euskaraespañol

Prezioak krisi ekonomikoko garaietan baino ez du eraginik erosketa ekologikoan

Aztertu dute ea ongizate ekonomikoko garaiek eta krisi-garaiek ondorio desberdinak dituzten erosketa ekologikoan eragiten duten faktoreetan

  • Research

First publication date: 01/08/2022

Image
María Jesús Luengo UPV/EHUko irakaslea | Photo: Fernando Gómez. UPV/EHU.

UPV/EHUko Finantza Ekonomia II Sailak eta Ekonomia eta Kudeaketa Sailak zeharkako ikerketa bat egin dute jakiteko ea ongizate ekonomikoko garaiek eta krisialdiek ondorio desberdinak dituzten portaera ekologikoetan (hala nola aktibismo eta erosketa ekologikoan) eragiten duten barne-faktoreetan (motibazioak, jarrerak eta kontsumitzaileak hautemandako eraginkortasuna) eta kanpo-faktoreetan (ingurumen-informazioa eta marketina).

Ingurumenarekin eta jasangarritasunarekin lotutako kezka asko ikertu izan da. Frogatuta dago oraindik alde handia dagoela ingurumenaren aldeko jarreren eta kontsumo ekologikoaren artean, nahiz eta kontsumitzaileek gero eta garrantzi handiagoa ematen dioten ingurumenari eta gero eta enpresa gehiagok merkaturatzen dituzten produktu ekologikoak. Beraz, erakundeei produktu ekologikoak ekoitzi eta merkaturatzeko estrategiak garatzen laguntzeko, baliagarria da erosketa ekologikoan zer faktore nagusik eragiten duten ulertzea.

Produktu ekologikoen kontsumitzaileen portaera fenomeno konplexua eta definitzeko zaila da, kontsumitzailearen barne-aldagaien oso mendekoa da, askotarikoa eta testuinguruaren araberakoa. UPV/EHUko Ekonomia eta Kudeaketa Sailak eta Finantza Ekonomia II Sailak denboran zeharreko ikerketa bat egin dute aztertzeko testuinguru ekonomikoak nola moderatzen dituen portaera ekologikoaren eta hainbat faktoreren arteko loturak (hala nola motibazioa, jarrera, kontsumitzaileak hautemandako eraginkortasuna, ingurumen-informazioa eta marketina). Horretarako, UPV/EHUko Enpresa Zuzendaritza, Berrikuntzaren eta Internazionalizazioaren ikuspegitik masterreko ikasleei krisi ekonomikoko urteetan (2008-2012) eta ongizate-garaietan (2014-2019) egindako inkesta bat erabili dute. Inkesta horretan, haien kontsumo ekologikoko ohiturak, ezagutza ekologikoak, garraio- eta birziklatze-ohiturak eta abar jasotzen dira.

Krisi ekonomikoek eragina dute erosketa ekologikoa egiteko joeran

María Jesús Luengo UPV/EHUko irakasleak azaldu duenez, “emaitzek argi eta garbi erakusten dute testuinguru ekonomikoak baduela eragina, eta faktoreen eta portaera ekologikoaren arteko loturan moderatzaile gisa jarduten duela”. Irakasleak nabarmendu duenez, “gai ekologikoei, kontsumo ekologikoari eta produktu ekologikoei buruzko ezagutza, printzipioz, uste genuena baino txikiagoa da, eta, gainera, ez du eraginik erosketa ekologikoa egiteko erabakia hartzerakoan”.

Motibazioek, jarrerek, kontsumitzaileak hautemandako eraginkortasunak eta aktibismo ekologikoak eragina dute erosketa ekologikoan, eta eragin hori handiagoa da krisi ekonomikoko garaietan. Horietatik guztietatik, motibazioak eragiten du gehien aktibismo ekologikoan eta erosketa ekologikoan krisialdietan, eta, ondoren, kontsumitzaileak hautemandako eraginkortasunak: “Hau da, kontsumitzaileak erosketa ekologiko hori egiten duenean, benetan iruditzen zaio eraginkorra den zerbait egiten ari dela, ondorioren bat izango duela, eta ez dio horrenbeste erreparatzen ona edo txarra izateari”, azaldu du Ekonomia eta Kudeaketa Saileko doktoreak. Hala ere, ongizate-garaian, antzekoak dira bi faktore nagusi horien ondorioak.

“Harritu egin gaitu aktibista ekologikoa edo jasangarria izateak, hau da, adibidez, zaborra bereizten edo garraio publikoa erabiltzen duen pertsona izateak, ez duela garrantzi handirik erosketa ekologikoa egin ala ez erabakitzeko orduan. Hori baino gehiago, guretzat eta munduarentzat zerbait ona egiten ari garela sentitzearen kontu bat da”, azaldu du Luengok.

Marketinaren aldagaiei dagokienez, krisi ekonomikoko garaietan, produktuak eta prezioak eragin handiagoa dute aktibismo ekologikoan, produktuaren sustapenak eta produktua non saltzen den baino; prezioak, berriz, ez du inolako eraginik ongizate-garaietan. “Uste dut aldagai guztietatik prezioa dela erabaki hori hartzeko eragin aldakorrena duena. Produktu ekologikoen prezioak eragina du krisi-garaian erosketa ekologikoa egitean. Oparoaldi ekonomikoko garaietan, ordea, prezioak ez du ia garrantzirik, banaketak du garrantzi handiagoa (hau da, produktu horiek eskuratzea erosoago edo deserosoago izatea), adibidez”, esan du.

Ingurumenari buruzko informazioaren eragina handiagoa da krisi-garaian ongizate-garaian baino. Beraz, krisi ekonomikoetan, kontsumitzaileen artean ingurumenari buruzko informazioa zabaltzeak garrantzi handia du ingurumen-jarrerei dagokienez; izan ere, ingurumen-jarrerek, aldi berean, eragin positiboa dute erosketa ekologikoan. Hala ere, produktu ekologikoen prezio altuek kalte egiten diote erosketa ekologikoari krisi-garaietan, eta horrek azal lezake erosketa ekologikoan hauteman diren maila txikiagoak.

Bibliographic reference