UPV/EHU da Erasmus Mundus master gehien eskaintzen dituen unibertsitateetako bat

2019/2020 ikasturteko graduondokoen eskaintza aurkeztuko du unibertsitateak, datorren ostegunean, apirilaren 4an, Bizkaia Aretoan

  • Albisteak

First publication date: 01/04/2019

Erasmus Mundus sei masterrez gainera, UPV/EHUk baditu beste 16 master unibertsitate arteko izaera dutenak. Argazkia: UPV/EHU.

UPV/EHUren 2019-2020 ikasturterako eskaintza 106 unibertsitate-masterrek eta 32 berezko masterrek osatzen dute. Proposamen zabal eta askotariko horretan, unibertsitate-masterrei dagokienez, nabarmendu egiten dira datorren ikasturtean UPV/EHUn egin ahal izango diren sei Erasmus Mundus masterrak. Haietatik hiru berriak dira: Mikrouhinetako Elektronika eta Optika Berritzaileak Erasmus Mundus, Hiri eta Komunitate Adimenduak Erasmus Mundus eta Energiaren biltegiratze eta konbertsiorako materialak Erasmus Mundus.

Europar Batasunak bultzatzen du Erasmus Mundus programa entzutetsu hau, eta helburu du Europako goi-mailako hezkuntzaren kalitatea bultzatzea. Programaren ekintza nagusietako bat da laguntza eskaintzea garrantziagatik eta kalitate akademiko bikainagatik hautatzen dituzten master- eta doktoretza-programa bateratuei, eta, gainera, haietako batzuek finantziazioa ere lortzen dute. Estatuko unibertsitate bakar batek hartzen dio aurrea UPV/EHUri Erasmus Mundus master-kopuruari dagokionez, Bartzelonako Unibertsitate Autonomoak.

Lehendik eskaintzen ziren beste hiru Erasmus Mundus masterrei gehitzen zaizkie hiru berri horiek: Itsas Baliabide Biologikoak Erasmus Mundus, Itsas Ingurumena eta Baliabideak Erasmus Mundus eta Energia Berriztagarriak Itsas Ingurunean Erasmus Mundus. Aipatu beharra dago azken bi master horiek Good Practices Flag aintzatespena lortu zutela; Europar Batasunaren ebaluazioa gainditu zuten, gutxieneko nota (100etik 75) baino askoz ere puntuazio handiagoarekin. “Eskaintza honek indartu egiten du UPV/EHUk nazioartekotzearen alde egin duen apustua, zeina gure ardatz estrategikoetako bat baita. Gainera, aukera emango die ikasleei Europako izen handiko unibertsitate-programetan sartzeko, eta, hala, aukera izango dute hainbat lekutako ikasle eta irakasleekin trebakuntza-esperientziak partekatzeko; hori guztia oso funtsezkoa da gaur egungo mundu global honetarako”, azaldu du Araceli Garin Graduko eta Graduondoko Ikasketen arloko errektoreordeak. Hiru Erasmus Mundus master berriez gainera, Subiranotasuna Europako Herrietan masterra eskainiko da lehen aldiz datorren ikasturtean, euskaraz.

Erasmus Mundus sei masterrez gainera, UPV/EHUk baditu beste 16 master unibertsitate arteko izaera dutenak, alegia, beste unibertsitate batzuekin batera ematen dira —bai atzerrikoak, bai estatukoak—; bestalde, beste hamar masterrek nazioarteko titulazio bikoitza lortzeko aukera eskaintzen dute, hau da, unibertsitate elkartuan irakasgai batzuk eginez, ikasleek bi master unibertsitate-titulu eskuratzen dituzte: bata UPV/EHUrena, eta bestea, dagokion atzerriko unibertsitatearena. Bestalde, UPV/EHUk sei unibertsitate-master eskaintzen ditu Amerikako beste unibertsitate batzuetan, Graduondoko Latinoamerikako Sarearen bidez: maila handieneko komunitate akademikoa osatzen dute 12 herrialdetako 16 unibertsitatek.

Azkenik, formatu dualean emango dira hiru master datorren ikasturtean: Multimedia Kazetaritza masterra, Sistema Txertatuen Ingeniaritza masterra eta Fabrikazio Digitala masterra. “Unibertsitate gisa daukagun nahia da gure ikasleek aukera profesional arrakastatsuak izan ditzaten bermatzea. Eta modalitate dualean emango diren master hauek xede horretan lagunduko dute, enpresekin eta erakundeekin lankidetzan eta txandakatuta diseinatu eta gauzatzen baita prestakuntza-programa”, dio Garinek. UPV/EHUk mota askotako masterrak ditu lanbiderako ahalmena ematen dutenen artean: guztira 11, Abokatutza edo Industria Ingeniaritza masterretatik Arkitektura, Nautika eta Itsas Garraioa edo Laneko Segurtasun eta Osasuna masterretaraino.

Berezko masterrei dagokienez, UPV/EHUk irmo jarraitzen du Unibertsitateak berak antolatutako irakaskuntza espezializatuen bidezko etengabeko prestakuntzaren alde egiten; izan ere, malgutasunez egokitzen dira gizarte-eskaeretara, eta modu erabakigarri batean laguntzen dute ibilbide profesionala orientatzen eta berrorientatzen. Hala, datorren ikasturtean aurten baino berezko master gehiago eskainiko dira; guztira 32, zeinetatik hamar master berriak baitira eta jakintza-arlo berriekin lotuta baitaude:  Sorkuntza Zinematografikoa eta Ikus-entzunezkoen Sorkuntza, Kultura Zientifikoa, Datu Pertsonalen Babesa, Zibersegurtasuna eta IKTen Zuzenbidea edo Haurren eta Helduen Neuropsikologia Klinikoa. Formatu modularrean egin ahal izango dira beste hamaika master —ikasturte honetan estreinatu da formatu hori—. Formatu modularreko master horiek iraupen txikiagoko programetan zatitzen dira, zeinak bereizita egin baitaitezke eta, guztiak batuta, goi-mailako titulazioa lor baitaiteke.

Master Eguna Bizkaia Aretoan

Eskaintza hau osorik aurkezteko, UPV/EHUk Master Eguna antolatu du interesa duten lagun guztientzat. Datorren ostegunean izango da, apirilaren 4an, 15:30etik 20:00etara, UPV/EHUko Bizkaia Aretoan (Abandoibarra 3, Bilbo). Jardunaldi horretan, master-arduradunek beren programak aurkeztuko dituzte eta egiten zaizkien galderei erantzungo diete. Halaber, mugikortasunari, bekei, matrikulazio-prozesuari eta abarri buruzko informazioa lortu ahal izango da. Jardunaldia amaitzeko, 19:00etan aintzatespen ekitaldi bat izango da: diplomak emango zaizkie 2017-2018 ikasturtean espediente akademiko onena izan duten UPV/EHUko master-ikasleei.