euskaraespañol

UPV/EHUko ikertzaile batek CIBERSAMek ematen duen 2018ko artikulu zientifiko onenaren ikertzaile gazteentzako saria jaso du

Ines Ibarra-Lecueren ikerketan, lehen aldiz identifikatu dira nerabezaroan kalamua kontsumitzearen eta psikosiaren eta eskizofreniaren agerpenaren arteko lotura azalduko luketen mekanismo molekularrak.

  • News

First publication date: 17/06/2019

Image
Ines Ibarra-Lecue bere agerraldian saria jaso baino lehen.

UPV/EHUko Neuropsikofarmakologia taldeko Ines Ibarra-Lecue ikertzaileak eskuratu du Ikertzaile gazteentzako V. Santiago Reig Saria, CIBERSAM (Centro de Investigación Biomédica en Red) erakundeak banatu duena 2018ko argitalpen zientifiko onena saritzeko. Saritutako artikulua Neuropsychopharmacology aldizkarian argitaratu da, eta nerabezaroan kalamua kontsumitzearen eta psikosiaren eta eskizofreniaren agerpenaren arteko harremana jorratzen du.

Cibersamek emandako sari horren bidez, urtero, ikertzaile gazteek (40 urtez azpikoak) artikuluen argitalpenean egindako lana aitortzen da, eta beren originaltasuna edo garrantzia dela-eta nabarmentzen diren artikuluak saritzen dira. Saria pasa den ekainaren 14an eman zaio Ideien Laborategiaren 7. edizioaren barnean; sari banaketa Oviedon dagoen Asturiasko Medikuen Elkargo Ofizialean egin da, Ibarra Lecuek bere lana aurkeztu ostean.

Artikuluan, zeinak jada jaso baitzuen azaroan Espainiako Kanabinoideei buruzko Ikerketa Elkarteak (SEIC) argitalpen zientifiko onenari ematen dion saria, lehen aldiz identifikatzen dira nerabezaroan kalamua kontsumitzearen eta eskizofrenia agertzeko arriskua areagotzearen arteko harremana azaltzeko funtsezkoak izan daitezkeen mekanismo molekularrak. “Ikerketa horrek bide berriak irekitzen ditu etorkizunean prebentzio estrategiak sortzeko bereziki zaurgarriak diren populazioetan, bai eta eskizofrenia duten pertsonen bizitza hobetu dezaketen farmako eta terapiak diseinatzeko ere” azaldu du ikerlari gazteak.

Lan hori une honetan Inés Ibarra-Lecue garatzen ari den doktorego tesiaren zati bat da; UPV/EHUko Farmakologia Sailean ari da egiten doktorego tesia, Leyre Urigüen eta Luis F. Callado doktoreen zuzendaritzapean, eta Eusko Jaurlaritzaren ikertzaileen prestakuntzarako beka bati esker.