euskaraespañol

Nolako herria, halako natura ezagutza

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2022/06/29

Irudia
Ezkerretik eskuinera, Oihana Barrutia, José Ramón Diez eta Aritz Ruiz | Argazkia: Fernando Gómez

UPV/EHUk eta Aranzadik egindako ikerketa batek erakutsi du Bigarren Hezkuntzako ikasleen naturarekiko interesa altua bada ere, bertako fauna eta flora ezagutza oso urria dela.

Klima aldaketarekin batera, egun dugun arazo larrienetako bat biodibertsitatearen galera da. Horri aurre egiteko, ezinbestekoa da gizarteak, eta tartean, gaur egungo eta etorkizuneko erronkei aurre egin beharko dieten herritarrek, egungo gazteek, alegia, biodibertsitatearen inguruko alfabetizazio sendoa izatea.

Hori horrela, Euskal Herriko Unibertsitateko eta Aranzadi Zientzia Elkarteko ikertzaileek, Euskal Herriko 12-13 urteko gazteen fauna eta flora ezagutza aztertu dute, bai eta talde horiekiko eta naturarekiko interesa ere, ingurumenarekin duten lotura eta ezagutza aztertu nahian.

Environmental Education Research’ aldizkarian argitaratu berri diren emaitzek erakutsi dute ikasleen interesa altua bada ere, bertako fauna eta flora ezagutza oso urria dela. Landareen kasuan, gainera, nazioarteko beste hainbat herrialdeetan ere antzeman den “landareekiko itsutasuna” (‘Plant blindnesss’) dagoela ondorioztatu da; hots, haiekiko ezagutza eta interes baxuagoa, animaliekin alderatuz. Horrez gain, ikerketak erakutsi du herri txikietan bertako espezieak izendatzeko gaitasun handiagoa dutela, ziur asko, inguratzen dituen naturarekin duten eguneroko kontaktua handiagoa delako. Era berean, bertako espezieei loturiko ezagutza eta interes urriak daudela ondorioztatu da, eta hori adierazteko kontzeptu berri bat proposatu dute zientzia mailan hemendik aurrera erabiltzeko: “bertako espezieekiko kontzientzia-eza” edo ‘Native species awareness disparity’.

Emaitzek erakusten dutenaren arabera, ezinbestekoa da ingurumen hezkuntza indartzea eta naturaren ezagutzarako tresnak bideratzea, bai gizarte mailan, zein hezkuntza mailan, gaur egungo eta etorkizunean izango diren erronkei aurre egiteko gizartearen biodibertsitate alfabetizazioa ezinbestean eman beharreko pausua delako.

Azterlanaren ondorioak

Ikerketan ateratako emaitzek erakusten dute “bertako espezieekiko kontzientzia eza” (‘Native species awareness disparity’ moduan bataiatu dena lan honi esker) dutela Euskal Herriko gazteek. Jaioterria edozein izanda ere, ikasleen zerrendak bertakoak ez diren espezie askok osatzen baitituzte. Bestalde, “Landareekiko Itsutasuna”ren (‘Plant blindness’ moduan ezagutzen dena) zantzuak ikusi dira atal ezberdinetan. Esaterako, landareen zerrendapena animaliena baino askoz laburragoa izan da eta animaliekiko interes altuagoa erakutsi dute ikasleek galdegin zaienean.

Ezagutza hori baldintzatzen duen faktore bakarra herriaren tamaina izan da. Bertako espezie gehiago aipatu dituzte herri txikietako ikasleek. Pentsa daiteke bertako naturarekiko hurbiltasunak bertako espezieen ezagutza handiagoa bultzatzen duela.

Ikerketaren emaitzek garbi adierazten dute etorkizunean azaldu daitezkeen eszenatoki berriei aurre egiteko tresna eta testuinguru berriak sortu beharko direla. Hala, hezkuntzak berebiziko garrantzia izango du bide honetan. Izan ere, naturaren ezagutzaren etxeko transmisioan eten bat ikusten da jada gizartean, eta egun, naturarekin kontaktua batez ere aisialdian egiten da. Askotan, alabaina, natura aisialdiko beste hainbat ekintza egiteko eszenatokia baino ez da.

Beraz, ezinbestekoa da etorkizunean, hezkuntza formalean zein informalean, naturaz gozatzeko ez ezik, ingurumenean azterketa txikiak egiteko, hipotesiak azaleratzeko, eta azken finean, ikerketa zientifikorako eta natura ezagutzarako grina bultzatzeko testuinguruak sortzea.

Horretarako, irakasleak eta ikasleak (zein gurasoak) formatzeko beharra ikusten da, eta horien guztien garapenerako, bertako espezieekin osaturiko irakaskuntza-ikaskuntza material gehiago sortzea, betiere ikerketako emaitzek erakutsi dituzten gabezietan edo hutsuneetan arreta jarriz. Hortaz, natur guneetan hezkuntza bultzatzeaz gain, testuliburuak, filmak, marrazki bizidunak, liburuak, mahai jokoak… ezinbestekoak dira hezkuntza dinamika berriak bultzatzeko.  

“Hezkuntza eraldaketa hau adin txikitatik hasi beharra dago, egungo haurrak izango baitira, azken finean, etorkizuneko gizartea osatuko dutenak eta berebiziko erabakiak hartuko dituztenak erronka berrien aurrean”, nabarmentzen dira ikertzaileak.

Informazio gehigarria

Biodibertsitatearen inguruko ezagutza ebaluatzeko modu bat, espezieekiko ezagutza neurtzea da, zehazki, espezieak zerrendatzeko gaitasuna aztertuz. Hargatik, Euskal Herriko Bigarren Hezkuntzako 12-13 urteko 1000 ikasle ingururekin egin den ikerketa honetan, animalia eta landare ezagutza neurtu nahi izan da, bai eta ezagutza horretan zein faktorek eragiten duen gehien: naturarekiko interesak, bizilekuak, eskola motak –publikoa edo pribatua-, per capita errentak, animaliekiko edo landareekiko lehentasunak, eta abar.

EAEko eta Nafarroako 26 ikastetxetako ikasleek parte hartu dute lanean, eta guztietan galdetegi bera egin da, non hainbat zeregin edo galdera planteatzen ziren.

Erreferentzia bibliografikoa