UPV/EHUk mikroalgen bilduma zabaldu du mundura 

600 andui baino gehiago ditu bildumak, eta ikerketa bioteknologikorako iturri garrantzitsu bat izateaz gain, baliabide naturalak kontserbatzeko modua ere bada 

  • Research

First publication date: 11/02/2021

Sergio Seoane Parra eta Esther Blanco Rayón. Itsas planktonaren eta estuarioaren ikerketa-taldea. Argazkia: UPV/EHU.

Munduko hainbat tokitako (batez ere, Euskal Autonomia Erkidegoko uretakoak) mikroalgen 600 andui isolatuk baino gehiagok osatzen dute BMCC Basque Microalgae Culture Collection bilduma. UPV/EHUren kultibatutako mikroalgen bilduma, Espainiako Algen Bankuarekin batera, Munduko Kultibo Bildumen Federazioan (World Federation for Culture Collections - WFCC) erregistratua dagoen Espainiako mikroalgen bilduma bakarra da. Estreinatu berri duen webguneak mundura zabaldu du bilduma.

Mikroalgak organismo mikroskopiko fotosintetikoak dira, eta ekosistema desberdinetan –bai ur gezakoa, bai ur gazikoa, bai itsasoko uretakoa– hartutako ur laginetatik ateratzen dira. Isolamendua mikropipeteoaren edo serieko diluzioen bidez egiten da, eta kultiboak hazkuntza ganberetan edukitzen dira, hazteko behar dituzten argi eta tenperatura baldintza optimoetan. BMCC bilduma 2002an hasi zen modu informalean, eta, gaur egun, UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultatean dago. Gainera, Plentziako Itsas Estazioak (PiE-UPV/EHU) eskaintzen dituen baliabide biologikoetako bat da BMCC, Plentziako Itsas Estazioa EMBRC Europako azpiegitura baita; azpiegitura horrek Europako 9 herrialdetako 45 ikergune biltzen ditu. 
 
 
Talde taxonomikoei dagokienez, honako hauek osatzen dute bilduma nagusiki: diatomeak, alga berdeak, dinoflagelatuak eta haptofitak; horiez gain, beste talde batzuk ere badaude, kriptofitak edo zianobakterioak, esaterako. Hauek dira mikroalgen jatorrietako batzuk: Bilboko estuarioa, Urdaibaiko Biosfera Erreserba, Sanabriako aintzira eta Acherito iboia. Euskadin kokatutako eta bertako biodibertsitatean ardaztutako mikroalga bilduma bat izatearen onura nagusiak bi dira: «Batetik, potentzial bioteknologiko handia duen baliabide biologiko horretara sarbidea izateko aukera ematen die enpresa pribatu zein publikoei, eta prozesu bioteknologikoetan funtsezkoak diren anduiak edo patente baten edo artikulu zientifiko baten parte direnak berme guztiekin gorde daitezke», azaldu du Sergio Seoane Ekologiako irakasle titularrak. Bestetik, «bildumek zeregin garrantzitsua dute, anduien jatorrizko herrialdeetako biodibertsitaterako eta baliabide naturalen kontserbaziorako zentroak baitira», gaineratu du. Eginkizun horren garrantzia handitzen joan da 2014an Nagoya Protokoloa indarrean jarri zenetik. Nazioarteko itun horrek Aniztasun Biologikoaren Hitzarmenaren hirugarren helburua garatzen du: baliabide genetikoen erabileratik lortutako etekinen banaketa bidezko eta zuzena. 
 
 
Bioteknologia eta, bereziki, mikroalgekin zerikusia duena hazten ari da, eta gero eta ohikoagoak dira mikroalgekin egindako produktuak hainbat sektoretan; tartean, elikaduran, nekazaritzan, kosmetikan edo medikuntzan. Adibidez, mikroalgetatik datoz espirulina «superelikagaia» eta astaxantina pilulak –dietetako ordezkatze produktu oso erabiliak dira–, bai eta antioxidatzaile batzuk, hala nola fukoxantina, jada probatu dira minbiziaren aurka erabiltzeko. Hala ere, produktu horietan guztietan erabiltzen diren mikroalga espezieen ehunekoa oso txikia da bildumetan eskuragarri dauden andui guztiak kontuan hartzen badira, eta ezereza da, naturan dagoen biodibertsitate erreala kontuan hartzen bada. «Bildumak egoteak eta haien hazkundeak berebiziko garrantzia dute bioteknologiaren industria sektore honetan arrakasta izateko, eta, beraz, azpiegitura horiek aintzatestea eta babestea administrazioaren eta enpresa sektorearen apustua izan behar da», adierazi du Seoanek. 
 
 
BMCCk, jada identifikatuta dauden anduiez gain, mikroalgekin lotutako zenbait zerbitzu eskaintzen ditu; adibidez, espezieak identifikatzea, kultibo inguruneak ematea, lagin naturalak isolatzea, anduiak gordetzeko aukera edo mikroalgetan dauden konposatu batzuen karakterizazioa (pigmentuena, esaterako). Konposatu horiek, industrian, pigmentu natural gisa erabiltzen dira, baina baita antioxidatzaile indartsu gisa ere erabiltzen dira. Gaur egun, BMCCk hainbat andui ditu proiektu bioteknologikoetan, sektore farmazeutikoko hainbat enpresarekin (besteak beste, Pharmamar), sektore fitosanitarioarekin, Medina Fundazioarekin edo mikroalgen hazkuntzan erreferentea den Almeriako Unibertsitatearekin. Era berean, tokiko mailan, Azti Fundazioarekin elkarlanean aritu da berriki elikagaien sektorean. 
 
 
Euskadin badira mikroalgen biomasa ekoizten duten enpresak, lor daitezkeen produktuak eta horien aplikazioak ikertzen dituzten enpresak, eta produktu horiek farmaziako edo elikagaien sektoreetan erabiltzen dituzten enpresak. Horregatik, BMCCren helburuen artean dago sektore horren oinarri bihurtzea, eta, horretarako, Euskadiko ingurune bioteknologikoarekin aliantza estrategikoak sortzea.


Espainiako Algen Bankuarekin batera, Munduko Kultibo Bildumen Federazioan (World Federation for Culture Collections - WFCC) erregistratua dagoen Espainiako mikroalgen bilduma bakarra da.

 

https://www.instagram.com/BMCC_UPVEHU/

https://twitter.com/BMCC_UPVEHU