euskaraespañol

UPV/EHUren Zientzia Asteak 25.000 bisita jaso ditu

Gainera, ‘UPV/EHU Espazioan’ ekitaldiak 28.600 bisita izan ditu

  • News

First publication date: 14/11/2017

Image

Oso harrera ona egin diote, beste behin ere, adin guztietako herritarrek UPV/EHUren Zientzia Asteari; azaroaren 8tik 12ra izan da hamazazpigarren edizioa Bilbon, Donostian, Gasteizen eta aurten Barakaldon ere. 25.000 lagun baino gehiago bertaratu dira Zientzia Astea hartu duten lau egoitzetara, ikastetxeetako eta partikularren bisitak kontuan hartuta: 9.600 bisitari baino gehiago izan ditu Bizkaia Aretoak, 5.000 inguru hurbildu dira Bibat museora eta beste horrenbeste Tabakalerara, eta, beste 5.400 Barakaldoko Clara Campoamor Zentrora. Azken edizioetan bezala, zifrek gora egin dute eta 2016ean izandakoak baino hobeagoak izan dira aurtengoak.

UPV/EHUren Zientzia Astearen edizio honetan inoiz baino ekintza eta jarduera ugariago antolatu dira. Zehazki, 51 txoko zientifiko egon dira ikusgai (22 Bilbon, 17 Donostian eta 12 Gasteizen) eta ehun jarduera baino gehiago antolatu dira horrela banaturik: tailerrak (62 guztira), bisita gidatuak (40 baino gehiago), 6 hitzaldi (1 Bilbon, 1 Barakaldon eta 4 Donostian), 7 erakusketa eta lau ikuskizun zientifiko txikienei zuzenduta, bakoitza egoitza batean. Noski, Zientzia Club bakarrizketa zientifikoen programa arrakastatsua egon da aurten ere, zeina UPV/EHUren Zientzia Astea antolatutako lau hirietan ikusgai egon baita: azaroaren 9an, osteguna, Barakaldon izan zen, 10ean Vitoria-Gasteizen eta larunbatean Bilbon eta Donostian.

Beste alde batetik, lau lehiaketa antolatu dira, eta haietako bitan irabazleak jakinarazi dituzte dagoeneko. IX Argazki Geologikoen lehiaketan lehenengo sariak Óscar Basaguren Silva (Jesuitak Indautxu) eta Maite Aramendi Lopetegi (Zumaiako Institutua) ikasleek irabazi dituzte. Elur Bola Matematikoak lehiaketan, berriz, euskarazko modalitatean Amaia Ochandorena Saak (Gipuzkoa) jaso ditu puntu gehien eta gaztelaniazkoan saria Vigoraino joan da, Mar Platero Vilaboa irabazlearengana. Irudikaturiko munduak eta Saridun Buruketak  beste bi lehiaketen saridunak laster ezagutuko dira.

Espazioa 28.000 lagun baino gehiagori hurbildu dio UPV/EHUk

Zientzia Astearen aurretiko hiru asteetan, urriaren 17tik azaroaren 5erarte hain zuzen ere, “UPV/EHU Espazioan” ekitaldia ospatu zen Bilboko Bizkaia Aretoan. 

Zientzia Astearen aperitibo bezala UPV/EHUk antolatutako ekitaldi tematiko honek astronomiaren eta espazio-ikerketaren funtsezko ezagutzak era ludiko eta bisual batean erakustea zuen helburu. Horretarako, planetario handi bat (Espainiako handiena), planeten zeharreko ibilaldi bat eta espazio misio ospetsuenetakoen maketen erakusketa bat jarri ziren Bilbon.

Jarduerak, espektatiba guztiak hautsiz, 8.105 bisita jaso zituen bere lehen asteburuan. Bisitariak etengabe hurbildu ziren azken egunera arte eta azkenik, iraun zituen 20 egunetan, 28.600 lagunen bisita jaso zuen UPV/EHU Espazioan ekitaldiak.

Zientzia Astearen eta “UPV/EHU Espazioan” jardueraren azken zifrak batuz, UPV/EHUk zientzia eta jakituria 53.300 lagunei hurbiltzea lortu du, hiru euskal probintzietan.

UPV/EHUko Garapen Zientifikoaren eta Transferentziaren arloko errektoreordea den Arturo Mugaren iritziz, “Zientzia Astea Euskal Herriko bizitza sozialaren eta zabalkuntza zientifikoaren lehen mailako ekitaldi bezala itxuratu da. 50.000 pertsona baino gehiagok parte hartu dute azken edizio honetako jardueretan, eta bereziki aintzakotzat hartzekoa da hezkuntza-sistemaren esku-hartzea. Horrek gure instalazioetarako bisitak gizarteratzen eta ume eta gazteen belaunaldi berrien artean kultura zientifikoa hedatzen lagundu du. UPV/EHUk aktibitate honen aldeko apustua egiten jarraituko du, gure lehentasunetako bat zientzia zabaltzea baita”.

Euskal Herriko Unibertsitateak Zientzia Astea 2017 antolatu du Ekonomia, Industria eta Lehiakortasunerako Ministerioaren Zientzia eta Teknologiarako Espainiar Fundazioaren laguntzarekin.