euskaraespañol

El Caramboloko altxorraren misterioa argitzen lagundu dute UPV/EHUko geologo batzuek

UPV/EHUn egindako elementuen analisi kimikoek eta analisi isotopikoek agerian utzi dute altxor polemiko bateko piezen urrearen jatorria

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2018/04/24

El Caramboloko altxorraren misterioa argitzen lagundu dute UPV/EHUko geologo batzuek
Eskerretik eskumara: Sonia García de Madinabeitita, José Ignacio Gil Ibarguchi y José Francisco Santos Zalduegui irakasleak eta Geokronologia eta Geokimika Isotopikoaren Zerbitzuko teknikari Javier Rodríguez Aller. Argazkia: Laura López. UPV/EHU.

UPV/EHUko Geokronologia eta Geokimika Isotopikoaren Zerbitzuaren laborategia punta-puntakoa da nazioartean, ikerketa arkeologikoetarako berun-analisi isotopikoak egiten baititu lagina ahalik eta gutxien hondatzeko teknikak erabiliz. Laborategian lortutako datuei esker, Huelvako Unibertsitateko eta Sevillako Arkeologia Museoko ikertzaileek El Caramboloko altxorraren urrearen jatorria zein den jakin ahal izan dute: El Carambolotik 2 km-ra besterik ez dagoen hobi mineral bat.

Kristo aurreko lehen milurtekoko urrezko piezen bilduma bat da El Caramboloko altxorra, eta 50 urte inguruan, eztabaida polemikoa izan dute adituek altxorraren jatorriari buruz. UPV/EHUko Geokronologia eta Geokimika Isotopikoaren Zerbitzuak (Ibercron), Huelvako Unibertsitatearen eta Sevillako Arkeologia Museoaren enkarguz, egindako analisi kimiko eta isotopiko berriek iradoki dute urre horren jatorria ez dagoela altxorra aurkitu zen tokitik milaka kilometrora, handik 2 km-ra baino ez dagoen hobi batean baizik.

Urrezko pieza-bilduma horrek duen museo-balio handiak erabat mugatzen du laginak disolbatuz egiten diren ohiko analisi-teknikak erabiltzeko aukera; horrenbestez, “laser-ablazio mota bat erabili dugu, 100 mikrometro edo 0,1 mm inguruko zulotxo txiki bat besterik egiten ez duena”, azaldu du Sonia García de Madinabeitia doktoreak —analisiak egiteko ardura zuen ikertzaileetako bat—. Ibrecron zerbitzuaren laborategia ikerketa arkeologikoetarako berun-isotopoak analizatzen dituen nazioarteko laborategi urrietako bat da. Laborategiak laser-ablazioko sistema bat eta plasma-iturriko masa-espektrometria konbinatzen ditu, eta, hala, “isotopoen zein elementuen analisiak egiten ditugu lagin solidoetan bertan, kalterik txikiena eraginez”.

UPV/EHUko ikertzaileek objektu arkeologikoen erlazio isotopikoak zehazten dituzte, bai eta objektu horien fabrikazioarekin lotutako materialena eta haiek egiteko ustez erabili diren mineralena ere, lehengaien jatorria zein den esan ahal izateko. García de Madinabeitiak azaldu duenez, “antzinako meatokien datu-basea osatzen ari gara, aztarna arkeologiko baten eta haren jatorria izan litekeen meategiaren arteko erlazioa ezarri ahal izateko”.

“Berunaren nolabaiteko hatz-markan oinarritzen gara —azaldu du ikertzaileak—. Berunaren erlazio isotopikoak desberdinak dira erabiltzen diren materialen eta haien adinaren arabera, eta guk berun horrek duen erlazio isotopikoa zehazten dugu. Izan ere, alde nabarmenak daude hobi mineral batetik bestera”. Horrez gainera, laborategiko ikertzaileek elementuen analisiak egiten dituzte, alegia, zehazten dute zer aztarna- edo ultraaztarna-elementu dituzten materialek; “izan ere, badakigu meatze bat urre- edo zilar-meatzea izanagatik ere materialok sekula ez direla puruak, hainbat aztarna eta ultraaztarna dituztela. Eta haien bidez, material arkeologikoen eta geologikoen arteko erlazioak defini daitezke gero”, dio García de Madinabeitiak.

Mota guztietako objektu arkeologikoak

Estatuko zein beste herrialde batzuetako (Erresuma Batua, Italia, Portugal, Frantzia, AEB, Australia) ikerketa-zentro eta erakunde askotako taldeek (unibertsitateak, foru-aldundiak, museoak, CSIC, etab.) erabili dituzte UPV/EHUko laborategian lortutako datuak, askotariko objektu arkeologikoen metalen jatorria ikertzeko: brontzezko belarritako etruskoak, zilarrezko besoko eta eraztunak, kobrezko edo berunezko hil-urnak eta lingoteak, brontzezko armak eta bestelako tresneriak, Sardiniako metalurgia nuragikoa eta 1.000-5.000 urte bitarteko askotariko aztarna ugari.

UPV/EHUko ikerketa-taldeak egindako analisien bidez agerian geratu dira hainbat gertakari oso interesgarri, antzinatasuna hobeto ezagutzeko aukera ematen dutenak, hala nola Ekialdeko Mediterraneoko lehenengo herriak Iberiar penintsulara iritsi baino askoz ere lehenago penintsularen hegoaldean izaten zen hornidura lokala eta metalen salerosketa; Kristo aurreko 3.000 urtetik Guadalquivir ibaiaren behe-ibilguko kulturek egindako urre-birziklapena; eta Brontze Aroan, milaka kilometrora dauden tokietako lehengaiak erabili izana.

Informazio osagarria

Ibercron – Geokronologia eta Geokimika Isotopikoaren Zerbitzua UPV/EHUko SGIker-en egituran txertatuta dago. Zerbitzuaren arduradun zientifiko eta teknikoa José Ignacio Gil Ibarguchi da, Zientzia eta Teknologia Fakultateko Mineralogia eta Petrologia Sailekoa.

Erreferentzia bibliografikoa