euskaraespañol

UPV/EHUk ordutegi berezidun ikasteko gelak irekiko ditu asteburuetan azterketa garaian

Bizkaiko Campusekoak izango dira zabalduko diren lehenengoak, izan ere abenduaren 16tik aurrera erabili ahal izango dira

First publication date: 12/12/2017

Image

Euskal Herriko Unibertsitateak ordutegi berezidun ikasteko gelak irekiko ditu bere ikasleentzat bere hiru campusetan 2017-2018 ikasturteko lehenengo lauhilekoko azterketa garaian. Hementxe, ordutegiak eta kokapena, zehatz-mehatz.

ARABAKO CAMPUSA

Beste urte batez, Arabako Campusak ikasteko aretoak irekiko ditu Hezkuntza eta Kirol Fakultatean (Irakasleen atala, Juan Ibañez Sto. Domingo, 1. 01006 Vitoria/Gasteiz) eta aretook zabaltzeko datak bat etorriko dira etsaminen aldiarekin. Zehazkiago, lehendabiziko tarte hau 2018ko urtarrilaren 2an hasi eta 26an amaituko da (biak barne).

Honako hauek izango dira gelak erabiltzeko ordutegiak:

  • Astelehenetik ostiralera, 21.00etatik 24.00ak arte.
  • Larunbat, igande eta jaiegunetan, 9.00etatik 24.00etara.

BIZKAIKO CAMPUSA

Bizkaiko Campuseko ikasteko gelak izango dira irekiko diren lehengoak. Orain arte urtarrilean zabaltzen ziren gelok, baina aurten, lehen aldiz, abenduan zabalduko dira. Hala, aste honetan hasi, abenduaren 16an, eta urtarrilaren 21ean amaituko da tarte hau, hots, guztira 12 egun egongo dira gelok irekita erabiltzaileentzat. Zehazkiago, Ekonomia eta Enpresa Fakultatean (eraikin nagusiko beheko solairuko ikasgelak) abenduaren 16tik urtarrilaren 21era bitarteko asteburu guztietan izango dira zabalik gelak. Bestalde, Bilboko Ingeniaritza Eskolan (Luis Briñas kaleko sarrerako ikasgelak), 2017ko urtarrilaren 7tik 21era bitarteko asteburu guztietan egongo dira erabilgarri.

Ordutegia xehatuta:

  • Ekonomia eta Enpresa Fakultatea (eraikin nagusiko beheko solairuko ikasgelak)
    • Larunbatetan, abenduaren 16, 23 eta 30ean eta urtarrilaren 6an, 8:00etatik 22:00etara izango dira zabalik; eta urtarrilaren 13an eta 20an, bi ordu gehiago, 8:00etatik 24:00etara.
    • Igandeetan, abenduaren 17an, 9:30etik 20:00etara irekiko dira, eta abenduaren 24an eta 31n, 9:30etik 16:30era. Bestalde, urtarrilaren 7an, 14an eta 21ean, 9:30etik 24:00etara zabalduko dira.
  • Bilboko Ingeniaritza Eskolan (Luis Briñas kaleko sarrerako ikasgelak)
    • Igandeetan, urtarrilaren 7an, 14an eta 21ean, Bilboko Ingeniaritza Eskolako ikasgelak irekiko dira 8:00etatik 22:00etara, eta larunbatetan, urtarrilaren 13an eta 20an, 8:30etik 22:00etara egongo dira erabilgarri.

Bizkaiko Campuseko ikasgeletara sartzeko UPV/EHUko ikasle txartela erakutsi beharko da.

GIPUZKOAKO CAMPUSA

Halaber, Gipuzkoako Campusak ikasteko gelak irekiko ditu, azterketa garaian, asteburuetan, Elbira Zipitria zentroan (Ondarreta pasealekua, 18. Donostia).

Goizeko 8:00etatik gaueko 22.00ak arte egongo dira irekita asteburu hauek: 2018ko urtarrilaren 6 eta 7; 13 eta 14; 20 eta 21.

Bertan sartzeko UPV/EHUko ikasle txartela erakutsi beharko da.

Gogoratu Gipuzkoako Campuseko Biblioteka, Carlos Santamaria Zentroan kokatuta (Elhuyar plaza, 2. Donostia), urtarrilaren 13an, larunbata, irekita egongo dela goizeko 9:00etatik 14:00ak arte.