hitza, "actúa" (ekin, jokatu). Modu honetan, Cristina Fernández, Abel Jaramillo eta Magdalena Planasek kartelen bat hartu eta eramatera gonbidatzen dute publikoa, eta baita idatzita agertzen den ekintza hori aurrera eramatera ere. Ekiteko aukera egongo da ekainaren 5a arte.

Beste interbentzio parte-hartzaile bat Arantza Gaztañagarena da. Txakun ez-ohiko txalaparta bat da, material zeramikoekin egina baitago. Publikoari zentzumen-esperientzia bat eskaintzen dio, euskal kulturako musika-tresna honen eguneraketaren bidez. Txakun jo ahal izango da ostirala 13 eta larunbata 14an, 17:00etatik 20:00etara Jado enparantzan.

Alberto Salcedoren Ersilia-k ekintza artistikoa espazio publikoan eta hiritarren elkarrekintza uztartzen ditu. Sare bat dago, sareak kalean botatzen du aingura, sareak kaleko elementu propioak konektatzen ditu, ikusleak sarea ukitzen du, obra aktibatu egiten da, bibrazioa sortzen da eta bibrazioa soinu bilakatzen da. Sareak aingura botako du Aretxaga eta Marzana kaleen artean: maiatzaren 13an ostirala 18:00etatik 19:30etara, eta 14an larunbata 11:00etatik 13:00etara eta 15:00etatik 19:30etara.

Soinuetan ere oinarritzen da Saray Pérez eta Ohiane Sánchezen artelana. Sonidos situados (Kokatutako soinuak) Abandoibarra zonaldeko hainbat tokitan banatuta dagoen instalakuntza bat da, Bilbo hiri industrialaren oroimena dakarrena. Publikoa soinu-paisaia honetan murgildu daiteke horretarako antolatu diren bisita gidatuetan parte hartuz: 13an ostirala 19:00etan (euskaraz) eta 21:00etan (gaztelaniaz), eta 14an larunbata 12:00etan (gaztelaniaz) eta 20:00etan (euskaraz). Erreserba hemen egin daiteke.

Txakun, Ersilia eta Sonidos situados proposamen artistikoetan Okela Sormen Lantegiak tutoretza lana egin du. Lantegi hau sormen, ikerketa, esperimentazio eta artearen zabalkuntzarako espazio bat da. Bilboko San Frantzisko kalean kokatuta dago eta hiru artistek osatzen dute: Nora Aurrekoetxea, Izaro Ieregi eta Irati Urrestarazu. Sorkuntza espazio bihurtu den aspaldiko harategi bat da Okela, oraindik aurreko nortasuna mantentzen duena eta lantegiari izena ematen diona.

Informazio gehiago:
https://www.ehu.eus/ehusfera/bbaa/
http://www.bilbaoartdistrict.com/


Argazkiak: Tere Ormazabal, Mikel Mtz. de Trespuentes eta 'Sonidos situados' eta 'Txakun' artelanen egileek utzitakoak