euskaraespañol

Nola saihestu biztanleen erdiak baino gehiago kutsatzea

Unai Otamendi gizartearen sektore gakoetan aldian-aldian testak egitearen alde dago, hala nola ikastetxeetan eta industrian

  • Erreportajeak

Lehenengo argitaratze data: 2022/01/13

<iframe src="https://player.vimeo.com/video/665196319?h=afa3b061f2" width="640" height="360" frameborder="0" allow="autoplay; fullscreen; picture-in-picture" allowfullscreen></iframe> <a href=https://www.ehu.eus/web/guest/-/bideoaren-transkripzioa-pandemia-kontrol>bideoaren transkripzioa</a> Duela 10 hilabete, Unai Otamendik programa informatiko arrakastatsu bat diseinatu zuen, COVID-19ak bera bizi den herrian, Oñatin, zer hedapen-abiadura izango duen aurresateko eta pandemia moteltzeko neurri egokienak zein diren aztertzeko. Gradu Amaierako Lana (GRAL) izan zen. Otamendi Zientzia eta Teknologia Fakultateko Ingeniaritza Elektronikoko Graduko ikaslea zen, eta ohorezko matrikula lortu zuen lan horrengatik.

Karrera amaitu zuen, uda iritsi zen, txertatze-erritmoak abiadura betea hartu zuen eta pandemia arintzen hasi zen, baina, 2021eko ekainean, azken simulazio batzuk egin zituen, eta, besteak beste, aztertu zuen zer-nolako eragina izango zuen inolako murrizketarik ez ezartzeak pandemiaren hedapenean. “Simulazioek seigarren olatuaren hasierako bi hilabeteetan ikusi dugun kurba epidemiologiko bera erakusten zuten”, dio Unai Otamendik.

Pandemiaren bilakaerak larrituta, eta Euskadi astintzen ari den seigarren olatu hau osasun-sisteman triskantzak eragiten ari dela ikusita, Gradu Amaierako Lana tiraderatik atera zuen, eta, Gabonetako oporrak aprobetxatuz, programa informatikoa aldatu eta hobetzen hasi zen.

GrALean garatu zuen programa abiapuntu hartuta, eta eredua hainbat aldiz zuzendu ondoren, UPV/EHUko Ugo Mayor biokimikariaren lankidetzan, fokua zabaldu zuen, eta Gipuzkoakoaren antzeko gizarte-interakzioa duen komunitate bat simulatu zuen. Otamendik hiru agertoki konparatu ditu: batean, aztarnari-sistemak gainezka egiten du (horixe gertatu da seigarren olatu honetan); beste batean, aztarnari-sistemak ez du gainezka egiten; eta hirugarrenean, pool testing gisako prebentzio-tekniketan oinarritutako arakatze-teknikak aplikatzen dira.

Ohiko testatzean, pertsona bakoitza banan-banan aztertzen da. Pool testingean, aldiz, aldian-aldian testak egiten dira gizarteko sektore garrantzitsuetan, hala nola ikastetxeetan eta industrian (adibidez, enpresa bateko 10 langileren arnas laginei test bakar bat eginez), eta taldeko test horrek positibo ematen badu bakarrik egiten zaizkio probak taldeko pertsona bakoitzari, birusaren eramaile den ala ez zehazteko.

«Simulazioek erakusten dutenez, pool testinga aplikatuz gero, kutsatutako populazioa % 1,6ra murriztu liteke»

Otamendiren aburuz, teknika horrek populazioaren erdia kutsatzea eragotz lezake; hain zuzen, horixe gertatuko da ziurrenik datozen asteetan, haren simulazio batek erakusten duenez (gorriz ageri den lerroa), eta Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) herenegun adierazi zuenez. Bada, simulazioek erakusten dutenez, pool testinga aplikatuz gero, kutsatutako populazioa % 1,6ra murriztu liteke. “OMEk edo nire simulazio ezkorrenek aurreikusi baino 35 aldiz gutxiago izan litezke», Otamendiren esanetan.

Simulazioak hainbat egoeratan

1. irudia: Gorriz: Aztarnari-sistemak gainezka egiten duen egoerako simulazioak. Urdinez: Aztarnari-sistemak gainezka egin gabeko egoerako simulazioak. Berdez: Pool Testing tekniketan oinarritutako arakatze-teknikak erabiliz eginiko simulazioak. Beltzez eta grisez: Gipuzkoan erregistratutako datuak

 
Simulazioetako datuak Urriak 21 - Apirilak 15 Kutsatutako biztanleen % Atzemate-tasa Test-kopuru osoa
Gainezka eginda 57,2 74,6 448307
Gainezka egin gabe % 24,1 % 81,9 413220
Pool testing-a % 1,6 % 96,5 214436

“Emaitza horiei dagokienez, nabarmentzekoa da aztarnari-sistemaren garrantzia eta hedapenean duen eragina ulertzeko balio digutela. Era berean, gezurtatu egin da pool testinga eta bestelako prebentzioko arakatze-teknikak garestiagoak direlako ideia ere. Adierazleetan ikusten denez, epe luzera test gutxiago egin behar izaten dira guztira, eta argi dago kutsatuen, ZIUko pazienteen eta hildakoen kopurua murriztu egiten dela. Oraindik eragotz dezakegu biztanleen erdiak baino gehiago kutsatzea”, argudiatzen du Otamendik.

«Emaitzek nabarmentzen dute aztarnari-sistemaren garrantzia eta hedapenean duen eragina»

Oñatiko ingeniariak azpimarratu du bere lanak oraindik baduela hobetzeko tartea, “izan ere, eredua ez da guztiz zehatza, eta saihestezina da lehenago edo geroago aurreikuspenak desbideratzea. Horrez gain, aste honetan aztarnari-sisteman egin den protokolo-aldaketak eragin nabarmena izan dezake atzematen diren kasuen kopuruan eta atzemate-tasan”.

“Atzemandako pertsona bakoitzeko egindako test-kopurua handitu ahala, atzemate-tasa ere handitu egiten da, eta, horri esker, kutsatze-kateak moztea lortzen da, eta kutsatutako pertsonen guztizko kopurua murriztea; beraz, aste honetan aztarnari-sisteman egindako protokolo-aldaketak are gehiago handitu dezake benetako kutsatu-kopurua”, erantsi du atsekabez.