euskaraespañol

Ekainaren hasieran, Green Week izango da UPV/EHUn, jasangarritasunari eta ingurumenari buruzko zientzia-dibulgazioko astea

Unibertsitateen G-9 Taldeak 50 jarduera baino gehiago antolatu ditu Ikertzaileen Europako Gauaren atarirako

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2021/05/27

Irudia
Freepik-ek sortutako Globoren argazkia - Www.freepik.es

Aurten, Ikertzaileen Europako Gaua Europako Itun Berdeari buruzkoa izango da, eta Euskal Herriko Unibertsitateak ere hartuko du parte, Unibertsitateen G-9 Taldeko kide gisa. G-9 Taldearen proiektuak Green 9 Night du izena, eta haren ildo nagusiak jasangarritasuna eta ingurumena izango dira. Bi une nabarmendu behar dira: batetik, aurreko ekitaldia, Green Week, zeina ekainean izango baita, Ingurumenaren Munduko Eguna (ekainak 5) eta Ozeanoen Munduko Eguna (ekainak 8) direla-eta; eta, bestetik, ekitaldi nagusia, zeina irailaren 24an Europa osoan egingo baita.

Ekaineko lehenengo egunetarako, Unibertsitateen 9 Taldea osatzen duten erakundeek Green Week edo Aste Berdea antolatu dute. Jarduera hau Ikertzaileen Europako 2021eko Gauaren aurretik egingo da, eta, haren bidez, unibertsitateek planeta jasangarriagoa bihurtzearekin duten konpromisoa erakutsi nahi diote gizarteari.

Zientzia-dibulgazioaren formatu guztiak izango dira Green Week astean: hitzaldiak, erakusketak, tailerrak (intsektu eta landareei buruzkoak, aldaketa klimatikoari buruzkoak, ingurumen-kontzientziaziokoak), flora inbaditzaileari buruzko maratoiak, ibilaldi didaktikoak, ginkanak, ihes-gelak, bakarrizketa zientifikoak, ikus-entzunezkoak… Horrek guztiak helburu bakarra izango du: gizarteari erakustea zientziak eta ikertzaileek etorkizun jasangarria sortzen laguntzen dutela. Guztira 50 jarduera baino gehiago izango dira, eta guztien protagonista, zalantzarik gabe, Lurra planeta izango da. Hurbileko giroa izango da nagusi, ikertzaileekin elkarrizketan jardun ahal izateko. Jarduera batzuk aurrez aurrekoak izango dira, eta COVID-19a dela-eta kasuan kasu aplikagarriak diren protokoloak gordez egingo dira. Egitaraua G-9 Taldeko unibertsitateek prestatu dute (Oviedo, Kantabria, Gaztela-Mantxa, Extremadura, Balear Uharteak, Nafarroa, Zaragoza eta Euskal Herria), Oviedoko Unibertsitateak koordinatuta. Egitarau osoa Taldearen webgunean dago: https://nocheinvestigag9.es/

UPV/EHUren jarduerei dagokienez, ekainaren 4tik 12ra izango dira; hemen ikus daitezke: https://www.ikertzaileengaua-ehu.org/.

Hain zuzen ere, jarduera hauek osatzen dute UPV/EHUren Green Week:

Erakusketa

17+1 HELBURU MUNDUA ERALDATZEKO / 17+1 OBJETIVOS PARA CAMBIAR EL MUNDO.

Munduko Hizkuntza Ondarearen UNESCO Katedrak lagatako erakusketa. EASO Politeknikoarekin elkarlanean sortu zen erakusketa. Ikastetxeko ikasleek 18. GJH helburuari dagokion paneleko marrazkia egin zuten. 

Tokia: Leioako Campuseko Mikel Laboa plaza

Erakusketa

¿Y yo qué puedo hacer? Eta nik zer egin dezaket?

Ingurumena zaintzeko eguneroko bizitzan egin ditzakegun gauzak azaltzen ditu erakusketak: birziklatzea, aztarna ekologikoa, hondakin geldoen kudeaketa, energiaren eguneroko kudeaketa…

Tokia: Gasteizko Ingeniaritza Eskola

Ekainak 4: Ibilaldi didaktikoak

Hiriko geologia

Ibilaldi didaktiko hitzartuak batxilergoko ikasleekin

Zer da hiriko geologia? Zer aurki dezakegu hirietako harrietan? Mineralak, fosilak, haustura naturalak… Zuen herria/hiria beste era batera ikusi nahi? UPV/EHUren Leioako Campusak harri naturalen aire zabaleko erakusketa bat du, eta ibilaldi hauetan erakusketa hori ikusiko da. Gai izango al gara harrietako batzuk identifikatzeko?

Tokia: Leioako Campusa

Ekainak 8: Ozeanoen Munduko Eguna

Ginkana: Itsasoetako esploratzaile handiak

Gure kostaldeko toki enblematikoetan barrena ibiliz, emakume zientzialariak eta ozeanografiaren munduaren inguruan utzi dituzten ondareak ezagutuko dira. Bidean zehar, parte-hartzaileek erronka eta proba txikiak gainditu beharko dituzte, eta itsasoei buruz ikasiko dute, baita kostaldearen eta hark ematen dizkigun ondasunen garrantziari buruz ere.

Jarduera Plentziako Itsas Estazioko (PiE) zenbait emakume ikertzailek antolatu dute, online, ikastetxeentzat (DBHko 4. maila eta batxilergoa). Ginkana birtual autogidatu bat izango da, eta sarbide libreko Google Earth plataforma erabiliko da.

Ekainak 9: Klimaren aldeko kontzentrazioa

09:15ean, klimaren aldeko kontzentrazio labur bat egingo da Mikel Laboa plazan.

2018-2021 aldirako bere plan estrategikoan, UPV/EHUk helburu garbi bat hartu zuen: bere hiru ardatzen bidez (prestakuntza, ikerketa eta transferentzia), Unibertsitatea garapen jasangarria, inklusioa eta gizarte-konpromisoa sustatzen dituen erakunde bihurtzea. Unibertsitate publikoa eta irakaskuntza- eta ikerketa-erakundea den heinean, aldaketa-eragile nagusietako bat da, eta euskal gizartearen erronkei erantzun behar die, baita aldaketa klimatikoari eta beste arazo global batzuei ere. Halaber, aldaketa behar dela eta aldaketa eragiteko gaitasuna duela jabetuta, Nazio Batuen 2030erako Agendako Garapen Jasangarrirako 13. Helburua (GJH) erdiesteko konpromisoa hartu zuen (alegia, "klima-aldaketari eta haren ondorioei aurre egiteko premiazko neurriak hartzea"), eta hala jaso zuen Garapen jasangarrirako 2030 EHUagendan (UPV/EHUko Gobernu Kontseiluak 2019ko apirilaren 11ko saioan onartua).

Konpromiso hori gogoan izateko, kontzentrazioan parte hartzera gonbidatzen dugu unibertsitate-komunitatea, eta, sinbolikoki, egun horretan soinean zerbait berdea ekartzera.

Tokia: Leioako Campuseko Mikel Laboa plaza

GREEN 9 NIGHT baterako proiektua G-9 Taldea osatzen duten unibertsitateetako kultura zientifikoko unitateek kudeatzen dute (UPV/EHUren kasuan, Ikerketa Gizartean Zabaltzeko Zuzendaritzak, zeina Zientzia eta Gizarte Garapenaren eta Transferentziaren arloko Errektoreordetzaren menpe baitago). H2020 ikerketa- eta berrikuntza-programaren esparruan kokatzen da, Marie Sklodowska-Curie ekintzen eta dirulaguntzetarako 101036041 hitzarmenaren harira.

Jaso albiste guztiak eta partekatu #Green9Night traol-hitza erabilita