euskaraespañol

Luis F. Callado

Gazteak eta drogak

Farmakologiako Irakasle Agregatua

  • Cathedra

First publication date: 16/02/2017

Image

This article is published in its original language.

Nerabezaroa garapen-etapa gakoa da pertsona guztien bizitzan. Haurtzaroaren eta helduaroaren arteko trantsizio horretan gazteak bere burua prestatu behar du helduen rolak hartzeko. Aldaketa ugari agertuko dira gaztearen gorputzean, bai fisiologikoak (altuera, ahotsa, sexu-organoen garapena, hormonen aldaketak…) bai psikologikoak (arrazoibide abstraktua, gaitasun kognitiboen garapena, pentsamendu logikoa…). Eta aldaketa horiek guztiak urduritasuna, beldurra eta sumindura eragin ditzakete gazteengan. Egoera ezezagun eta korapilatsu horren aurrean nerabeek matxinatzeko beharra izango dute, eta matxinada hau gurasoen kontra, inguruaren kontra eta gizartearen kontra eramango dute.

Testuinguru honetan drogen kontsumoak bi helburu beteko ditu gazteengan. Alde batetik, drogen eraginek agresibo eta ulertezina bihurtu den ingurugirotik aldenduko dituzte gazteak, eta beste aldetik, debekatutako drogen kontsumoa beraiek baztertzen dituen gizartearen kontrako erronka edo mendeku bezala ikusiko dute. Baina guztiok dakigunez, drogen kontsumoak arazo larriak eragin ditzake gure organismoan, eta arazo hauek larriagoak izan daitezke oraindik garatzen ari den nerabe baten gorputzean. Egoera horren aurrean, gazteei drogek dituzten ondorio kaltegarriei buruzko informazioa helaraztea ezinbestekoa da. Baina informazio horrek, nire ustez, zientifikoa, objektiboa eta ebidentzian oinarritutakoa izan behar du. Izan ere, une askotan beldurra soilik eragin nahi duten informazio-kanpainak ikusi ditugu. Bertan, irudi apokaliptikoez gain, egin behar ez dutena errepikatzen zaie gazteei behin eta berriro. Eta hori da akats nabarmenena. Inposizioen eta debekuen kontra (gurasoenak, irakasleenak, gizartearenak…) borrokatzen ari diren gazteak ezin ditugu konbentzitu drogen kalteez, zer egin behar duten edo egin behar ez duten azpimarratuz, horrela umetzat hartzen baititugu. Horren ordez, informazio serioa eskaini behar zaie beren kabuz jabetzeko drogen kontsumoaren arriskuez.

Nerabezaroan, gorputzaren beste atalak bezala, garuna ere garatzen eta heltzen ari da. Aro horretan, garunaren oinarrizko egitura sortua dago eta garapenaren bigarren fasea hasiko da. Honela, "pruning" edo inausketa prozesuak jarriko dira martxan. Neurona arteko konexio batzuk desagertu egingo dira, beste batzuk indartuko dira, eta horrela garuna eraginkorragoa bihurtuko da. Prozesu horrek orokorrean 20-25 urtera arte iraungo du. Nerabezaroan heltzen ari den garunaren zonalde garrantzitsuenetako bat kortex prefrontala dugu. Garunaren eremu horrek egoerak aztertzea, erabaki egokiak hartzea edo gure emozioak eta desioak kontrolpean izatea ahalbidetzen digu. Horregatik, egitura hori oraindik hazten ari denez, nerabeek zailtasun handiak izaten dituzte erabakiak hartzeko, arriskuak neurtzeko eta emozioak kontrolatzeko. Bizipen berriak bilatzeko, ausartak izateko eta emozioen menpe bizitzeko garaia da. Kontra egitearen eta jakin-minaren garaia, alegia. Beraz, une gakoa ere bada erabaki egokiak hartzen ikasteko edo bizi-estilo osasungarriak hasteko. Aro horretan hartutako erabakiek bizitza osorako eragina izango dute.

Kortex prefrontalaren heltze-prozesua oraindik martxan egoteak erabaki desegokiak (drogak probatu edo drogen kontsumoa jarraitu) hartzeko arriskua areagotzen du. Gainera, oraindik heldua ez den garuna sentikorragoa da edozein substantzia toxikoren eraginaren aurrean. Honela, aldi horretan edozein droga hartzeak garunaren heltze-prozesu normala eralda eta oztopa dezake, eta horrek etorkizunerako ondorio sakonak eta iraunkorrak izan ditzake. Adibidez, hainbat ikerketak frogatu dutenaren arabera, kalamuaren kontsumoa nerabezaroan hasteak eskizofrenia pairatzeko arriskua areagotzen du. Era berean, alkoholaren gehiegizko kontsumoa nerabezaroan garunaren gai grisaren garapen anormalarekin lotu da. Asaldura guzti hauek guztiek garunaren egitura zein funtzionamendua eraldatuko dute eta arazo psikologikoak zein gaixotasun mentalak izateko arriskua nabarmen igoko dute, bereziki, gaixotasun mentalaren aurrekari familiarrak dituzten gazteengan. Arrisku genetiko handia duten gazteengan drogen kontsumoak pizgarri bezala joka dezake gaixotasun psikiatriko baten hasieran.

Bestalde, ezin dugu ahaztu nerabezaroan garapen fisikoaz gain garapen intelektuala ere ematen ari dela. Ikasketa prozesuan garunaren funtzio kognitiboak landuak eta sinkronizatuak egotea oso garrantzitsua da. Arreta, oroimena, irakurketa, sormena eta beste hainbat motatako prozesu kognitiboak ezinbestekoak dira ikasketak burutzeko. Frogatuta dago nerabeek gehien kontsumitzen dituzten drogek, alkohola eta kalamua bereziki, aipatutako ahalmen kognitiboak oztopatzen eta murrizten dituztela. Gainera, pertsona bakoitzaren arabera, kalamuak arretan, oroimenean eta ikaskuntzan eragindako ondorio negatiboek egunak edo hilabeteak iraun ditzakete drogaren eragin akutuak desagertu ondoren. Honela, nazioarteko hainbat ikerketak erakutsi dute drogak kontsumitzen dituzten gazteen eskola-errendimendua ez-kontsumitzaileena baino txikiagoa dela.

Laburbilduz, nerabezaroa garai konplikatua da, eta drogen kontsumoak konplikatuago bihur dezake, eta etorkizunean itzulezinak diren ondorioak eragin. Errealitate horren aurrean, garrantzitsua da gazteei ohartaraztea droga ezberdinen eragin kaltegarriei buruz. Baina zer egin behar duten esan ordez, informazio zientifiko objektiboa eman diezaiegun gazteei erabaki egokienak beraien kabuz hartzen laguntzeko. Drogak probatu nahi badituzte egingo dute, baina ahalik eta beranduen hasteak gorputzerako arriskuak eta eragin kaltegarriak murriztuko ditu.

 

Argazkiak: Mikel Mtz. de Trespuentes. UPV/EHU.