euskaraespañol

TECNALIAk eta UPV/EHUk zientziari buruzko Ikasgela Teknologiko bat jarri dute abian etorkizuneko ikertzaileentzat

Zientzia eta Teknologia Fakultatean kokatutako gune bat da, TECNALIAko pertsonek kidetzan zuzendutako gradu amaierako lanak, master amaierako lanak eta doktorego tesiak egitera bideratua

  • News

First publication date: 15/11/2018

Image
Fernando Plazaola UPV/EHUren Zientzia eta Teknologia Fakultateko Dekanoak eta Iñaki San Sebastián TECNALIAko zuzendari nagusiak hitzarmen bat sinatu dute. UPV/EHU

Hitzarmena gaur sinatu dute Leioan Iñaki San Sebastián TECNALIAko zuzendari nagusiak eta Fernando Plazaola UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Dekanoak, hura abian jartzeko

Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU) eta TECNALIA ikerketa eta garapen teknologikorako zentroak Ikasgela Teknologiko berri bat jarri dute abian, arlo horretako etorkizuneko ikertzaile berrien garapenari lagundu eta babesteko. Hori egin ahal izateko, Iñaki San Sebastián TECNALIAko zuzendari nagusiak eta Fernando Plazaola UPV/EHUren Zientzia eta Teknologia Fakultateko Dekanoak hitzarmen bat sinatu dute gaur, eta hura izango da Leioako Zientzia eta Teknologia Fakultatean kokatutako ikasgela horretarako bide orria.

Ikasgela hau sendotzea oinarrizko hitzarmen baten fruitua da, joan den uztailean sinatutakoa, dagoeneko indarrean diren lankidetza jarduerak areagotzeko: heziketan, ikerketan, transferentzian, berrikuntzan eta ezagutzaren dibulgazioan. Honekin, hiru dira dagoeneko TECNALIAren eta UPV/EHUren Ikasgela Teknologikoak: lehendabizikoa Ingeniaritzari buruzkoa, bigarrena Ekonomia eta Enpresari buruzkoa, eta hirugarrena Zientzia eta Teknologiari buruzkoa.

TECNALIAko Ikasgela Teknologikoak TECNALIAko pertsonek kidetzan zuzendutako gradu amaierako lanak, master amaierako lanak eta doktorego tesiak egiteko UPV/EHUko guneak dira. Hor sartzen dira, halaber, TECNALIAko lokaletako hezkuntza praktikak UPV/EHUko ikasleentzat, proiektuak egin eta beste I+G+b jarduera batzuk egiteko. Gainera, aurreikusi da teknologia gune horretako pertsonek irakaskuntzan eta graduondoko ikasleen heziketa jardueren garapenean laguntzea.

Fernando Plazaola UPV/EHUren Zientzia eta Teknologia Fakultateko Dekanoaren iritziz, Ikasgela Teknologiko berria “lagungarria izango da UPV/EHUren Zientzia eta Teknologia Fakultateko ikasleek eskuratutako heziketa zientifiko-tekniko bikaina TECNALIArekin lankidetzan osatua eta aberastua izateko”.

Iñaki San Sebastián TECNALIAko zuzendari nagusiak, bere aldetik, adierazi du “Ikasgela Teknologiko berriak ezagutzaren ekosistemak (heziketa, berrikuntza eta berrikuntza) sortzen aurreratzen jarraitzeko modua emango digu, UPV/EHUko talentuak eta ezagutzak gure enpresa ehunduran albait eragin handiena izan dezaten”.

Ikasgela Teknologikoek 17 urte

TECNALIAren UPV/EHUko lehendabiziko Ikasgela Teknologikoa 2001ean sortu zen Bilboko Ingeniaritza Eskolan arlo Zientifiko-Teknikoan lankidetza sustatzeko, I+G+b jardueretan eta ikertzaileen heziketa partekatuan eta etengabean elkarrekin parte hartuz. 17 urteko funtzionamenduan, 220 ikaslek egin dute Ikasgela honetan Ikasketa Amaierako Proiektua edo Master Amaierako Lana.

Gaur ere TECNALIAko Ikasgela Teknologiko honek Diplomak banatu dizkio bere hamazazpigarren promozioari, 19 ikaslek osatua.  Proiektuak lagungarriak izan dira energia efizientzia, itsas energia, datuen analisi, ibilgailu elektriko eta fabrikazio sistema aurreratuei lotutako industria arazoak konpontzeko orduan.

UPV/EHUk hirugarren Ikasgela Teknologiko bat du Ekonomia eta Enpresa Fakultatean, indarrean 2011tik, zenbait gairi buruzko doktore tesiak sustatzeko bereziki, adibidez, lurralde garapena eta I+G politikak, berrikuntza ekosistemak eta ikerketa lanaren eraginaren neurketa.

TECNALIAri buruz

TECNALIA Europan erreferentziazkoa den Ikerketa eta Garapen Teknologikoko Zentroa da. 30 nazionalitatetako 1.400 aditu biltzen ditu, teknologia BPG bihurtu eta pertsonen bizi kalitatea hobetzeko lanean, aldi berean enpresen negozio aukerak sortuz.

www.tecnalia.com