euskaraespañol

Iker Badiola ikertzaileak "Cangrejo de Troya" argitaratu du, minbizia zer den ulertzeko liburua

Ikertzaileak modu errazean ematen die erantzuna honelako galderei: zergatik hiltzen duen, zergatik sortzen den, zer den metastasia, zergatik saihestu behar den, edo nola ikertzen den gaixotasuna

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2020/10/16

Irudia
Iker Badiola, liburuaren egilea. Argazkia: Fernando Casabella. UPV/EHU

UPV/EHUko ikertzaile eta irakasle Iker Badiolak "Cangrejo de Troya. Las bases celulares y moleculares del cáncer al alcance de todos" liburua argitaratu du, gaixotasun hilgarri horren funtzionamenduaren sekretuak eta mekanismoak azaltzen dituen lana, jende guztiak ulertzeko moduko hizkera errazean idatzia. Liburu honen bidez, prestakuntza zientifiko espezifikorik gabeko pertsonengana hurbildu nahi ditu egileak herrialde garatuetan eragin handienetakoa duen gaixotasunaren arrazoiak.

"Cangrejo de Troya" liburua zientzian sakontzen duen testua da, honelako galdera erraz eta konplexuak azaltzeko: Nola sortzen da minbizia? Zergatik hiltzen du? Zer da metastasia? Zergatik saihestu behar da? Nola ikertzen da minbizia?

Kontuan hartuta ia mundu guztiak bizi izan duela gaixotasuna gertutik, minbiziaren sorrera eta iraupena ahalbidetzen duten mekanismoak ezagutzeko interesa duen edonorengan pentsatuz idatzi du lan hau Badiolak eta, liburuaren hasieran, Biologiaren oinarrizko kontzeptuak azaltzen ditu, hala nola, zelula, nukleoa edo proteinak. Era berean, gaixotasunaren oinarri zelularra lantzen du, kontzeptu konplexuagoetan murgiltzeko ondoren, hala nola mutazioak edo metastasia. Egileak teknizismorik gabeko hizkuntza erabiltzen du, estiloa sinplea, eta eguneroko adibideak jartzen ditu; horrela ulergarriagoa egiten da patologiaren mekanismo zelular eta molekularren atzean dagoen konplexutasuna.

Liburua Glyphos argitaletxeak plazaratu du eta Ainhoa Caporossi artistaren irudiak ditu. Erositako liburu bakoitzeko euro bat emango da minbiziaren aurkako borrokarako.

Egilea

Iker Badiola (Ondarroa, Bizkaia, 1978) Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle eta ikertzailea da, Medikuntza eta Erizaintza Fakultatean. Gibeleko metastasiaren oinarri zelularrak eta molekularrak ikertzen eman du bere ibilbidea. Hogei bat artikulu zientifikoren eta patente baten egilea da, hiru doktorego tesi zuzendu ditu, eta Histologiari buruzko lau liburu idatzi ditu, osasun arloko profesionalei zuzenduak. Badiolak egonaldiak egiten ditu Kopenhageko eta Torontoko unibertsitateetan. INNOPROT SL enpresa bioteknologikoaren bazkide sortzailea da. 2006. urtean ikertzaile gazte onenaren saria jaso zuen Niigatan (Japonia) egindako 13. ISCHS biltzarrean. 2019an Galiziako Zientzien Errege Akademiak ematen duen Ernesto Viéitez saria jaso zuen, hainbat diziplinatako ikertzaileek osatutako taldearekin batera, tumoreen aurkako terapia garatzeagatik. Gaur egun metastasi hepatikoaren aurkako terapia berriak lortzeko lanean dihardu Signaling Lab taldean. Gainera, zientzia dibulgazioan aritzen diren hainbat erakunderen ohiko kolaboratzailea da, hala nola UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedran eta Zientziaren Giltzak elkartean.