euskaraespañol

Zer zapore dute lazunek?

  • Kronika

First publication date: 17/06/2021

Image
Lazunen dastaketa Plentziako Itsas Estazioan. Argazkia: Tere Ormazabal. UPV/EHU..

Arrainei dagokionez, dietan sartzen ditugun guztiek ez dute zertan lupia, bisigua edo txitxarroa izan. Zergatik ez ausartu korkoi bat labean, keztatuta, eskabetxean edo parrillan jatera?

Aurreiritzirik gabeko ahosabai batentzat lazunek (korkoi bezala ere ezagutzen direnak) nutrizio-balio handia eta zapore ona dute. Izan ere, Japonia eta Asiako hego-mendebaldeko herrialde batzuk bezalako herrialdeetan 800 euro ere ordaintzen dituzte lazunen arrabengatik.

Gainera, arrain horiek, harrigarria bada ere, sekretu positibo asko ezkutatzen dituzte. Benetan, arrain eskuzabala da, are liluragarria ere, nutrizio-onurak ebaluatzen badira. Eta asko du eskaintzeko gustuan, ehunduretan eta, batez ere, kalitatean. Azal dezagun...

Euskal Herriko Unibertsitateko, Gaikerreko, Kardalaneko eta Ikaslaneko ikertzaileek Akura proiektua landu dute azken urteotan, lazunak itxian hazteko sistema iraunkorra garatzeko plana.

Hasiera batean, lupiekin lan egitea proposatu zuten, baina baztertu egin zuten, akuikulturan nahiko ikertua zegoen espeziea zelako. Apustua, azkenik, lazunarena izan zen. "Akuikulturako laborantzetan ia tradiziorik ez duen espeziea da, eta oso gutxi ezagutzen zen haren ohiturei, ugalketa-zikloei eta abarrei dagokienez. Halaber, egin ditugun analisien arabera, muskuluan duen gantz kopurua altua da, hots, arrain urdinaren ezaugarria. Azken batean, oso haragi osasungarria da ", azaldu du Alberto de Diego UPV/EHUko IBeA (Ikerketa eta Berrikuntza Analitikoa) taldeko ikertzaileak.

Joan den ostiralean, Plentziako Itsas Estazioak (PiE), itxian hazitako mila korkoi baino gehiago gordetzen dituenak, horietako batzuen dastaketa hartu du, giza kontsumoko espezie gisa prestigioa emateko.

Andoni Txintxilla Zumaiako sukaldariak prestatu zituen lazunak 25 gonbidatuk dastatzeko. Bertan bildutakoek zortzi korkoi plater dastatu ahal izan dituzte: keztatua, eskabetxean, algekin, kefirrarekin, saltxitxoi eta mortadela bihurtuta, lazunaren kabiarrarekin eta botargarekin.

"Hori ez dut nik jango"

"Arrain bikaina da, koipe handikoa, eta balioaniztasun handia ahalbidetzen du. Baina, hori horrela izanik, askok oraindik esango dute ‘hori ez dut nik jango’. Berritu egin behar da, eta guretzat espezie berriak direnak probatu", azaldu zuen Txintxillak.

Sukaldariak bertaratutakoak gonbidatu zituen konfort-gunetik atera eta Asian eta beste leku batzuetan jakitzat hartzen den arrain bati aukera bat ematera.

"Berdela ekarri dit gogora. Egia esan, esperientzia handia izan da menuko zortzi platerak probatzea, ez nituen arrain honek dituen aukera guztiak imajinatzen. Esan behar dut asko harritu nauela mortadela edo saltxitxoi gisa prestatzeak. Eta, gainera, gantza osasuntsua bada, zergatik ez dugu arraindegian erosiko?", galdetu dio bere buruari Josuk, PiEn izan den gonbidatuetako batek.

Maitek, dastaketan parte hartu duen beste batek, argi dauka lazunaren konnotazio negatiboak gainditu behar direla: "Ondo prestatua arrain gozagarria da, oso erabilgarria. Labean edo parrillan probatu nahi nuke, ziur oso goxoa dagoela ".

Dir-dir egiten duen oro ez da urre dio esaera zaharrak, eta kasu honetan esan daiteke zaporetsu den oro ez dela hasiera batean gustagarria. Ausartzen zara lazuna probatzera?