euskaraespañol

Biohondakinak konpost bihurtu eta materialen zikloa itxi

Arabako Campuseko baratze ekologikoak biohondakinak era ekologiko eta iraunkorrean tratatzeko modua ematen du, gero ongarri organikoa bihurtzeko

  • Report

First publication date: 19/05/2017

Image

Arabako Campuseko baratze ekologikoak ikastaro bat antolatu du konpostajeari buruz unibertsitateko kideei eskala txikian biohondakinen kudeaketa-lanaren eta kontrol prozesuaren hasi-masiak irakasteko, Campuseko konpostaje auzolanerako lehendabiziko sarea sortzeko oinarriak ezartzeari begira. Gainera, balio izan du gradu desberdinetako ikasleek gaiari buruz auzolaneko GRAL bat garatu ahal izateko.

Egun, zorua eta hondakinak gaizki kudeatutako baliabideak dira. Izan ere, ondo kontserbatutako zoruak gai organikoa behar du bere ezin besteko funtzioei eusteko eta, aldiz, estatu osoan, urtero 6 milioi biohondakinek zabortegietan amaitzen dute; ondorioz, lixibiatuak zein berotegi efektuko gasak sortzen dira. Kalkulatzen da Euskadin 47 milioi euro jaurtitzen direla urtero zabortegietara material birziklagarrietan. Hondakinen ekoizpen, kontsumo eta kudeaketa sistema lineal horrek ingurumen, ekonomia eta gizarte arazoak dakartza eta, problematika hori ikusita, Europak baliabideen birziklapenaren eta goi-efizientziaren gizartearen alde egin nahi du.

Biohondakinak konpost bihurtu from UPV/EHU on Vimeo.

Horrenbestez, Arabako Campuseko Baratze Ekologikoak ikastaro bat antolatu du ‘hiriko konpostaje eta biohondakinen kudeaketa'ri buruz Kiribilore Permakultura Kulturarekin lankidetzan eta Koldo Rey ingeniari agronomoak gidatuta. Ikastaroa unibertsitateko kide guztiei eskaini zaie, helburutzat hartuz eskala txikian biohondakinen kudeaketa lan eta kontrol prozesurako hasi-masiak irakastea eta, partaideen artean, Campuseko konpostajeko auzolanerako lehendabiziko sarea sortzeko oinarriak ezartzea. "Hondakin organikoak garrantzi goreneko ingurumen arazoa dira, eta hiriko zaborraren % 50 osatzen dute gutxi gorabehera. Aldiz, gaur gaurkoz, Gasteizen gaika haren % 5 baino ez da biltzen, eta konponbidea herritarrek, baita unibertsitarioek ere, arlo guztietan parte hartzea da", Aritz Ruiz eta Daniel Zuazagoitia ekimenaren arduradunek azaldu dutenez.

Ikastaroa UPV/EHUren iraunkortasunerako berrikuntza proiektu batean kokatzen da (‘Baratze ekologikoko auzolan eta diziplinarteko irakaskuntza praktikak Arabako Campusean'), helburu nagusitzat hartuz baratze hori unibertsitateko hezkuntza baliabide gisa sustraitu eta sendotzea, bertan auzolan eta diziplinarteko irakaskuntza praktikak bultzatzeko eta iraunkortasunaren inguruko heziketa jarduerak sustatzeko.

Adierazi dugun bezala, egunero eragiten diren hiri hondakin solidoen zati oso handi batek jatorri organikoa du (batez ere janari hondarrak). Hondakin horiek, gaur gaurkoz, ez dira gaika biltzen sorburuan eta, ondorioz, geroko haien tratamenduak ingurumenerako arazoak sor ditzake. "Unibertsitateko kideak eredugarriak izan behar gara alde horretatik, ez baitira gutxi gure campusean sortzen diren horrelako hondakinak (jantoki, kafetegi eta abarretan). Arabako Campuseko baratze ekologikoak gai organikoaren zikloa ixteko aukera eskaintzen du, tokian bertan tratamendu ekologiko eta iraunkorra emanez. Era horretan, hondakinak baliabide bihurtzen dira, kasu honetan, baratzerako kalitate handiko konpost ekologikoa", Daniel Zuazagoitiak azaldu duenez.

Gradu Amaierako Lana

Gainera, 2016-2017 ikasturtean, auzolaneko GRALak egiten ari dira askotariko graduetako ikasleen artean Arabako Campuseko biohondakinak konpostatzearen inguruan. Jon Fernández Geomatika eta Topografiako Ingeniaritzako Graduko ikasleak eta Miriam Jiménez Haur Hezkuntzako Graduko ikasleak auzolanean jorratu dituzte beren GRALak, Campus Bizia Lab programan kokatuta. Programa hau Erasmuseko University Educators for Sustainable Development proiektutik eratorritako ekimena da eta, 2013tik 2016ra, UPV/EHUk bertan parte hartu du. "Campus Bizia Lab programa 2012-2017ko Plan Estrategikoko lehenetsitako ildoekin bat dator, baita Euskal Herriko Unibertsitateko IKD (ikasketa kooperatibo eta dinamikoa) hezkuntza ereduarekin ere", Aritz Ruizek adierazi duenez.

Parte-hartzaileek beren zentroetako kafetegien gai organikoa sei hilabetez kudeatu dute auzolanean. Denbora horretan kudeatutako hondakin kopuruak tamaina handiko bi konpost ontzi (700 litro) betetzeko balio izan du eta, era horretan, konpost umotua lortuko da, prest Arabako Campuseko baratze ekologikoko alorretan medeapen organiko gisa aplikatua izateko. "Aztertutako problematika eta hasierako kudeaketa bi ikasleek partekatu egin duten arren, bakoitzak bere GRALa ikuspegi desberdin batez bideratu du. Ingeniaritzako ikasleak ikuspegi teknikoagoa eman dio, aldagaiak kontrolatuz eta Campus osoko aplikagarritasunari erreparatuz (Naiara Rojok eta Gorka Gallastegik gainbegiratuta); aldiz, Hezkuntzako ikasleak konpostean oinarritutako ikasmaterialak sortzera bideratu du bere lana (Daniel Zuazagoitia eta Aritz Ruizen tutoretzapean). Esan behar da, egun, baratze ekodidaktikoak eta eskolako konpostajea oso bitarteko hedatuak direla irakaskuntzan", irakasleek adierazi dutenez.

Halaber, hiri konpostajeari buruzko ikastaro honetan kokatuta, Arabako Campuseko konpostaje sarearen bultzatzaile izateko trebatu nahi dituzte unibertsitateko kideak diren pertsonak. Aurten, sare honi probako proiektu baten bitartez eman nahi diote hasiera, eta sareak auzolanean jardungo du biohondakinak behar bezala kudeatu eta tratatzeko, baratzean sortutako azpiegituraren bitartez, eta, gainera, ekimena unibertsitateko kideen artean zabaltzeko, hurrengo urteetan sarea sendotzen joan dadin.

Arabako Campuseko baratze ekologikoaren jardueren berri zabalago jakiteko, joan haien webgunera.