euskaraespañol

Teoriatik kantxara

UPV/EHUko doktoregai batek garatu du, bere tesitik abiatuta, saskibaloiari aplikatutako doako app bat

  • Research

First publication date: 20/01/2022

Ignacio Escribano Ott
Ignacio Escribano Ott. Argazkia: Nuria González. UPV/EHU.

Kirolariek kirol nutrizioari buruzko ezagutza eskasa eta desegokia izaten dute, eta horrek haien errendimendua eta osasuna konprometitu ditzake. Laguntza profesionalik eza, denbora kudeatzeko zailtasunak eta ezagutzarik eza dira saskibaloi jokalariek, adituen gomendioen ildotik, jokabide osasungarriak garatzea eragotz dezaketen oztopo nagusiak. Laguntzeko, UPV/EHUko ikertzaile batek Menuba garatu du, saskibaloiari aplikatutako kirol nutrizioko app bat.

Nutrizioak funtsezko zeregina du oneratzeko eta kirol errendimendua optimizatzeko oro har, eta saskibaloian, bereziki. Kirol horren ezaugarri nagusia mugimendu azkar, bat-bateko eta errepikatuak dira, eta jokalariek ahalegin handia egin behar dute.

Txikitatik nutrizio hezkuntza ona izatea funtsezkoa da ohitura onak sortzeko, helduarora arte luzatuko baitira ohiturok. Ignacio Escribano Ott Euskal Herriko Unibertsitateko ikertzaile eta saskibaloiko 1. mailako Emakumezkoen Ligako goi mailako entrenatzaile eta nutrizionistak artikulu zientifiko bat argitaratu berri du, bere doktorego tesiaren barruan, honako izenburu honekin: A Glimpse of the Sports Nutrition Awareness in Spanish Basketball Players.

Ikerlanaren helburu nagusia izan zen kirol nutrizioari buruzko ezagutzak eta praktikak deskribatzeko ikerketa bat egitea Espainiako saskibaloi jokalarien lagin batean –18 urtetik beherako kirolarietatik hasi eta profesionalak ez direnetara eta heldu profesionaletara–. Lortutako emaitzen arabera, nutrizio espezifikoaren ezagutza eskasa dago kategoria eta maila guztietan. Ignacio Escribano Ottek adierazi duenez, “Ezagutzek aurrerago ohitura bihurtuko diren portaerak azaltzen dituzte. Hala ere, ezagutza falta hori dela eta, egokiak ez diren nutrizio jokabideak eta praktikak hartzen dira, eta horrek osasuna eta kirol errendimendua arriskuan jar ditzake”.

Nutrizio portaera txarrak

Escribanok artikuluan adierazten duenez, saskibaloi jokalarien nutrizio ezagutzak, praktikak eta portaerak ez datoz bat adituen gomendioekin.  Aurkikuntza horiek iradokitzen dute kirolarien osasuna arriskuan egon daitekeela, eta muturreko egoeretara irits daitezkeela; hau da, energiarik ezera edo gehiegizko energiara. Gainera, nutrizio gehigarriak gaizki kudeatzea eta hautatzea dakarten mezuak jasotzen dituzte, eta elikatzeko kantitatea, mota eta unea oker aukeratzen dituzte; horrek guztiak eragin negatiboa du beren kirol errendimenduan.

Figura profesionalik eza eta denbora faltaren ondorioz nutrizioa kudeatzeko zailtasuna jo ziren atxikidura hori eragozten duten oztopo nagusitzat, beste batzuen artean. “Nutrizio heziketaren gabezia hori betetzeko sortu da Menuba app-a”, zehaztu du ikertzaileak. Proiektu berritzaile bat da, pandemian bete-betean sortu zena, eta UPV/EHUren Gazte Ekintzailetza programako 25 enpresa ideietako bat da.

Programa horren helburua da bekaren onuradun diren ikasleen artean ekintzailetza kultura aktibatzea, eta unibertsitatearen arloan sor daitezkeen enpresa ekimenei laguntza eskaintzea. Escribanoren hitzetan, “Menuba-k modu arin eta berritzailean hurbiltzen ditu zientziaren arloan garatutako ezagutzak, teknologia berrien bidez”.

Gaur egun, Menuba (www.menuba.com) Google Playstoren eskura daiteke doan, eta, laster, Apple Storen kaleratuko da iO-rako.

Informazio gehigarria

Ignacio Escribano Ottek Giza Nutrizioko eta Dietetikako Gradua egin zuen UPV/EHUko Farmazia Fakultatean, eta Jarduera Fisikoaren Zientzietako Masterra Hezkuntza eta Kirol Fakultatean (Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzien Atala). Une honetan, doktorego tesia egiten ari da; Julio Calleja González (UPV/EHU) eta Juan Mielgo Ayuso (Burgoseko Unibertsitatea) doktoreak dira zuzendariak.

Menubaren aurkezpen bideoa Youtuben.

Bibliographic reference