euskaraespañol

UPV/EHUk Medikuntza eta Erizaintzako Fakultateko 605 ikasleren graduazioa ospatu du

Basurtuko ospitalearen ondoan egongo den Fakultatearen etorkizuneko eraikinak urrats berri bat eman du lizitazioaren zabaltzearekin

  • News

First publication date: 07/06/2019

Image
Graduazio ekitaldia Euskalduna jauregian ospatu da. Argazkia: Mitxi UPV/EHU

UPV/EHUko Bizkaiko Campuseko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateak 2018/2019 ikasturteko Graduazio Ekitaldiaren ospakizuna egin du, hala, ikasketak amaitu dituzten graduatuei diplomak banatu zaizkie Euskalduna Jauregian. Diplomen banaketak Nekane Balluerka UPV/EHUko errektorea izan du buru eta berarekin batera izan dira, besteak beste, Alfonso Morais, Unibertsitate eta Ikerkuntzako sailburuordea eta Joseba Pineda, Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko dekanoa. Promozio honen aitabitxia Luciano Aguilera, mediku eta Kirurgia, Erradiologia eta Medikuntza Fisiko saileko irakaslea izan da eta ‘La esencia de cuidar’ hitzaldia eskaini du.

2018/19 ikasturtean, Medikuntzak 46. promozioa bete du, Erizaintzak 40.a, Odontologiak, 29.a eta Fisioterapiak bosgarrena. Guztira, 605 ikaslek (440 emakume eta 165 gizon) bukatu dituzte ikasketak: Medikuntzan 318 ikaslek (231 emakume eta 87 gizon); Erizaintzan 185ek (144 emakume eta 41 gizon) ; Odontologian 50ek (34 emakume eta 16 gizon); eta 52 ikaslek (31 emakume eta 21 gizon) Fisioterapian.

Joseba Pineda Fakultateko dekanoak adierazi duenez, ikastegiak bere 50 urteko historian zehar prestakuntza eman die “ia 12.500 medikuri, 1.500 odontologori, 200 fisioterapeutari eta soilik azkenengo bi ikasturteetan 550 erizaini”. Gainera, Fakultateak izan dituen aparteko aldaketa batzuk azpimarratu ditu: ”lehenengo promozioan hiru gizoneko emakume batek ikasten bazuen medikuntza, ikasturte honetan tituludunen hiru laurden neskak dira. Eta orain 30 urte euskarazko lehenengo klaseak ikasleen %10a baino gutxiagorekin hasi ziren, gaur egun aldiz, %40ak baino gehiagok aukeratzen du euskaraz ikastea. Publikoki aitortu nahiko nituzke lorpen hauek eskuratzen lagundu duten irakasle eta profesionalak”. Eta berriki graduatu direnei buruz honakoa azpimarratu du: “gizartearen apustua arrakastatsua izan da; izan ere, hemen zaudete arduraz lan egiteko. Hau da izaera publikoak eman eta lortu duena. Hau izango da gizarteak, egindako inbertsioaren truke, jasoko duena”. 

Bestalde, Nekane Balluerka errektorea ikasleei zuzendu zaie honako hitz hauekin: “ziur naiz fakultateak ibilbide profesional luze eta emankorra lortzeko prestakuntzarik onena eman dizuela. Gelan, laborategietan eta ospitaleko praktiketan garatu duzuen lanak zuen etorkizunean funtsezko balioa izango du osasun arloko langile moduan, baina ausartuko nintzateke esatera, ezagutza teoriko edo esperientzia klinikoa bezain garrantzitsua izango dela jendearekiko tratua, gaixoak alaituz, sustatuz eta motibatuz”.

Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko eraikin berria

Iragan maiatzaren 31an Basurtuko ospitalearen ondoan eraikiko den Medikuntza eta Erizaintzako Fakultatearen eraikin berriaren lizitazioa argitaratu zen. 2024-25eko ikasturtean ekingo dio bere jarduera akademikoari. Lizitazio horren aurrekontua 2,4 milioi euro baino gehiagokoa da eta inbertsio osoak aldiz 52,13 milioi hartuko ditu (45 Eusko Jaurlaritzarenak eta beste 7 UPV/EHUrenak). Unibertsitate gune berriak 32.000 metro karratu izango ditu.

Pinedak unibertsitate komunitateak eraikin berriaren eta bere kokalekuaren iragarpenagatik agertu duen ilusioa azpimarratu du. “Osasunan alorreko titulazioak eskaintzen dituen Fakultate moderno batek osasun ingurugiro batean txartatuta egon behar du irakaskuntza eraginkorra emateko, ikerketa sinergiak hobetzeko eta, azken finean, bere helburu eta erronkei aurre egiteko”, azaldu du Pinedak.