euskaraespañol

Argitu dute nola harrotzen den Marteko gainazaleko hautsa

UPV/EHU kide den nazioarteko talde batek aurrerapausoak eman ditu Marteko atmosferaren ezagutzan, eta hori ezinbestekoa da planeta gorriaren giza esplorazioa prestatzeko

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2022/05/25

Irudia
Ezkerretik eskumara, Ricardo Hueso, Agustín Sanchez Lavega, Teresa del Río-Gaztelurrutia eta Asier Munguira. Argazkia: Mitxi. UPV/EHU.

2021eko otsailaren 18an, NASAren Mars 2020 misioa Martera iritsi zen, eta Perseverance rovera edo ibilgailu autonomoa, zinezko laborategi mugikorra, Jezero kraterraren gainazala ikertzen hasi zen. Bere tresnetako bat MEDA estazio meteorologikoa da. INTA-Astrobiologia Zentroak garatu du Madrilen, eta Euskal Herriko Unibertsitateko Zientzia Planetarioen Taldearen lankidetza jasotzen du. Agustín Sánchez Lavega katedratikoak zuzentzen du taldea. MEDAk ematen dituen datuen azterketari esker, planeta gorriaren atmosferaren funtsezko alderdietako bat sakontzen ari dira: gainazaletik harrotzen den hautsa. Horren adibide da Science Advances aldizkariaren azken zenbakiko azalean agertzen den artikulua. Besteak beste, UPV/EHUko Ricardo Hueso, Agustín Sanchez Lavega eta Teresa del Río-Gaztelurrutia irakasleak eta Asier Munguira doktorego ikaslea dira artikuluaren egileak.

"Esan dezakegu orain hasi garela ulertzen zein baldintza behar diren Marteko gainazaleko hautsa harro dadin. Eta hori funtsezko elementua da; izan ere, planeta gorriaren hauts zikloak lagundu egingo digu Marteko meteorologia orokorra hobeto ulertzen", adierazi du Ricardo Huesa artikuluaren bigarren egileak.

Marteko atmosfera Lurrarena baino meheagoa denez (150 bat aldiz dentsoagoa), esekirik dagoen hautsak atmosferaren propietate termikoetako asko zehazten ditu, bai eta nola berotzen eta hozten den ere. Sciences Advances-eko artikuluak Marteren gainazalean zein fenomenok harroarazten duten hautsa aztertzen du, honako hauek barne: ‘dust devils’ izeneko hautsa-zurrunbiloak eta hautsaldi handiak eragin ditzaketen haize parrastatsua. Izan ere, haizeari, hautsari, tenperaturari eta beste aldagai atmosferiko batzuei buruz jasotako datuei esker, ikerketan laguntzen duen nazioarteko taldeak ondorioztatu du Jezero kraterra leku aktibo eta egokienetako bat dela gainazaletik hauts kopuru handiak harrotzeko. Jerezo kraterra aukeratu zen Mars 2020 misioak bere ikerketa egin zezan, duela milaka milioi urte erabat urpetuta zegoelako, nahiz eta gaur egun basamortua den.

polvo_marte

Navcam kamerek jasotako irudiak. Zenbait dust devil mugimenduan ikus daitezke, Jerezon. Egilea: NASA/Caltech-JPL/ASU/MSSS/SSI 

 

Artikuluaren arabera, eguneko haizeak goranzkoak dira, eta, oro har, biziak. Gauekoak, berriz, beherazkoak eta ahulagoak dira. "Haize korronte horien eta gainazalaren arteko interakzioak sortzen ditu hautsa kopuru handiak altxatzeko fenomenoak", adierazi du Huesok. Marteko atmosferaren hautsa gainazalean jartzen denean eguzki-panelak estal ditzake eta gainazaleko zenbait misioren funtzionamendua oztopa dezake. hala ere, hori ez da kezkagarria Perseverance roverrarentzat, bere eragiketak egiteko energia nuklearra erabiltzen baitu.

Izan ere, "gaur Marteko atmosfera ezagutzea ezinbestekoa da Marte ustez bizigarria zeneko garaia ulertzeko, baina baita hurrengo hamarkadetan Marteren giza esplorazioa antolatzeko ere", gaineratu du Ricardo Huesok.

Lehenengo soinu grabazioak

Bestalde, Nature aldizkariak  ‘In situ recording of Mars soundscape’ artikulua argitaratu du aste honetan. Artikulu horrek Marteko atmosfera mehean egindako soinu grabazioak biltzen ditu. UPV/EHUn Juan Manuel Madariaga katedratikoak zuzentzen duen IBeA taldeak hartu du parte artikuluan, bai eta aurreko artikuluaren egileetako batek, hain zuzen ere, doktorego ikasle Asier Muguirak.

Grabazioen arabera, Marteko atmosfera mehean Lurreko atmosferan ez bezalako soinu fenomenoak gertatzen dira, besteak beste, soinua giza espektro entzungarriaren zenbait frekuentziatan hedatzea edo distantzian soinua gehiago moteltzea dentsitate atmosferiko baxua dela eta.

Artikulua SuperCam tresnaren mikrofonoaren datuetan oinarritzen da, eta Jezero kraterrean haizeak eragiten dituen soinu naturalak jasotzen ditu. Halaber, soinu artifizialak ere entzun daitezke: Ingenuity helikopteroaren hegalek edo MOXIE tresnaren konpresoreak sortzen dituztenak; roverra Marten mugitzen denean haren gurpilek egiten dutena eta baita LIBS tresnaren (SuperCam-en zati bat) laserrak egiten duen ablazioak sortutako soinuak ere; horien azterketatik Marten analizatutako materialen propietateak ondoriozta daitezke.

Erreferentzia bibliografikoa