euskaraespañol

Punta Begoña, Espainiako arkitektura proiektu nagusien artean

Arkitektura eta Hirigintza Bienalak Punta Begoña zaharberritzeko lana hautatu du finalista gisa, arkitekturari aplikatuta egin duen ikerketa dela eta.

  • News

First publication date: 20/07/2018

Punta Begoña, Espainiako arkitektura proiektu nagusien artean
Punta Begoña, Espainiako arkitektura proiektu nagusien artean.

Euskal Herriko Unibertsitatea eta Getxoko Udala aurrera eramaten ari dira proiektua, elementu hondatu eta abandonatu bat gizartearen zerbitzura egongo den baliabide aktibo bilakatzeko helburuz. Ikerketa lanak eta lanok webgunearen bidez gizarteratzeko modua bereziki kontuan hartu dira.

Getxoko Punta Begoña Galeriak zaharberritzeko eta haiei balioa emateko prozesua Arkitektura eta Hirigintza Bienalako azken bi urteetako arkitektura proiektu oneneko katalogoko  hautatutako proiektuen artean dago. Han egin diren ikerketa lanak eta lanok webgunearen bidez erregistratu eta gizarteratzeko modua ikusita, Bienalak proiektua saritzea erabaki du, eta Ikerketa Erakusketako finalista izendatu du.

BEAUk, Obren Panorama eta Ikerketa Erakusketa kategorietako eskakizun zorrotzak betetzen zituzten ehunka lan aztertu ostean, bere katalogo ofiziala osatzen duten proiektu finalistak eta sarituak aukeratu ditu, hala nola Punta Begoña Galeriak zaharberritzeko eta haiei balioa emateko prozesua. Harekin batera agertuko dira katalogoan izen handiko beste proiektu eta talde batzuk ere; besteak beste, Alejandro Zaera-Polo, Rafael Moneo, Almudena Ribot, Federico Soriano eta Peter Eisenman.

Punta Begoñaren kasuan, sariak are balio handiagoa du, proiektua garapen fasean dagoelako; gainera, hango ikerketa praktikan aplikatzen da erabat, eta emaitzak gizarteari helarazten zaizkio denbora errealean. Sari honek bultzada emango du Getxoko Udalak eta Euskal Herriko Unibertsitateak elkarrekin diseinaturiko bide horretan modu koordinatuan jarrai dezaten lanean, elementu hondatu eta abandonatu bat gizartearen zerbitzura egongo den baliabide aktibo bilakatzeko helburuz.

Era berean, sari honek aukera handia ematen du euskal unibertsitate publikoak inoiz hasi dituen ikerketa erronka handienetako bat zabaltzeko eta nazioartekotzeko, udal proiektuaren zerbitzura jartzen baitu diziplinaz haraindiko plataforma bat, zeinetan parte hartzen baitute Kimika Analitikoko, Hidrogeologiako, Geoteknia eta Ingurumeneko, Ondare Eraikiko eta Kultura Ondareen Kontserbazioko taldeek, Kultur Paisaiak eta Ondarea Unesco Katedrarekin batera. Proiektuak Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren babesa du; Jaurlaritzak, gainera, Euskadiko 2020rako proiektu estrategikoen zerrendan sartu du.

BEAU Arkitektura eta Hirigintzaren Espainiako Bienala uztailaren 19an inauguratu da, Santanderren, eta hala Espainian nola munduko beste hainbat lekutan arituko da datozen bi urteotan. XIV. BEAU Arkitektura gehiago bizi, hiria gehiago humanizatu lelopean egingo da, zeinak guztiz bat egiten baitu Punta Begoña zaharberritzeko planteamenduarekin: irekia, gardena, parte hartzailea eta jendeak erabili eta gozatzeari bideratua.

Azken bi urteetako arkitektura proiektu onenak ikusgai egongo dira Bienalaren katalogoan, baita estatuko nahiz nazioarteko espazio esanguratsuetan egingo diren aurkezpen, erakusketa, tailer eta denetariko jardueretan ere.