euskaraespañol

Praktiketako egun bat Aitanarekin

Erizaintzako hirugarren mailako ikasleak Basurtuko Ospitalean izandako esperientziaren berri eman digu lanbidearen nazioarteko egunean

  • Erreportajeak

Lehenengo argitaratze data: 2022/05/11

Irudia
Aitana López Iturrizar Basurtuko Ospitaleko pabiloiaren aurrean. | Argazkia: Fernando Gómez. UPV/EHU

Aitana López Ledesmak (Bergara, 2001) Basurtuko Unibertsitate Ospitaleko Basurtuko Unibertsitate Ospitaleko Iturrizar Pabiloiko atean itxaron digu. Erizaintzako hirugarren mailako neska hau UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintzako fakultatean eta ikastegi atxikia den Gasteizko Erizaintzako Unibertsitate Eskolan (Unibertsitateari atxikitako zentroa) gradua egiten ari diren 1.826 ikasleetako bat da. Aitanak lanaldi batean laguntzeko aukera eman digu, lanbidea gehixeago ezagut dezagun, gaur, maiatzaren 12an, Erizaintzaren Nazioarteko Eguna ospatzen den honetan. Harekin batera, tutoreetako bat, Ana Martín, 34 urteko eskarmentua duen erizaina, zeinak lanbiderako sarbide erritua berriz ere beteko baitu gure irakaslearekin.

“Hemen primeran nago; nik ez dut atsegin goiz esnatzea, baina hona iritsita oso azkar igarotzen zait eguna”, adierazi du Aitanak, Bizkaiko Campuseko Erizaintzako ikasleak. Praktikak Basurtuko Ospitaleko amatasun zerbitzuan egiten ari da martxotik aurrera.

Lehen orduan Erizaintzako pertsonala biltzen da, eta eguneko plana aztertzen du Iturrizarreko solairu horretako aretoetako batean. Geletan duela gutxi erditu diren emakumeak daude zain, erditzetik suspertzen eta haurra bularrari atxikitzea eta jaten ikastea lortzeko ahaleginetan.

“Gaueko txandako lankideek aurreko egunean edo gauean kontuan hartu beharreko gorabeherarik egon den azaltzen digute; horren berri idatzita jasotzen dugu, eta pazienteak artatzeko materiala prestatzen dugu”, azaldu du gazte gipuzkoarrak.

Orga eta tresneria prestatuta, korridorean barrena abiatu eta gelaz gela egiten dituzte bisitak, paziente bakoitzari dagokion izenaz deituz. “Erizaina da, langile laguntzaileekin batera, pazienteekin denbora gehien ematen duena; guretzat ez da kasu kliniko soil bat, lotura bat sortzen baitugu haiekin, eta, batzuetan, zaila gertatzen zaigu behar den distantzia ezartzea. Zenbaitetan paziente batekin eta familiarekin egotea eta horren bilakaerak okerrera egiten duela ikustea... Bueno... Horretarako gaude prestatuta, baina oso zaila da barrera ezartzea. Ez dakit profesionalen bat horretarako gauza den... Gure lanak enpatia eta psikologia handia eskatzen du”, adierazi du Ana Martínek.

Aitanak lanean haur bat hiltzen ikusi beharra izan du, baina hala ere, biek ala biek zera diote: “hemen zerbitzu pozgarriago batean gaude, bizitza sor dadin laguntzen aritzen baikara oro har, eta hori oso atsegingarria da”.

Lanbideak aitortza behar du

Ospitaleko korridoreetan denbora gutxi badarama ere, erizain gazte honek bere egiten ditu dagoeneko lanbidearen ohiko aldarrikapenak. “Ditugun arazoetako bat, espezializaziorik ezera behartzen gaituztela da, esan du nahigabez ikasleak. Medikuntzan ez bezala, Erizaintzan sei espezialitate sanitario baino ez daude, eta gainerako guztia zaku berean sartzen da; gaur Kardiologian zaude, bihar Onkologian, eta hurrengoan Larrialdietan... eta ezin gara noranahiko pertsonala izan, ez baita ona inorentzat”.

“Pandemiarekin, balio handia hartu zuen gure lanbideak, baina orain, hura amaituta, berriz pairatzen dugu indarkeria profesionala, eta ez dago aldaketarik; ez osasun publikoan, ezta pribatuan ere”, salatu dute bi erizainek. Eta iritzi berekoa da, nonbait, Erizaintzako Nazioarteko Kontseilua bera, bere nazioarteko eguna goiburu honekin ospatuko baitu aurten: “Liderra izateko ahots bat – Inbertitu Erizaintzan eta errespetatu eskubideak osasun globala bermatzeko”.

Lan plangintzak aurreikusitakoaren arabera jarraitzen du. Analitikak, zundak, kateterrak eta abarrak egindakoan, pazienteak ikusiko dituzte Ginekologiako espezialistarekin batera, eta ondoren, pazienteei sendagiriak ematen eta ama berrien harrera egiten arituko dira. “Larrialdietako zerbitzua da hau, eta gau eta egun osoan sartzen da jendea”, azaldu dute. Ondoren, arratsaldeko hirurak aldean, Aitanak eta Anak lanaldia amaituko dute, eta txostenak emango dizkiote txanda hasten duen lantalde berriari.

Aitanak aurki bukatuko ditu hirugarren mailako praktikak. Heldu den ikasturtean Parisera joango da, egonaldi bat egingo baitu han, Erasmus programaren barruan, Frantziako hiriburuko ospitale bateko larrialdi pediatrikoko zerbitzuan. Gradua amaitzeko itzuliko da ondoren, eta BAEEra (barneko erizain egoiliarra) aurkezteko prestatzeko. Zeinek daki, azterketaren lehen ehun hautagaien artean geldituko da beharbada, UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko hiru Erizaintzako ikaslek aurten egin bezala, eta emagina izateko prestakuntza egingo du azkenean, horixe baita bere nahia.

Erizaintzaren Nazioarteko Eguna

Maiatzaren 12an Erizaintzaren Nazioarteko Eguna ospatzen da, Florence Nightingaleren jaiotzaren oroitzapenetan, hura jotzen baita lanbide erizaintza modernoaren aitzindaritzat.

Euskal Herriko Unibertsitatean 43 promozio egin ditu dagoeneko, eta gradu horretako irakaskuntza eman du hiru campusetan, Gasteizko Erizaintzako Unibertsitate Eskolarekin (UPV/EHUri atxikitako zentroa) lankidetzan; azken horrek 46 promozio lortu ditu 50 urtean.

Ikasturte honetan, fakultateko Erizaintzako 1506  ikaslek eta 380, Vitoria-Gasteizko Erizaintzako Unibertsitate Eskolarena praktikak egin dituzte Euskadiko osasun-zentrotan, bai Osakidetzaren sare publikoan, bai Foru Aldundien eta sare pribatuen erresidentzietan. Praktika horien denbora egindako mailaren araberakoa da: lehen mailako lau asteetatik laugarren mailako ikasleen ikasturte osora arte.

Saloa Unanue Arzaren iritziz (Kanpoko Praktiken dekanordea eta Erizaintzako graduaren koordinatzailea Bizkaiko Campusean), curriculumeko praktikek “garrantzi oso handia dute eta horrela jasotzen da prestakuntza kredituen banaketan”. Unanuek nabarmendu du, halaber, Ana Martínek eta gainerako lankideek, besteak beste, prozesu horretan betetzen duten eginkizuna: “erizain asistentzialen lankidetza eta eginkizun on hori gabe, ezinezkoa izango litzateke gure ikasleak prestatzea”. Hainbesteraino da horrela, non, adierazten duenaren arabera, “curriculum praktikak egin eta garatuz, erizain egresatuak ia graduatu eta berehala baitira beren eginkizuna betetzeko gauza”.