euskaraespañol

Klinika juridikoak: lurrikara sozialak

UPV/EHUk prestakuntza, praktika erreala eta helburu soziala konbinatzen dituen eredu pedagogiko hau bultzatu du

  • Report

First publication date: 12/12/2017

Image
Ezkerretik eskuinera: Julieta Barrenechea, Joseba Eceiza, Itziar Alkorta, Marie Deramat eta Sophie Herrera. (Mitxi. UPV/EHU)

Euskal Herriko Unibertsitateak antolaturiko Unibertsitate Irakaskuntzako Sarearen nazioarteko topaketan, klinika juridikoa izan zuten aztergai, garapen sozial iraunkorrarekin konprometitutako esperientzia pedagogikoa izan litekeela oinarri hartuta. Biltzarrean hainbat klinika juridiko aztertu zituzten: besteak beste, UPV/EHUko Justizia Sozialaren aldeko Klinika Juridikoa, Bordeleko Unibertsitateko Clinique du Droit, eta Campus Ocean Experiences, bi unibertsitateek elkarlanean daramatena. “Ikasteko eredu hau gizartea eraldatzen duen lurrikara bat da”, azaldu du Sophie Herrerak, Ocean Experienceseko zuzendariak.

Bestalde, ostiralean, abenduak 15, Unibertsitateetako Klinika Juridikoen VI. Topaketan aztertuko da klinika juridikoen zeregina ikasteko eta zerbitzua emateko. UPV/EHUko Justizia Sozialaren aldeko Klinika Juridikoaren zuzendaria, Maggi Barrèrek, parte hartuko du Alcaláko Unibertsitateak antolatutako jardunaldian.

Klinika pedagogikoaren ereduak hiru oinarri ditu: prestakuntza teorikoa, prestakuntza praktikoa eta kontzientzia soziala. Ikasleek kasu juridiko errealak lantzen dituzte arazo sozial errealei irtenbide errealak emateko, irakasleen laguntzarekin. “Ikasteko eredu honekin, ikasleek bi tutore dituzte: gizartea eta unibertsitatea. Horrela, ezagutza teoriko zabala barneratu ondoren ikasketak amaitzear daudenek segurtasuna eskuratzen dute, eta beren burua gai ikusten dute ezagutza horiek errealitatean aplikatzeko”, azaldu du Marie Deramatek, Bordeleko Unibertsitateko Clinique de Droiteko koordinatzaileak.

Bordeleko Unibertsitateko Zuzenbide Klinikan, gaur egun, azken mailako 400 ikasle dabiltza, eta informazio juridikoko zerbitzua ematen diete erakunde eta pertsonei, kasu errealekin laguntzeko. Hala, bizpahiru laguneko taldeetan antolatuta, informazio eskariak jaso eta kontsultatu eta alternatibak ematen dituzte. “Prozesu horretan, ikasleek beren buruarekin konfiantza hartzen dute, arazo sozialei aurre egiteko jarrera hartzen dute eta entzuten, pentsatzen eta hausnartzen ikasten dute. Irakasleek laguntza ematen diete; dena dela, hasieran, duela bost urte, unibertsitateak eta profesionalek nolabaiteko eragozpenak jarri zituzten horretarako –esan du Deramatek–. Gaur, baina, esparru klinikoak beste proiektu batzuetara zabaltzen ari dira, hala nola arazo sozialen ikerketara”.

Konpromiso soziala

Euskal Herriko Unibertsitateko Zuzenbide Fakultatean, eredu pedagogiko hau Justizia Sozialaren aldeko Klinika Juridikoaren bitartez lantzen da, duela urte eta erditik. Klinika juridikoa, besteak beste, Maggy Barrère eta Joseba Eceiza Fakultateko irakasleek jarri zuten martxan, unibertsitateko irakaskuntzaren, ikasleen eta gizartearen artean harreman berriak irekitzeko eta esperientziak trukatzeko. “Denek ikasten dute –esan du Justizia Sozialaren aldeko Klinika Juridikoko zuzendariak–. Klinikaren bidez, irakasleak eta ikasleak elkarrekin harremanetan jartzen dira, eta ikasteko beste modu batzuk sortzen dira, ez hain tradizionalak”. Bestalde, Joseba Ezeizak dioenez, “ikasleak ikertzeko prest daude, gizarteko eragile aktibo eta parte hartzaile bihurtzeko prest. Eta horixe da gure eredu pedagogikoaren funtzio nagusia”.

Klinikak justizia soziala du lanerako ardatz, eta arlo horretan zuzenean esku hartzen duten pertsona eta erakundeekin jarduten du elkarlanean. Ikasleei askotariko gaiekin lotutako kontsulta eta eskariak iristen zaizkie: giza eskubideekin lotutakoak, arrazagatiko, klaseagatiko edota sexu orientazioagatiko berezikeriarekin lotutakoak… “Helburua da horren guztiaren inguruan hausnartzea eta zientzia juridikoaren oinarriak iraultzea; izan ere, Zuzenbidea ikasi eta lantzen duenak eragina du politikan ere. Iturri juridikoak ez dira parlamentuak bakarrik; gizartea ere bada”, adierazi du Maggy Barrèrek. Datorren abenduaren 15ean, Barrèrek ‘Las clínicas jurídicas como aprendizaje servicio’ hitzaldia emango du Unibertsitateetako Klinika Juridikoen VI. Topaketan. Jardunaldia Alcaláko Unibertsitateak antolatu du.

Berrikuntza

Filosofia berberarekin jaio da Justizia Sozialaren Laborategia, hots, kezka sozialak dituzten Zuzenbide Fakultateko lehen mailetako ikasleentzat pentsatutako esperientzia. “Sentiberatasun hori, pentsamendu kritikoa eta komunikatzeko gaitasuna mantendu eta sustatu nahi ditugu, gradu amaierako lana eta master amaierako lana egiteko orduan ikerketa bera izan dadin kezka nagusia”, azaldu du Ezeizak. Joan den azaroan sortu zen proiektua, hurrengo lau urteetan mamitzeko asmoarekin.

Euskal Herriko Unibertsitateak eta Bordeleko Unibertsitateak ere esku hartzen dute mugaz haraindiko Oceans Experiences proiektuan, unibertsitatea eta gizartea bateratuz. “Bi unibertsitateetako hamabi ikaslek, denak tradizio akademiko desberdinetakoak, zuzenean lan egin dute Txingudiko badiaren eta Donibane Lohizuneren arteko eremuko komunitateekin. Haien beharrak detektatu eta txosten juridikoak egin dituzte, eta, eremu mugakideko eragile sozialekin batera, jarduera plan bat prestatu dute 2018ko ekainean abiarazteko”, esan du Itziar Alkortak, UPV/EHUko Zuzenbideko doktoreak eta Justizia Sozialaren aldeko Klinika Juridikoaren bultzatzaileetako batek.

Iraunkortasuna

Sokoako gotorlekua izango da proiektuaren tokia edo ikurra. Proiektuak unibertsitatearen eta gizartearen arteko lotura irudikatzen du: “Badiako aire zabaleko laborategi bat da, eragile sozialekin zuzenean esku hartuz enpresa proiektu iraunkorrak garatzea helburu duena”, azpimarratu du Julieta Barrenecheak, UPV/EHUko Filosofian doktoreak eta Campus Ocean Experiences-Sokoako Gotorlekua proiektuaren arduradunak.

Bordeleko Unibertsitateko irakasle Sophie Herrerak sustatzen eta zuzentzen du Campus Ocean Experiences. Haren iritziz, “klinika juridikoak iraultza bat dira ikasleentzat, unibertsitatearentzat eta gizartearentzat. Eredu pedagogiko hori lurrikara horizontal bat da, gure ekosistema elkarlanean sortzeaz gain elkarlanean eraldatzen duena. Eredu honen bitartez, lan pedagogiko eta soziala betetzen da eta arazoen gaineko bestelako ikuspegi batzuk ematen dira. Klinika juridikoak lurrikara sozialak dira”.