euskaraespañol

Xare Euskarazko Kultura Digitalaren jardunaldia

Noiz eta non

2019/12/17 2019/12/17, 09:00 - 14:00

Kokapena

Informatika Fakultatea
Paseo Manuel Lardizabal 1. -20018- Donostia / San Sebastián (Gipuzkoa)

Deskribapena

Euskarazko kultura digitala sustatu eta ezagutaraztea da Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak eta Xarek berak bultzatutako Xare egitasmoaren helburu nagusia: besteak beste, softwareen euskaratzea bultzatzea eta horiek instalatzeko nahiz erabiltzeko ohitura sustatzea, baita euskarazko IKTen sektorea ikusarazi zein balioestea ere. Abenduaren 17ko Donostiako hitzordua prestatzeko UPV/EHUko Informatika Fakultatearen eta Eusko Jaurlaritzaren laguntza izan dute gainera.

Goizeko 9:00etatik 14:00etara bitarte, 7 ikastetxe ezberdinetako (Easo Politeknikoa LHII, Nazaret Zentroa, IES Zubiri-Manteo eta Zubiri-Mateo Zikloa, Elizaran Ikastetxea, Ekintza Ikastola eta Antigua-Luberri BHI) Batxilergoko 1go mailako 487 ikaslek hartuko dute parte UPV/EHU-ren Gipuzkoko Campuseko hainbat eremu beteko dituen ekimen honetan.

Gazteak eduki ezberdinak eskainiko dituzten hiru gunetan barrena mugituko dira:

Info Aretoa (Ignacio Maria Barriola Zentroan)
Ezagutzara bideratutako areto honetan, euskarazko kultura digitalaren esparruan aitzindari izan diren eta egun lanean diharduten 5 proiekturen inguruko

aurkezpen labur (12’) bana entzungo dute ikasleek. Hala, Puntu Eus Fundazioak, Librezale Elkarteak, Ahotsak egitasmoak, Booktegi-k eta Euskal Wikilarien Elkarteak une honetan esku artean dituzten hainbat proiekturen berri emango dute.

Ikas Aretoa (Informatika Fakultatean)

Gune praktiko honek 8 lantegi ezberdin hartuko ditu eta, taldetan banatuta, ikasle bakoitzak horietako batean trebatzeko aukera izango du. Tailerrak dagokion sektorean eskarmentua duten profesionalek eta elkarteetako ordezkariek gidatuko dituzte. Honakoa da eskaintza:

Musika sortu, nahastu eta zabaltzeko aplikazioak (Dj Makala)
Bideomappinga: errealitatea areagotu proiekzioak objektuen geometriara doituz (Elurmaluta)
AppInventor: Android mugikorretarako aplikazioak sortzeko zerbitzua (Talaios)
Errealitate birtualera hurbilpena (Protomakers)
Harremanak 3.0: emaidazu ‘like’ bat (Emaize sexologia zentrua)
Arduino: elektronika interaktiboaren munduan hasteko (Protomakers)
3D inprimagailuak: objektuak diseinatu eta modelatu (Protomakers)
Raspberry Pi: plaka-ordenagailu txiki eta merkeak (Iñaki Izkue)

Era Aretoa (Ignacio Maria Barriola Zentroan)

Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologia berriek gero eta presentzia handiagoa dute gure egunerokoan. Horregatik, teknologia berriez egiten dugun erabileraren inguruan hausnartzera bideratutako 35 minutuko bi hitzaldi interaktibo hartuko ditu areto honek.

Pribatutasuna Sarean (Maider Likona, Gipuzkoako Software Askea Elkarteko kidea)
E-makumeak: ezinbestekoak teknologia bidezkoa izan dadin (Olatz Arbelaitz UPV/EHUko Informatika Fakultateko irakasle eta ikertzailea eta UEUko kidea)

Lehenengoak testuinguru pribatu eta intimoan datuak partekatzeak izan ditzakeen arriskuak jarriko ditu mahai gainean. Bigarrenak, aldiz, teknologiaren eta informatikaren unibertsoan murgildutako emakumeen proportzio txikiak dituen ondorio larriez ohartaraziko du.

Teknologia eta generoa: emakumeak unibertso digitalean

Hain justu Xare jardunaldi honen babesleetako bat den UPV/EHU-ko ikerlari eta irakasle bat arduratuko da genero ikuspegia abenduaren 17ko saioan txertatzeaz. Olatz Arbelaitz UEUko kidea ere bada eta, funtsean, ideia edo mezu borobil bat helaraziko du bere hitzaldian: emakumeak unibertso digitalean aktiboki aritzea ezinbestekoa da teknologia bidezkoa izan dadin.

 

Datuek frogatzen dutena salatuko du, alegia, teknologia eta informatika munduan murgildutako emakumeen proportzioa oraindik ere oso txikia dela gizonezkoenarekin alderatuta. Eta argazki horrek ondorio larriak dituela ikusaraziko du, bizitzako esparru guztietan txertatuta dagoen teknologiaren diseinuak, neurri handi batean, gizonezkoen eta haien pentsamoldearen esku egoten jarraitzen duelako. Kultura digitala nesken gauza ere badela ulertaraziko du Arbelaitzek, eta emakumeek zein/edo beste talde minorizatu batzuek ere tresna informatikoen diseinuan parte hartzearen beharra eta garrantzia aldarrikatuko du.