euskaraespañol

Edu Zelaieta Anta

Eskolak galduko du mundua? (eta gure tribuaren beste paradoxa sinpatiko batzuk)

Hezkuntza eta Kirol Fakultateko irakaslea

  • Cathedra

First publication date: 20/10/2017

Image

This article is published in its original language.

"Eskolak galduko du mundua". Hala esaten omen zuten aspaldian Euskal Herriko zenbait txokotan. Berako osaba batek kontatu didanaren arabera, berak ere entzun zuen inoiz esaldia mutiko koskorretan, duela 60 urte inguru. Nonbait, herriko zaharrak ez ziren fio eskolan egiten ziren kontu berri edo modernoekin, bertako hezkuntzaren bidez sartzen ziren ideia berriak ez baitziren ordura arteko bizimodu tradizionalarekin bat etortzen. Hori zela eta, eskola ez omen zen denen gogoko: munduaren akabera etorriko da noizbait, eta eskola izanen da hondamendiaren erruduna. Eskolak galduko du mundua, beraz.

Gaurko ikuspegitik begiratuta bitxi samarra gerta daiteke pentsatzea eskolak galduko duela mundua. Sinpatikoa, kasik: nekez galduko du eskolak mundua, ezpada munduak eskola galduko duela. Halako sentsazioa dute behintzat hezitzaile askok: eskolan poliki eta ahalegin handiez ehuntzen dena ti-ta desegiten duela telebistak edo beste pantaila analogoren batek; hezkuntzako profesionalek eraiki nahi dutena errukirik gabe eraisten duela errealitate gordinak.

Izan ere, Afrikako esaera batek esaten omen duen bezala, tribu osoa behar da ume bakoitza hezteko. Tribua da, azken batean, arau soziokulturalak modu ezin eraginkorragoan transmititzen dituena; diskurtso politikoki zuzenak gorabehera, (kasuan kasuko) bizitza errealerako zerk balio duen erakusten duena. Alde horretatik, jendartea osatzen dugun gutako bakoitzak badu ardura soziala haurrak hezteko; denon esku dago hezkuntzaren afera, eginkizun horretan neurriak eta mailak diferenteak diren arren. Gure ekintzekin, gure diskurtsoekin eta gure isiluneekin eragiten dugu tribuan. Oharkabean edo ohartuki.

Nolakoa da gure tribua, baina? Besteak beste, kapitalista, kontsumista eta indibidualista. Hori dela eta, oraintsu zerrendatu ditugun hiru -ista horiei dagozkien balioetan jarduten dugu maiz aski tribukideok. Ez da harritzekoa, hortaz, azken urteotan ezarri diren hezkuntza legeetan negozio mundutik eratorritako terminoak eta parametroak agertzea. Halaber, supermerkatura erostera doan bezeroaren metafora gero eta baliagarriago gerta daiteke irudikatzeko zer jarrera izaten duten zenbait gurasok eskolaren erakundearekiko. Ez dugu ahantzi behar, hartara, bezeroak beti duela arrazoi eta, noski, produkturik hoberenak erosteko eskubidea; zer esanik ez, produktu horiek guraso bakoitzaren seme-alaba kuttunarentzat direnean.

Egiari zor, asko eskatzen dio tribuak hezkuntza sistemari; gehiegi, beharbada, eta ez beti modu onean. Gero eta nabarmenagoa da hezkuntza sistemaren gainean ezartzen den presioa: luzea da eskolak konpondu beharko lukeen arazo sozialen zerrenda, eta hori bezain luzea da harekiko ahots kritikoen ilara. Erraz jartzen ditugu zama eta eskakizuna hezitzaile-irakasleen gainean, egunerokoan geuk nola jokatzen dugun erreparatu gabe, hainbat eta hainbat profesional onen ahaleginak (eta emaitzak) kontuan hartu gabe. Gaur den egunean, hezkuntzan aritzen diren langile gehienak presiopean aritzen dira, eta esposizio publiko etengabean.

Tribuaren presioa sentitzeaz gainera, ez dirudi irakaslearen lanbideak prestigio sozialik irabazi duenik azken hamarkadotan; han-hemenkako ikastetxeetan irakasle ari direnek zein irakasle ikasketak egitea hautatzen duten unibertsitarioek ongi dakite horren berri. Esaten ari garenaren adibide bat emate aldera, irakasle ikasketak aukeratu dituzten ikasleek mespretxuzko komentarioak jasotzen dituzte hainbat adinkideren eta adiskideren aldetik, hezkuntza graduak akademikoki oso serioak ez direlako ustean. Pertzepzio soziala argi mintzo da alde horretatik: Haur Hezkuntzako edo Lehen Hezkuntzako ikasketek ez dute prestigiorik tribuan.

Hala eta guztiz ere, inor gutxik ukatzen du hezkuntzaren garrantzia plaza publikoan nahiz lagunartean. Esate baterako, komunikabideetako eztabaidetan ohikoa izaten da politikariek zein bestelako solaskide jakintsuek azpimarratzea zein garrantzizkoa den hezkuntza. Halako foroetan, arestian aipagai genuen presioa gogoan, honako ikusmolde hau ematen ohi da inplizituki: eskolak moldatu behar ditu jendarte gisa ditugun problema nagusiak. Ederra da, gero, gure tribuaren paradoxa; izan ere, lehenik prestigioa ukatzen diogu irakaslearen lanbideari eta, ondoren, gure arazo nagusiak konpon ditzala eskatzen diogu.

Gutxienez hiru laguntza ezinbesteko ditu eskolaren erakundeak, baldin eta egozten zaizkion zereginak egoki beteko baditu: (i) gobernuak inbertsio handiagoa egitea, hezkuntza sistemak baliabide gehiago izan ditzan; (ii) gainerako eragileek norabide berean jardutea, familiek bereziki, eskolak bultzatzen dituen balioek egiazki balio izan dezaten eremu pedagogikotik kanpo; eta (iii) hezkuntzaren aldeko itun sozial bat adostea, administrazio publikoan aldaketa politikoa gertatzean aurrekoa baliogabetu eta hezkuntza lege berri bat ez ezartzeko.

Nolanahi ere den, oraintsuko baldintzak gehi beste batzuk, –izan gaitezen zintzoak–hezkuntzan eta hezitzaileengan sinesten duen tribu batentzat dira; ez oraingoz guretzat. Bien bitartean, paradoxa sinpatikoen dantzan segi dezakegu, kalitatearen izenean hezkuntza lege berriak eginez, inbidiaz maisu-maistren oporraldiak kritikatuz edota umeak haien familien jatorri kultural baina batez ere estatus sozioekonomikoaren arabera eskolaratuz.

 

Argazkiak: Nuria González. UPV/EHU.