euskaraespañol

UPV/EHUk eta Bordeleko Unibertsitateak beren Mugaz Gaindiko Campusaren nazioartekotzeari bultzada berria eman diote

Urteko Mugaz Gaindiko Lankidetza Laborategi bat sortzea espero dute, eta Europako bederatzi unibertsitaterekin aliantza bat sustatu dute

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2019/11/29

Irudia
Euskampus-Bordeaux Eguna 2019. Argazkia: UPV/EHU

‘Le site de la Bastide’n dauka Bordeleko Unibertsitateak Kudeaketa Zientzien Unibertsitate Poloa, eta bertan ospatu dute gaur Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU), Bordeleko Unibertsitateak, Tecnaliak eta Donostia International Physics Center-ek (DIPC) Euskampus-Bordeaux Eguna. Topaketan parte hartu dute erakunde horiek sustatzen duten Euskampus-Bordeaux Mugaz Gaindiko Campuseko 200 ikertzaile eta arduradunek.

Topaketan birpasatu da mugaz gaindiko lankidetza honen eboluzioa. 2014an sortu zenetik, gero eta handiagoa da goi mailako hezkuntzan, ikerketan, Euskadiko eta Akitania Berriko agenteen loturan eta baterako nazioartekotzean lortzen diren emaitzen kopurua. UPV/EHUko errektore Nekane Balluerkaren aburuz, “Euskampus-Bordeaux Campusari esker, Europan dugun presentzia indartzen ari gara. Hortaz, mugaz gaindiko lankidetzako esperientzia eskaini ahal diogu Enlight  aliantzari. Itun horretan parte hartzen dugu herrialde batzuetako beste zazpi unibertsitaterekin, datorren urtean unibertsitate europar bat sortzeko asmoz. Horrek erakusten du Bordeleko Unibertsitatearen lankidetza finkatu dela, eta horrezaz gain lankidetzarako bide berriak eta gero eta handizaleagoak bultzatu ahal ditugula”.

Batik bat, edizio honetan adierazi denez, mugaz gaindiko campusak nazioarteko aldeari bultzada bat eman nahi dio. Alde batetik, Mugaz Gaindiko Lankidetza Laborategien (MGLL) ekimena sendotu da. MGLL horiek nazioarteko egitura bateratuak dira, Euskadiko eta Akitania Berriko erakunde batzuetako taldeak elkartzen dituztenak eta lau urterako jarduera programa egonkorra dutenak: ikerketa proiektu kooperatiboak, kotutoretzako tesiak, ikertzaileen egonaldiak, graduondoko prestakuntzaren sustapena. Hemendik aurrera, prozedura berri batek laborategi berriak sortzea erraztuko du, hala nola jarraipena eta urteko ebaluazioa. Dena den, berrikuntzarik garrantzitsuena da unibertsitate biek eskainiko dieten sustapen instituzionala. Hain zuzen ere, doktoratu aurreko kontratu bat eta doktoratu osteko beste bat emango zaizkie, biak ere kotutoretzan eta lau urteko epe baterako. Finantziazio hori jarduerak koordinatzeko ematen den ohikoari gehitzen zaio. “Akordio berri honek unibertsitate bien eta gure bazkideen arteko ikerketa bultzatuko du, nazioarteko proiekzioko emaitzak lortuko dituena”, adierazi dute UPV/EHUko Ikerketaren arloko errektoreorde Jose Luis Martinek eta Bordeleko Unibertsitateko Ikerketaren arloko presidenteorde Philippe Morettok. MGLL berriak sortzeko deialdia 2020ko apirilera arte egongo da irekita.

Une hauetan, hiru Mugaz Gaindiko Lankidetza Laborategi daude martxan: fabrikazio aurreratukoa (AENIGME), eskala kuantikoko kimika eta fisika teorikokoa (QuantumChemPhys), eta matematika eta bere aplikazioetan (TRANSMATH). MGLL berri bat urteko sortzea espero da.

Halaber, Euskampus-Bordeaux Campusean parte hartzen duten erakunde guztien nazioarteko proiekzio bateratuaren arloan, eta bereziki programa europarretan, honako hauek nabarmentzen dira, proiektu berrien artean: Environmental Contamination and Toxicology Plus Erasmus Mundus masterra (Euskal Herriko Unibertsitateak lideratua eta duela gutxi onartua); doktorego industrialeko sare europarra, non UPV/EHU eta Bordeleko Unibertsitatearekin batera Tecnaliak ere parte hartzen duen, eta ikerketa proiektu bi (bata material polimerikoen arloan (UPV/EHU eta Bordeleko Unibertsitatea) eta bestea fotonikoan (Tecnalia eta Bordeleko Unibertsitatea). Izan ere, baterako presentzia maximazatzeko “Euskampus Joint-Research Unit” sortu da, eta UPV/EHU eta Tecnalia lanean ari dira ekimen horretan. Azkenik, unibertsitate biak Enlight Unibertsitate Sare Europarra eraikitzen ari dira, beste zazpi unibertsitaterekin batera, Erasmus + Unibertsitate Europarren deialdi pilotuaren barruan.

“Hauxe da azken urteotan Bordeleko Unibertsitatearekin batera prestatu dugun abenturarik liluragarriena, eta gure ikasleen mugikortasunean  eta gizartean eragin handia izatea espero dugu”; adierazi du Euskal Herriko Unibertsitateko Garapen Zientifikoaren eta Transferentziaren arloko errektoreorde Fernando Tapiak. Bordeleko Unibertsitateko Nazioarteko arloko presidenteordeak hauxe nabarmendu du: “Enlight proiektu handizalea da, eta erakunde osoa konpormetitzen du: ikasleak, irakasleak, ikertzaileak eta zerbitzu, administrazio, kudeaketa eta gobernuko pertsonala”.

Berrikuntzak ez dira hor eteten. Master titulu bikoitz berri bat aterako da, material polimerikoen arloan, eta POCTEFA baterako proiektua onartu da, berrikuntza pedagokikoaren arloan, ‘blue skills’ (ozeano, itsaso eta kostaldeen balorizazio eta iraunkortasunari lotutako gaitasunak) garatzeko asmoz. Proiektu hau Ocean i3  eta i3 (ikerketa+ikaskuntza+iraunkortasuna) ereduko adierazgarria da. UPV/EHUk jarri du martxan eredu hori, Garapen Iraunkorreko Helburuei laguntzeko, EHUagenda 2030en barruan.

Gainera, mugaz gaindiko lankidetza campusetik haratago doa, Euskampus-Bordeaux Egunaren edizio honetan erakutsi denez, zeren eta unibertsitateko kide eta Euskadi eta Akitania Berriko gobernuetako ordezkariekin batera (Eusko Jaurlaritzako Unibertsitateetako sailburuorde Adolfo Morais eta Akitania Berriko Kontseiluko Garraio Azpiegituren kontseilari Mathieu Bergé izan dira inaugurazioan), Bilbo eta Bordeleko udaletako ordezkariek ere parte hartu duten jardunaldian, estreinakoz. Hain zuzen ere, hiri biak hainbat ekimen garatzen ari dira, lankidetza estrategikoa bultzatzeko hitzarmenaren barruan. 2018ko apirilean sinatu zen akordio hori, eta unibertsitateek paperik garrantzitsuena dute.

Euskampus-Bordeaux Campusa

Euskal Herriko Unibertsitateak eta Bordeleko Unibertsitateak bultzatu duten Euroeskualdeko Bikaintasun Campusak unibertsitatearen arloan oso emaitza garrantzitsuak izan ditu: graduondoko bost titulazio bikoitz eta unibertsitate bien artean kudeatutako eta Erasmus Mundus zigilua duten bi nazioarteko master  sortu dira, kotutoretzan 30 tesi egiten ari dira, eta beste 20 defendatu dira azken lau urteotan, mugaz gaindiko lankidetzako sareak eta ekimenak ezarri dira, hala nola hiru Mugaz Gaindiko Lankidetza Laborategi eta Euskadi-Nafarroa-Akitaniako azken deialdietan garatutako hiru proiektu, eta beste sei proiektu europar. Horrez gain, eta horregatik ere, Euskampus-Bordeaux Campusa da osagai erabakigarri bihurtu da, Euskadi-Akitania Berria-Nafarroa Euroeskualdea garatzeko 2014-2020 Plan Estrategikoan, prestakuntza, ikerketa eta ezagutzaren igorpenerako lankidetza esparrua baita, zeinak ezagutzan oinarritutako Euroeskualdea sustatzen eta nazioartekotzen laguntzen duen. Horregatik guztiagatik, Euskal Herriko Unibertsitateak eta Bordeleko Unibertsitateak 2018ko Diálogo Saria jaso zuten. Sari horrek aitortzen ditu Frantzia eta Espainiaren arteko harremanak estutzen lagundu duten pertsonen, enpresen eta erakundeen ahaleginak.