euskaraespañol

Administrazio kontseilu inplikatua, ETE familiarren berrikuntzarako giltza

UPV/EHUren azterlan batek horrelako 230 enpresetako kontseiluen osaera eta funtzionamendua ikertu ditu

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2018/06/25

Administrazio kontseilu inplikatua, ETE familiarren berrikuntzarako giltza
Txomin Iturralde, Unai Arzubiaga eta Amaia Maseda ikerlariak. Argazkia: Egoi Markaida. UPV/EHU.

UPV/EHUko azterketa honen arabera, administrazio kontseilu bat edukitzeak ez du bermatzen ETE familiarretan berrikuntza ezartzea. Kontseilu aktibo bat behar da, inplikatua eta pertsona konprometituak dituena, familiakoak izan nahiz enpresaren jabegotik kanpokoa.

Mundu osoan, konpainia gehien-gehienak izaera familiarreko enpresa txikiak eta ertainak dira (ETE). Enpresa horien tamaina txikiak eta familia izaera bereziak beren berrikuntza estrategiak eta funtzionamendua baldintzatzen dituzte. Baliabide mugatuak izaten dituzten eta hainbat trabarekin topo egiten dute; adibidez, finantziazioa lortzeko edota goi mailako prestakuntza duten langileak kontratatzeko. Halaber, familiaren eta enpresaren interesak orekatu beharrak eragina izaten du erabaki estrategikoetan; eta horien artean, berrikuntzara orientatzen diren estrategietan. Aldarte horretan, ETE familiarrek administrazio kontseiluak osatzeko hautua egiten dute geroz eta maizago, enpresako zuzendarien erabakiak kontrolatzeaz gain, profesional horiei estrategia eta berrikuntza proiektu zehatzak diseinatu eta ezartzeko sostengua eta prestakuntza eskaintzeko. 

Hala ere, hautu hori egin duten ETE familiar horietako askok ez dute lortu finkaturiko helburuak betetzea. Gauzak horrela, ezinbestean egin behar da galdera hau:  desegokia al da, behar bezalako berrikuntza helburuak lortzeko, laguntza organo gisara administrazio kontseiluak osatzea?

Unai Arzubiagaren nazioarteko doktore tesiaren zati bat da azterlan hau, UPV/EHUko Ekonomia eta Enpresa Fakultateko Amaia Maseda eta Txomin Iturralde doktoreek zuzendutakoa. Ikerketaren lagina estatuko 230 ETE familiarrekin osatu da, eta zentratu da berrikusteak dituen bi alderdi erabakigarrietan: kontseiluaren osaeran eta haren funtzionamenduan. Organo horien osaerari dagokionez, kontseilari senitartekoak sartzearen abantailak eta desabantailak aztertu ziren,  negozioarekiko inplikazioa eta lotura kontuan izanda; baita eskumenak, gaitasunak, sareak eta harremanak erdiesteari begira  ere. Funtzionamenduari dagokionez, kontseilarien konpromiso maila estrategikoa aztertu zen, haien ekarpena, ezagutza eta benetako gaitasunak praktikan; eta, azkenik, kontseiluaren beraren  jarduerak zer intentsitate zuen, bileren maiztasunari eta iraupenari erreparatuta.

Literatura akademikoak onartzen duen arren administrazio kontseilua garrantzitsua dela berrikuntza bultzatzeko, UPV/EHUko azterlan honek ikuspegi berri bat eskaintzen du; izan ere, gaurdaino ez baita aztertu administrazio kontseiluko zein elementu diren bereizgarrienak, eta are gutxiago mundu mailan enpresa ehunduraren zati handiena osatzen duten ETE familiarren esparruan.

Inplikazioa eta konpromisoa, berrikuntzarako gakoak

Azterlanak argi eta garbi jartzen du agerian guztiz ezberdina dela administrazio kontseilu formal hutsa (enpresa familiar askok dutena), sinbolismo soilez eta lege eskakizun jakin batzuk betetzeko bakarrik  sortua edukitzea, edo kontseilu inplikatua eta enpresa jarduerarekin konprometitua sortzea, enpresaren benetako gobernu organo gisa jokatzen duena eta balioa sortzeko erabaki estrategikoak hartzean aktiboki inplikatzen dena.  Beraz, zuzendaritza gainbegiratzeko ohiko eginkizuna betetzeaz gain inplikazio maila handia duen administrazio kontseiluak erraztu egiten du berrikuntza prozesu berrien diseinua eta inplementazioa.

Administrazio kontseiluko kideen ezagutzak, eskumenak eta gaitasunak erabakigarriak dira enpresaren jokabide ekintzaileak sustatzeko. “Kontseiluko kideak estrategian inplikatzeak ahalbidetzen du, edozein jatorri dutela ere –familiakoa zein familiatik kanpokoa– ETE familiarrak berrikuntza nahi izatetik benetan berritzen hasteko erabakia hartzera pasarazten duena”, diote ikertzaileek.

Administrazio kontseiluen jardueren intentsitatea aho biko arma bihur daiteke  berrikuntza estrategiak arrakastaz inplementatzeko garaian. “Inplikazio maila handiko kontseilukide familiarrak dituzten kasuetan bakarrik nabari da kontseiluaren jarduera biziak berrikuntza bultzatzen duela. Beste kasu batzuetan, jardueraren gehiegizko intentsitateak kontseiluaren eta familiaren arteko zailtasunak eta tentsioak azalarazi ditzake, eta horrek zaildu egin dezake prozesu horiek abian jartzea”, gehitu dute.

Informazio gehigarria

Lan hau Journal of Business Venturing nazioarteko aldizkarian argitaratu da. Financial Times-ek  munduko 50 garrantzitsuenen artekotzat dauka aldizkari hori, eta mundu-mailako akademiko, enpresaburu eta sektore publikoko zuzendarien artean izen handia du. Halaber, lan hau Unai Arzubiaga Oruetaren (Getxo, 1983) nazioarteko doktore tesiaren zati bat da. Tesiaren izenburua da “Orientazio ekintzailetik familia enpresen emaitzara: estrategiari buruzko erabaki hartzearen analisia Administrazio Kontseilu eta zuzendaritza mailetan - From entrepreneurial orientation to firm performance in family firms: analyzing the influence of strategic decisión making at the corporate and management levels”, eta UPV/EHUko irakasle eta Familia Enpresaren Katedrako, Bizkaiako Foru Aldundiaren babesarekin osatuta, kideak diren Amaia Maseda eta Txomin Iturralde doktoreen zuzendaritzapean egin da. Zehazki, Lancaster University Management School entzutetsuan Arzubiagak eginiko ikerkuntza egonaldiaren emaitza izan da.

Erreferentzia bibliografikoa