euskaraespañol

UPV/EHUn nazioarteko 2.307 ikasle izan dira

Euskal Herriko Unibertsitateak aurkeztu du gaur datozen urteetarako Nazioartekotze Estrategia

  • News

First publication date: 01/07/2019

Image

Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatean atzerriko 2.300 ikasle baino gehiago ari dira ikasten. Hori izan da erakundeko errektore Nekane Balluerkak gaur goizean eman duen datuetako bat, euskal unibertsitate publikoaren Nazioartekotze Estrategiaren aurkezpenean, UPV/EHUko Bizkaia Aretoan. Ekitaldian, errektorearekin batera egon dira Marta Barandiaran, Koordinazioaren eta Nazioarteko Harremanen arloko errektoreordea; José Luis Martín, Ikerketaren arloko errektoreordea; eta, Arturo Muga, Garapen Zientifikoaren eta Transferentziaren arloko errektoreordea.

Estrategiaren aurkezpenean, euskal unibertsitate publikoaren orain arteko nazioartekotze politikaren datu nagusiak eman dituzte, eta datozen urteetarako arlo horretan finkatu dituzten helburuen berri ere eman dute.

Prestakuntza

Prestakuntzaren arloan, UPV/EHUk bere nazioartekotze mailari buruzko datu esanguratsuak eman ditu; zehazki, 2018/19 ikasturtean unibertsitatean ikasketak egin dituzten atzerriko ikasleen kopurua. 2.307 pertsona izan dira, honela banatuta: 899 graduetan, 638 masterretan eta 770 doktoregoetan. 2016. urtearen amaierako datuekin alderatuta, ikasle horien kopurua % 27 igo da, eta horrek agerian uzten du euskal unibertsitateak nazioartekotze prozesuan izandako aurrerapen nabarmena. Mugikortasun programetan ere (Erasmus eta beste norako batzuk) positiboak dira emaitzak: gaur egun UPV/EHUk 1.100 mugikortasun hitzarmen baino gehiago ditu sinatuta 51 herrialdetako unibertsitateekin (horietako 19 lehenengo 100en artean daude Shanghaiko rankingean). Nazioarteko mugikortasun programetan, 1.674 ikasle joan dira atzerrira (% 17ko igoera 2016. urtearekiko), eta antzeko programen bidez etorritako ikasleen kopurua, berriz, 1.242koa izan da (% 33ko igoera).

Oraintxe bertan, hizkuntza ez-ofizialetan graduko 817 irakasgai eta masterreko 360 eskaintzen dira. Orotara, 1.178 irakaslek C1 maila egiaztatu dute, irakaskuntza beste hizkuntza batzuetan emateko. Irakaskuntzaren arloan ere, UPV/EHUk gaur egun nazioarteko titulu bikoitzak eskaintzen ditu (24 gradutan eta 24 masterretan), eta unibertsitatearen barruan 198 doktorego tesi defendatu dira, tutoretzakidetzako erregimenean. Bestalde, aurtengo ikasturtean hiru Erasmus Mundus master eman dira (Europar Batasunak finantzatutako nazioarteko ikasketen programak, prestigio handikoak, batera ematen dituenak goi mailako hezkuntza erakundeen nazioarteko partzuergo batek), eta 2019/2010 ikasturtean horrelako sei emango dira. Halaber, 2020-2021 ikasturtean ingelesez osorik  eskainiko du estrainekoz UPV/EHUk gradu bikoitz bat: Business and Economics (Enpresen Administrazioa eta Ekonomia).

Etorkizunari begira, UPV/EHUk aliantza estrategikoak bultzatzeko eta Graduondokoen Latinoamerikako sarea errotzeko helburuak planteatu ditu, arlo horren barruan. Era berean, prestakuntza eskaintzaren nazioartekotzea bultatuko du, eta ikasketak, praktikak eta prestakuntza egiteko mugikortasuna dibertsifikatuko du, bereziki Estatu Batuetan, Kanadan, Asian eta herrialde nordikoetan.

Ikerketa

Ikerketaren arloan, UPV/EHUk 102 proiektu lortu ditu Horizon2020n (Europar Batasunaren ikerketa eta berrikuntzako oinarrizko programa bat), eta liderra izan da horietako 13tan (osoaren % 19). Proiektu horiek 30 milioi euroko diru sarrera ekarriko dute, programak iraun duen bost urteetan. Kopuru hori UPV/EHUk ikerketen bidez lortutako diru sarrera osoen % 21 da, eta horrek erakusten du denbora tarte horretan aurreko programaren bidez 7 urtetan lortutako zenbateko bera lortu dela. Bestalde, garai hartan lideratutako proiektuak halako bi lideratzen ditu orain.

Ikerlanaren nazioartekotzea bultzatzeko, euskal unibertsitateak planteatu dituen ekintzen artean, aipatzekoak dira, besteak beste, produkzio zientifikoa ADDI (Irakaskuntzako eta Ikerketako Artxibo Digitala) erakunde gordailuan sartzea, ikertzaileei argitalpen irekiei buruzko prestakuntza ematea (Open Access), eta ORCID kodeak (Ikertzaile eta Kolaboratzaile Identifikatzaile Irekia) erabiltzea. Unibertsitateak bultzatuko ditu, halaber, Nazioarteko I+G Proiektuen Bulegoa, Nazioarteko Bikaintasunaren Euroeskualdeko Campusa (Bordeleko Unibertsitatearekin batera ezarritakoa), eta irakasle-ikertzaileen nazioarteko mugikortasuna. Ekintza horiek guztiek helburu bikoitza dute: nazioarteko ikerketa areagotzea, eta haren ikusgarritasun handiagoa lortzea ere.

Nazioarteko rankingak

Jakina denez, Euskal Herriko Unibertsitateak postu onak lortu ditu azken urte hauetan nazioarteko ranking prestigiotsuenetako batzuetan. Gaur-gaurkoz, munduko 400 unibertsitate onenen artean dugu Shanghaiko rankingean (300-400eko tartean, 100. postutik unibertsitateak ez baitira banaka antolatzen, tarteetan baizik), eta 50 urte baino gutxiago dituzten unibertsitateetan, berriz, lehenengo 200 onenen artean dago (150-200eko tartea), THE (Times Higher Education) rankingaren arabera.

Etorkizunari begira, helburua arlo honetan da UPV/EHU unibertsitate kalitatea ebaluatzen duten erreferentziako rankingekin lerrokatzea.

Nekane Balluerka errektorearen iritziz, “datu horiek erakusten dute, alde batetik, UPV/EHUk ikasketak atzerriko hizkuntzetan egiteko aukera ematen diela bai Euskal Herrian geratzea erabaki duten ikasleei bai nazioarteko egonaldi bat egitea erabaki dutenei, eta bestetik, gure unibertsitatea gero eta erakargarriagoa dela beste herrialde batzuetako ikasleentzat. Gainera, ikerketaren arloan beste unibertsitate batzuekin izandako lankidetzak muga ugari gainditu ditu, eta horrek posizio ona lortzeko aukera eman digu nazioarteko ranking erreferentean; hots, Shangaiko rankingean. Edonola ere, ez dugu autokonplazentzian erori behar: asko dugu hobetzeko, eta arrazoi horrengatik, hain zuzen, gaur gizartean aurkezten dugun Nazioartekotze Estrategia hau diseinatu eta martxan jarri dugu”.