euskaraespañol

Verónica Torranok 300.000 euro jaso ditu AECCtik prostatako minbizia ikertzeko

  • News

First publication date: 25/11/2021

(Opens New Window)
Image
Verónica Torranori (ezkerrean) saria eman dio Minbiziaren aurka Bizkaia-ko presidente Mila Gullónek. Argazkia: Minbiziaren aurka Bizkaia.

Verónica Torrano Moya UPV/EHUko Biokimika eta Biologia Molekularra Saileko ikertzaileak Minbiziaren Aurkako Elkarteak (AECC) emandako sei laguntzetako bat jaso du. Zehazki, Torranoren ‘Prostatako minbizi oldarkorreko zelula-komunikazioaren ahalmen terapeutikoa argitzea’ ikerketa-proiektuak minbizian ikerketa translazionalean ari diren taldeentzako laguntzetako bat jaso du: 300.000 euro.

Laguntzak emateko ekitaldia gaur egin da, azaroaren 25ean, Bilbon. Laguntzen helburua da bikaintasunean eta kalitatean oinarritutako ikerketa integrala, estrategikoa, epidemiologikoa eta inpaktukoa sustatzen jarraitzea, minbizia duten gaixoei eta, oro har, biztanleei mesede egingo diena, eta, hala, minbiziari buruzko ikerketak eskaintzen dituen emaitzak lortzeko ekitate handiagoa lortzea.

Biokimikan eta Biologia Molekularrean doktorea, Verónica Torrano, UPV/EHUko Biokimika eta Biologia Molekularra Sailwko Ramón y Cajal ikertzailea, minbiziaren biologiaren ikerketa espezializatuan 17 urte baino gehiagoko esperientzia duena, prostatako minbizian tumoreen agresibitate-mekanismoak aztertzen dituen talde baten buru da. Prostatako minbizia da gizonezkoen artean sarrien agertzen den tumorea, eta pronostikoa nahiko ona den arren, pazienteen ehuneko handi batek gaixotasun hilgarria izaten du, metastasiak agertzeagatik. “Erronka sozial eta kliniko bati egin behar diogu aurre. Gaixotasun hilgarri eta oldarkorra zein gaixok garatuko duten aurresan behar dugu, eta horrelako tumoreetarako estrategia terapeutikoak diseinatu”, azaldu du Verónica Torranok. Eritasun oldarkorraren ondorengo gertaera biologikoak ezagutzeko erabiliko du talde honek AECCren laguntza.

Verónica Torranok bere ikerketa-lanaren beste aintzatespen batzuk jaso ditu, hala nola L’Oréal-Unesco for Women in Science saria edo Fero beka. Beka hori aurten bertan eman zioten, prostatako minbiziaren terapia pertsonalizaturako ikerketa-proiektuagatik.