euskaraespañol

Ehun adimendunak, forma-memoria duten materialei esker

Forma-memoria duten poliuretanoak sintetizatu dituzte ehungintzarako eta oinetakoen industriarako, UPV/EHUko ikerketa batean

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2018/09/04

Irudia
UPV/EHUko ikertzailea, Míriam Sáenz Pérez, doktore-tesia egiten ari da. (UPV/EHU)

UPV/EHUko ikertzaile Míriam Sáenz Pérezek forma-memoria duten poliuretanozko hainbat zuntz eta ehun sintetizatu ditu, izerdia lurrunarazten eta hezetasuna kontrolatzen dutenak eta, gainera, % 99tik gorako berreskuratze-ahalmena dutenak.

Forma-memoria oso propietate interesgarria da, forma-memoria duten materialak formaz alda baitaitezke kanpo-estimulu baten menpe daudenean (termikoa, elektrikoa, magnetikoa, etab.). Azken urteetan, forma-memoria duten polimeroak arretagune izan dira oso funtzionalitate eta aukera onak eskaintzen baitituzte material adimendun gisa. “Konposizioa aldatuz eta osagaien egitura kimiko egokia hautatuz arkitektura molekular mota desberdinekin sintetiza daitezkeen polimero-klase bat dira forma-memoria duten poliuretanoak. Horrek askotariko aukerak ematen ditu automobilgintzan, biomedikuntzan, itsasgarrietan, ehungintzan edo oinetakoen industrian erabiltzeko”, dio Míriam Sáenz Pérez UPV/EHUko Kimika Fisikoa Saileko ikertzaileak —gaur egun Errioxako Oinetakoen Zentro Teknologikoan dabil lanean—.

Forma-memoria duten poliuretanoak ehun adimendunetan erabiltzeko aztertzea izan du ardatz lan honek. “Forma-memoria duten zuntz edo ehun batzuk sortzea izan dugu helburu; alegia, berez formaz aldatzeko eta tenperaturaren arabera egokitzeko gai diren materialak sortzea”, azaldu du Míriam Sáenzek. “Egia esan, gure helburua zen materialaren beira-trantsizioko tenperatura —polimeroaren egoera urtuaren eta egoera zurrunaren tarteko tenperatura-puntua—, batez beste, 37-38 °C ingurukoa izatea, hau da, gorputzaren tenperaturaren parekoa, eta polimeroaren forma tenperatura horren arabera egokitu ahal izatea”, erantsi du.

Lehenbizi, segmentu zurrun eta malguak dituzten zenbait poliuretano sintetizatu dituzte. Eta, gero, haien portaera termikoa, propietate mekanikoak, iragazkortasuna eta forma-memoriaren efektua aztertu. Gainera, “zuntzak eta ehunak sortu ditugu poliuretano horietatik abiatuta, poliuretanoek ehungintzan nola erabil daitezkeen sakonago ulertu ahal izateko”, adierazi du Sáenzek.

“Ikerketan lortutako emaitzetatik ondorioztatu dugu ikerketan sintetizatutako forma-memoria duten poliuretanoek etorkizun handiko aplikazioak dituztela ehungintzarako”, dio. Horrez gainera, “forma-memoriaren efektuak agerian utzi du forma-memoria duten poliuretano gehienek % 99tik gorako berreskuratze-balioak dituztela”. “Iragazkortasunari dagokionez —azaldu du Míriam Sáenzek—, ikusi dugu forma-memoria duten poliuretano-geruzek izerdia lurrunarazteko eta hezetasuna kontrolatzeko gaitasuna ere badutela”.  Halaber, “forma-memoria duten ehun-egiturako poliuretanoek % 99an berreskuratzen dute bere forma; beraz, ondoriozta daiteke ehungintzarako erabil litezkeela zuntz eta ehun horiek etorkizunean”, esan du amaitzeko Miriam Sáenzek.

Informazio osagarria

Ikerketa hau Míriam Sáenz Pérezen (Logroño, 1986) doktore-tesiaren oinarria da. Tesiaren izenburua Shape memory polyurethanes. Applications in smart fabrics da, eta Luis Manuel León Isidro UPV/EHUko katedradunaren eta Jorge García Barrasa Ecoembeseko berrikuntza-espezialistaren zuzendaritzapean egin du. Tesia, batez ere, UPV/EHUko Kimika Fisikoa Saileko Kimika Makromolekularreko laborategian gauzatu da, eta Errioxako Oinetakoen Zentro Teknologikoan egin dute ikerketaren zati esperimentala. Horrez gainera, doktoretza aurreko egonaldi batean ikertzen aritu da ikertzailea, Suediako Borås Unibertsitatean.