euskaraespañol

UPV/EHUk EGEO (Euskal Gramatika: Egiturak eta Osagaiak) sareratu du

Gramatika Patxi Goenaga euskaltzain oso eta UPV/EHUko katedradun ohiaren lana da, eta gaurtik aurrera unibertsitate publikoaren web orrian dago eskuragarri

  • Research

First publication date: 27/04/2023

Image
Beatriz Fernández, Patxi Goenaga, Eva Ferreira, Itziar San Martin eta Miren azkarate agerraldia hasi aurretik. | Photo: Mitxi

Gaur, Bizkaia Aretoan, Euskal Herriko Unibertsitateak EGEO (Euskal Gramatika: Egiturak eta Osagaiak) aurkeztu du: nagusiki hizkuntza deskribatu arren, arazo teorikoei muzin egiten ez dien gramatika bat. Aurkezpenean egon dira: Eva Ferreira, UPV/EHUko errektorea; Patxi Goenaga, katedradun, euskaltzain osoa eta lanaren egilea; Itziar San Martin, Euskara Institutuko zuzendaria; Miren Azkarate, euskaltzain osoa eta Euskara Institutuko zuzendari ohia; eta Beatriz Fernandez, UPV/EHUko ikertzaile eta gramatikaren editorea.

Gaurtik aurrera, lan luze baten emaitza den gramatika hori, karrera akademiko baten laburpena nolabait, unibertsitate publikoaren Euskara Institutuaren webgunean egongo da eskuragarri. Proiektu honetako babesleak Euskara Institutua, Zientzia eta Berrikuntza Ministerioa eta Eusko Jaurlaritza izan dira. 

Gramatika berri honen aurkezpenean, Eva Ferreirak, Unibertsitateko errektoreak, hau esan du: “Lehenik eta behin, eskerrak eman nahi dizkiot Patxi Goenaga irakasleari obra honetan egin duen lan bikainagatik, eskerrak, halaber, zeregin horretan lagundu dieten pertsona guztiei, eta Euskara Institutuari ere ekimen honen alde egiteagatik. Hemendik aurrera, EGEO interesa duten lagun guztien eskura egongo da. Gramatika honek berebiziko garrantzia du euskal gramatika ikasketen barruan, eta berriro ere Euskal Herriko Unibertsitateak euskararekin eta euskal kulturarekin hartu duen konpromisoaren beste pausu bat da. Euskara indartzeko eta garatzeko gure unibertsitatea ez dago bakarrik baina, zalantzarik gabe, erakunde erabakigarrienetako bat da eta jarraituko du izaten etorkizunean ere”. 

Ezaugarri teknikoak eta nori zuzendua 

Goenagaren jardun akademikoaren hasieratik egon da arazo teorikoen inguruko kezka. Hortaz, hizkuntza deskribatzeaz gainera, han eta hemen gogoeta teoriko egiten du Goenagak. Osagaiak deskribatu nahi dituen gramatika da EGEO eta osagai horiek dira gramatika honen kapituluei izena ematen dietenak. EGEOk perpaus lokabe eta bakunari buruzko hamar kapitulu ditu: 1) Perpausa; 2) Izena eta izen sintagma; 3) Adjektiboa eta adjektibo sintagma; 4) Zenbatzailea eta zenbatzaile sintagma; 5) Determinatzailea eta determinatzaile sintagma; 6) Izen predikatua; 7) Egiturazko kasuak; 8) Aposizioak; 9) Aditza eta aditz sintagma; eta 10) Aditz Inflexioa.  

Lan honen dimentsioari buruzko ideia bat emateko: paperera ekarriko bagenu, liburu batean A4ko tamainako orrialde batera, 12 puntuko letrarekin, 500 orrialde inguru izango lituzke EGEO gramatikak. 

EGEO Gramatika bereziki lagungarria gerta daiteke euskal gramatikan trebatzen hasiak diren unibertsitateko ikasleentzat. Eta unibertsitateko ikasle horiek belaunaldi berrietakoak direnez, Z belaunaldikoak (1995–2000) eta ostekoak, hots, teknologia digitala, interneta eta sare sozialak oso umetatik ezagutzen dituztenez, EGEO eskura izatea sakelako telefonoan (edo bestelako gailuetan), eurengana hurreratzeko estrategia aproposa delakoan gaude. Beste alde batetik, gramatikagintzan eskarmentua duten hizkuntzalariek irakasteko lanabes gisa balia lezakete EGEO edo besterik gabe Goenagarekin tarteka sintaxiari buruzko balizko elkarrizketa bat izateko. 

EGEO da Sareko Euskal Gramatika (SEG)-rekin batera sarean dauden euskal gramatika bietako bat eta biak argitaratu dira UPV/EHUko Euskara Institutuaren babespean. Itziar Lakaren Basque Grammar ere badago, ingelesezkoa, Euskara Institutuaren webgunean eskura hau ere.  

Patxi Goenaga da EGEO gramatikaren egilea, euskal gramatikagintza modernoan, ezinbesteko erreferentea izan den hizkuntzalaria. Azpeitiarra, 1948an jaioa, UPV/EHUko Euskal Filologiako katedraduna jubilatu arte; Euskaltzaindiko euskaltzain osoa da gaur egun. Gramatika bideetan argitaratu zuen hirurogeita hamarreko hamarkadaren amaieran (Erein, 1978) eta gramatika sortzaile, hots, Noam Chomskyren orduko eredu teoriko berria ekarri zuen euskarara eta euskararen analisira. Harrez gero, gramatika proiektu handi batean baino gehiagotan engaiatua ibili da Goenaga: batetik, Euskaltzaindiko Gramatika Batzordearen proiektu guztietan, hala nola, Euskal Gramatika: Lehen Urratsak (EGLU) eta Euskararen Gramatika (2021) izenekoetan; bestetik, Sareko Euskal Gramatika (SEG), deritzanaren editorea izan zen Pello Salaburu eta Ibon Sarasolarekin batera.  

Beste aldetik, Beatriz Fernández da editorea, hizkuntzalaria, UPV/EHUko Unibertsitateko Irakasle Titularra. Hizkuntzalaritza eta Euskal Ikasketak Saileko buru eta ikertzailea. 

Hemendik aurrera, gramatikaren sarbidea libre izango da: euskaldun ororen esku gelditzen da. UPV/EHUren leloarekin bat egin dute egileak zein editoreak EGEOrekin: Eman Ta Zabal Zazu. Inon euskaldunik bada, sarerako sarbidea badu behintzat, EGEO irakurtzeko aukera izango du. EGEOren edizioa JATS (Journal Article Tag Suite) XMLrekin egina dago, hots, artikulu zientifikoak argitaratzeko erabili ohi den edizio estandar bat. Estandar tekniko honi esker, argitaratzen den edukia aldatu eta ustiatu daiteke. Bestalde, teknologia aldatuz doan heinean eduki hori gorde egin daiteke,