euskaraespañol

UPV/EHUk Unibertsitate Orientaziorako azken azoka ospatuko du larunbatean Bilbon

  • Event

When and where

10/02/2018, 09:00 - 00:00

Location

Bilbao (Bizkaia)

Image

Description

Larunbatean, otsailak 10, 9:00etatik 14:00etara, Ekonomia eta Enpresa Fakultatean (Sarriko) eta Bizkaia Aretoa–UPV/EHUn (Abandoibarra 3, Bilbo) (Bizkaia Aretoan osasun arloko standak eta informazio saioak egongo dira), Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateak ospatuko du 2018ko Unibertsitate Orientaziorako hiru azoketatik azkena.

Orientaziorako Azokek aukera ezin hobea eskaintzen diete etorkizuneko ikasleei UPV/EHUren gradu ikasketak gertutik ezagutzeko, hala nola unibertsitatera sartzeko prozedura. Hain zuzen ere, 2018-2019 ikasturtean, Euskal Herriko Unibertsitateak 92 gradu eskainiko ditu hiru campusetan. Horietariko hiru gradu bikoitzak dira, eta hiruren artean bat berrikuntza: Ingeniaritza Mekanikoko eta Industria Elektronikaren eta Automatikaren Ingeniaritzako Gradu Bikoitza datorren ikasturtean ematen hasiko da Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolan. Beste bi gradu bikoitzak hauexek dira: Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako eta Zuzenbideko Gradu Bikoitza eta Fisikako eta Ingeniaritza Elektronikoko Gradu Bikoitza. Azken horrek 2017an gutxieneko notarik altuena izan zuen UPV/EHUn: 12,882. Halaber, nazioarteko 20 gradu bikoitza egin ahal dira. Nazioarteko gradu bikoitz horietan, bi unibertsitate titulu lortzen ditu ikasleak, bat UPV/EHU emana, eta bestea atzerriko unibertsitateak. Beste hiru graduetan (Automobilgintzaren Ingeniaritza, Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza, eta Prozesu eta Produktuen Berrikuntzaren Ingeniaritza) prestakuntza duala eskaintzen da.  Sistema berritzaile horretan ikasleek inguruko enpresetan eskuratzen dituzte hainbat gaitasun.

Unibertsitate Orientaziorako Azoketara interesik duen edonor hurbil daiteke, baina bereziki unibertsitate-aurreko ikasleei, haien gurasoei eta bigarren hezkuntzako irakasleei zuzenduta daude. Bertan UPV/EHUko graduei buruzko informazioa aurkituko dute, eta zentro guztietako irakasleek eta Orientazio Zerbitzuko langileek arreta egin eta zalantzak argitzen lagunduko diete egin behar duten ikasketen aukeraketan, banan-banan zein taldeko informazio-saioen bidez.

Halaber, informazioa jaso dezakete unibertsitatera sartzeko bideen, mugikortasun-programen, graduondokoen, tasa nahiz beken, unibertsitateko ostatu nahiz garraioaren, kirol-jardueren, unibertsitate-orientazioaren eta abarren gainean ere. Nahi izanez gero, Orientaziorako Azokaren egunean bertan, Bizkaiko Campuseko unibertsitate-egoitzak bisitatzeko aukera izango da: (larunbat honetan, Blas de Otero egoitza eta Miguel de Unamuno Ikastetxe Nagusia

Azokei buruz

UPV/EHUren Unibertsitate Orientaziorako Azokak hiru campusetan egiten dira; ondoz ondoko hiru larunbatetan. Gipuzkoako azoka urtarrilaren 27an izan zen, eta Arabakoa, otsailaren 3an. Hirugarrena eta azkena Bizkaiko Campusean izango da, larunbat honetan, otsailak 10.

Informazio guztia: www.ehu.eus/eu/web/sou/unibertsitate-orientaziorako-azokak

UPV/EHUk urtero garatzen du Unibertsitatera Sartzeko Programa, unibertsitate-aurreko ikasleek ahalik eta informazio gehien izan dezaten ikasketak hautatu aurretik, eta Unibertsitate Orientaziorako Azokak programa horren baitan kokatuta daude, haren bigarren fasean, hain zuzen. Lehen fasean, unibertsitate-aurreko ikasleei interesatzen zaizkien graduei buruzko Jarduera Praktikoak burutu ziren. Eta, programari amaiera emateko, Ate Irekien Jardunaldiak egingo dira, martxoan. Horietan parte hartzeko, otsailaren 19etik 25era bitartean eman beharko da izena, unibertsitateko web gunean: www.ehu.eus/sou/jardunaldi-irekiak.