euskaraespañol

Aníbal Monasterio Astobiza eta Ramón Ortega Lozano

Txertatuen eta ez txertatuen artean gizarte banaketa gertatzeko arriskua

UPV/EHUko eta Nebrijako Unibertsitateko ikertzaileak, hurrenez hurren

  • Cathedra

First publication date: 29/03/2021

Image
Txertaketa pasaportea. Argazkia: www.freepik.es
Artikulu hau, jatorriz, The Conversation webgunean dago argitaratuta.

Egile askok (Walton, Rudinow, Hartog) aztertu dute malda irristakorraren falazia; hau da, noranzko batean lehen urratsa ematen denean, hainbat ondorio korapilatsuk, azkenean, zorigaiztoko emaitza ekarriko dutela proposatzen duen argudioa. Falazia argumentu inperfektua da; gabezia formalak ditu, eta, ondorioz, irrazional bihurtzen da. Malda irristakorrak lantzen dituen gaien kasuan, emaitzak negatiboak izaten dira beti. Horregatik, zientzia-fikziorako haztegi onak izan ohi dira; distopietarako, bereziki.

Nolanahi ere, argumentu inperfektuetan oinarritu arren, malda irristakorrak ez du eragozten arriskatuegiak diren esku hartzeetatik erator litezkeen ondorioei buruzko arrazoizko kritika batzuk egitea. María Teresa López la ViejakLa pendiente resbaladiza: la práctica de la argumentación moral’ liburuan aztertzen du argudioak, era kontserbadorean erabiliz gero, berritasuna ukatzea justifikatuko duela, hondamendirantz eramango gaituen beldurrak eraginda. Argudioak era kritikoan erabiltzeak, aldiz, zuhurtziari eusteko gonbita egiten du, emaitza zalantzagarriak dituzten praktiken aurrean.

Txertoa eta malda irristakorra

SARS-CoV-2 birusaren aurkako txertoa agertu zenean, horrek gizartean izan zezakeen inpaktuaren balizko ondorio negatiboez ohartarazten zuten hainbat eta hainbat argudio adierazi ziren. Horietako asko malda irristakorraren sailkapenekoak ziren, logika formalari uko eginez balizko hondamendi bat aurreikusten baitzuten. Mahairatutako arazo nagusietako bat zen txertaketak nahitaezkoa izan behar ote zuen. Edo kolektibo batzuetarako, behintzat, hala izan behar ote zuen.

Hortik abiatuta, txertatua egoteak txertatuta ez egotearen aurrean ekar zezakeen gizarte banaketari buruzko espekulazioak hasi ziren. Hain zuzen, balizko desberdintasun horren arriskuak erakusteko azaldu zen lehen ideietako batek esaten zuen txertatutako herritarrek aukera izango zutela bidaiatzeko, eta txertatu gabe zeudenek, berriz, ez.

Posible al da falazia bat errealitate bihurtzea? Gaur egun, txertaketa pasaportea dela eta, ematen du baietz, dirudienez laster gauzatuko baita. Malda irristakorraren argudiaketa logikoaren arabera, txertaketa pasaportearen aukera ideia txarra da, eta neurri baztertzaile eta iliberala ere bada, emaitza zalantzagarriak dituen noranzko batera eramaten gaituelako.

Pentsa dezagun txertatu ezin diren hiru herritar taldetan: a) txertoa jaso ezin dutenak, medikuen kontraindikazioa dutelako (adina, osasun baldintzak eta/edo beste faktore batzuk); b) txertoa jaso nahi ez dutenak (txertoen aurka daudelako edo autonomia arrazoi sinple batengatik); eta c) txertoa eskuratzeko aukerarik ez dutenak. Pertsona horiek, txertaketa pasaporterik ez izatean, mugatuta izango al lukete mugikortasun askatasuna? Zer egingo dugu talde horiekin? Pentsa al liteke txertaketa pasaporte faltsifikatuen merkatu beltz bat sortuko dela?

Ikus daitekeen moduan, batzuetan, malda irristakorrek adierazitako metafora katastrofikoek egiak adieraz ditzakete, haien argumentu inperfektua (irrazionala) izan arren. Are gehiago, txertaketa pasaportea eta antzeko neurriak kutsatze arriskuak prebenitzeko nahikoa ez direla ematen duenean; izan ere, Beriainek eta Ruedak aztertutako moduan, ez dago frogatuta txertoek immunitate esterilizatzailea eragiten dutenik ere. Hau da, ez da frogatu txertatuek ezin dutenik kutsatu edo birusa transmititu.

Arriskua, maldaren oinarri

Arriskuaren kontzeptua, gaur egun, honela ulertzen da: inpaktu negatiboa duen gertakari bat gertatzeko probabilitatea edo faktore batek hori gertatzeko probabilitatea areagotzea. Osasun arloan, erlazionatutako gertakarien kate baten barruan gaixotasun bat garatzetik hurbil dauden kausak identifikatzeko balio duten baldintzak dira arrisku faktorea osatzen dutenak.

Interesgarriena da arrisku ideia hori gizarte kontrolarekin lotuta dagoela beti. Gizarte “osasuntsuak” jokabide aurreikusgarri eta desiragarria dauka, eta halakoa ez den oro jokabide desbideratu bihurtzen da. Bestela esanda, jokabide batzuk kontrolatu egin behar dira, arriskuak saihesteko.

Egungo pandemia dela eta, adibide asko ikus ditzakegu. Aski dugu maskararen erabilera aipatzea. Gizarte kontrolaz ari garenean, ez gara ari maskara ez erabiltzeagatiko zehapen lege batzuei buruz, baizk eta gizarteak berak maskararen erabilera zaintzeari eta kontrolatzeari buruz. Gaur egun, nork ikusiko luke begi onez pertsona batek, maskararik gabe, doministiku edo eztula egitea? Aire zabalean kirola egiten arituko balitz ere, gaitzetsi egingo litzaioke jokabide hori. Edo, behintzat, ez litzateke begi onez ikusiko.

Horrenbestez, osasuna, arriskua eta gizarte kontrola elkarri oso lotuta dauden kontzeptuak dira. Garrantzitsua da azpimarratzea, ordea, kontrol horren pisua ez datorrela halabeharrez estatu boteretik, narratiba batetik baizik. Osasunaren antropologiatik aztertu denez, arriskuaren inguruko narrazioak beldurra, antsietatea eta amorrua eragin ditzake. Pandemian ere ikusi ditugu halakoen adibideak; esate baterako, bizilagunek osasunaren arloko profesionalei eginiko eraso gaitzesgarriak.

Txertatuen eta ez txertatuen malda berriak

Arriskuaren narratiba horren barruan, onargarria izan liteke pasaporte horiek ezartzea. Arestian aipatu bezala, malda irristakorrak pentsamendu kritikoa sortzen lagun diezaguke, ekintza baten balizko bukaerak zuhurtziaz aztertzeko. Beste malda batzuk proposatu beharko genituzke, agian, txertaketa pasaportetik abiatuta?

Ematen du beharrezkoa dela batzuk aipatzea, nahiz eta horien helburua zuhurtziaz jardutea besterik ez den; hots, txertatuen eta ez txertatuen arteko balizko gizarte banaketa horren aurrean, gainditu beharko ez liratekeen muga batzuk proposatzea. Antzeko pasaporte bat erabiltzen hasi al liteke aisialdirako leku jakin batzuetan sartzeko (diskotekak, tabernak, jatetxeak, zinemak)? Enplegu emaile batek eska al diezaioke hautagai bati, datu pribatuak lagatzeko kontratua sinatu aurretik, immunitate ziurtagiria erakusteko, kontratatua izan nahi badu?

SARS-CoV-2 birusa arnas infekzio endemiko bihurtzen bada –eta oso litekeena da hori gertatzea–, erabilgarriak izaten jarraituko al dute txertaketa pasaporteek? Txertaketa pasaporteak emandako txerto batean edo odoleko antigorputzen maila jakin batzuetan oinarrituta egongo al dira? Alderdi horiek eta beste asko proposatzen dira malda irristakorraren argudiaketarekin jarraituta erabilera kritiko eta zuhurtziazkoan, eta aztertzea merezi dute, txertatuen eta ez txertatuen arteko gizarte banaketa batekin amaitu nahi ez badugu.

The Conversation