euskaraespañol

UPV/EHUko Ingeniaritzaren espediente hoberenei IDOM Sariak eman dizkiete

  • News

First publication date: 16/01/2018

Image
Luis Rodriguez, Idomren presidentea; Enrique Amezua, Bilboko Ingeniaritza Eskolako zuzendaria eta Carolina Rebollar Ikastegietako idazkaria, ikasle saridunekin batera.

UPV/EHUko Bilboko Ingeniaritza Eskolako ‘Espediente Hoberenentzako Idom Sariak” 35 ikaslek jaso dituzte, ikasturte eta titulazio bakoitzeko ikasle onenek, hain zuzen ere. Horietako bederatziren batez besteko nota 9tik gorakoa izan da. Azpimarratzekoa da Industria Antolakuntzaren Ingeniaritzako Graduaren azken ikasturtean 9,33ko nota lortu duen eta ikasketak hasi zituenetik, karreraren lau urteetan, bere ikasturteko hoberena izan den Jinghan Wang ikaslea. Irailetik Wang lanean ari da Zamudioko Matrici enpresan. Bat egitearen ondoren Bilboko Eskolak ematen dituen hamabi graduetako bi diren Itsasketa graduko eta Nautika eta Itsas Garraioko graduko ikasleek euren saria jaso duten lehenengo urtea izan da.

Bilboko Ingeniaritza Eskolak (UPV/EHU) bere ikasle onenak omendu ditu, ikasturte eta titulazio bakoitzeko “Espediente Hoberenentzako Idom Sariekin”. Luis Rodríguez Llopis Idomeko presidenteak, Fernando Querejeta Bilboko Ingeniaritza Eskola Fundazioaren presidenteak, Enrique Amezua Eskolako zuzendariak eta Carolina Robollar ikastetxeko idazkari akademikoak aintzatespen hori egin dute Eskolan bertan ospatu den eta, omendutako ikasleez gain, senideak, adiskideak eta ikasle horiek Batxilergoa egin zuten ikastetxeetako ordezkariak ere egon diren ekitaldian.
 
Guztira, batez beste 9,78tik 7,14ra arteko notak lortu dituzten 35 ikasle izan dira –23 mutil eta 12 neska. Etorkizunean euskal industria sektorearen buru izatera eramango duten oso prestakuntza maila altuko ikasleak dira. Aurten, bederatzi ikaslek, 9tik gorako batez besteko nota lortu dute. Nota altuena, Telekomunikazio Ingeniaritzako Unibertsitate Masterreko Xabier Landak lortu du, 9,78koa, hain zuzen ere.
 
Horrez gain, hainbat ikaslek aintzatespena errepikatu dute, aurreko ikasturteetan ere gauza bera jaso baitzuten. Azpimarratzekoa da Industria Antolakuntzaren Ingeniaritzako Graduko laugarren maila 9,33ko batez besteko notarekin amaitu zuen Jinghan Wang ikaslea, bere mailako hoberena izan baita ikasketak hasi zituenetik (karrerako lau urteetan). Wang lanean ari da jadanik Zamudioko Matrici enpresan, eta horrek argi eta garbi erakusten du Eskolako graduatuen laneratze azkarra.
 
Everis Fundazioak duela denbora gutxi egin duen azterlanak erakusten duenez, ingeniariak dira enpresek gehien eskatzen dituzten graduatuetako batzuk. Konpainiek zorrotz aztertzen dituzte profesionalaren gaitasunak, eta azterlanean ikusten denez, ondo baino hobeto dakite zeintzuk diren etorkizuneko langileak ondoen prestatzen dituzten unibertsitateak. Horrela, Industria Ingeniaritzako campusei dagokienez, eskari gehien duena, eta enplegatzaileen beharretara ondoen egokitzen dena Euskal Herriko Unibertsitatea da, 10etik 7,9ko nota lortuz; bere ondoren Kataluniako Politeknikoa (7,7) eta Madrilgo Politeknikoa (7,6) daude. Azpimarratzekoa da, baita ere, Shanghaiko azkenengo ranking-ak erakusten duenez, UPV/EHU mundu osoko 200 unibertsitate hoberenen artean dagoela, ingeniaritzaren alorrean.

Horrez gain, Fusioaren ondoren Bilboko Eskolak ematen dituen hamabi graduetako bi diren Itsasketa graduko eta Nautika eta Itsas Garraioko graduko ikasleek euren saria jaso duten lehenengo urtea izan da. Itsasketa gradua, Europa mailako EUR-ACE akreditazioa lortu duen Euskal Herriko Unibertsitateko lehenengo ingeniaritza bilakatu da. Akreditazio horrek ikasketa teknikoen kalitatea ziurtatzen du eta titulatuei nazioarte mailako aintzatespena ematen die. Europako ingeniaritza alorreko nazioarteko akreditazio garrantzitsuena da.