euskaraespañol

Oso ondo elkartasunean

Gazteak eta egungo boluntariotzaren arteko erlazioa aztertu dugu

  • Erreportajeak

Lehenengo argitaratze data: 2019/09/25

(Beste leiho bat zabalduko du)
Saskibaloian jolasten Boluntariotzaren azkoan. Bideoaren esteka

Egunotan UPV/EHUn egin dugun Boluntariotzaren IV. Azokaren harira Euskadin dagoen parte hartze sozialaren egoerari eta gazteek horren inguruan duten pertzepzioari buruz hausnartu dugu Boluntako eta Aspanovaseko koordinatzaileekin, eta Unibertsitateko Iraunkortasun Zuzendariarekin.

“Fridays for future” izeneko ikasle mugimenduak kaleak betetzen ditu larrialdi klimatikoko egoera salatzeko, eta mugimenduaren ordezkariek NBEra jo dute, agintariei eskatzeko ingurumenarekin konprometitu daitezela. Bestetik, gazteek erantzuna ematen diote gertatzen den eraso sexista bakoitzari, badakitelako beharrezkoa dela pentsamendu feminista egunerokotasuneko alderdi guztietan txertatzea… Argi dago aldaketa bat gertatzen ari dela.

Mugimendu horiek indarra hartzen ari dira, eta belaunaldi berriek bat egin dute horiekin. Hortaz, pentsa dezakegu ziklo aldaketa bat iristen ari dela. Hala uste du Leire Ortiz de Zaratek, Bizkaiko boluntariotzaren Bolunta agentziako koordinatzaileak. Leirek adierazi duenez, “azken urteetan gazteak altxatu egin dira eta argi utzi dute ez dituztela onartzen gizartearen gaitz bihurtu diren indarkeria matxista eta planetaren suntsiketa”. Bere ustez, “bi arlo horietan egon den parte hartzearen gorakadak isla izango du boluntariotzaren egoerari buruz egiten ditugun hurrengo azterlanetan”.

Argi dago gazte euskaldunak konprometituta daudela:“euskal boluntario gehienek gazteak izaten jarraitzen dute”, esan du Leire Ortiz de Zaratek. “Dena den –gehitu du–, gero eta jende gehiagok erabakitzen du bere lan bizitza bukatutakoan aktibo jarraitzea, boluntario gisa lagunduz. Hori dela eta, boluntarioen batezbesteko adina igotzen ari da”.

Gazte euskaldunen konpromisoa argi ikus daiteke hala Unibertsitateak nola Eusko Jaurlaritzak egindako txostenetan: UPV/EHUn bakarrik, graduko ikasleek urtero 18.000 ordu baino gehiago eskaintzen dizkiote boluntariotzari eta parte hartze sozialari.

Alegia, 1.400 ikaslek baino gehiagok 100.000 ordutik gora egin dituzte boluntariotza lanetan 2012tik. Urte horretan, hain zuzen, abian jarri zen jarduera solidario eta kooperaziokoengatik hautazko kredituak aitortzeko programa.

1.400 ikaslek baino gehiagok 100.000 ordutik gora egin dituzte boluntariotza lanetan 2012tik. 

Berez, zifra hori handiagoa da; izan ere, UPV/EHUko Iraunkortasunaren arloko zuzendari Estibaliz Saez de Camara Oleagak adierazi duenez, “badakigu ikasle asko lankidetzan aritzen direla, baina ez dutela kredituak baliozkotzeko eskatzen, eta, beraz, ez dauzkagu monitorizatuta. Ez daukagu daturik, halaber, graduondoko ikasleen eta langileen (irakasle eta ikertzaileak edo AZPko langileak) boluntariotza lanari buruz”.

Hain zuzen ere, GKEak erakunde profesionalizatu gisa ikusten badira ere, “boluntariotza da erakundeen motor nagusia”, esan du Boluntako koordinatzaileak.

“Are gehiago –gehitu du Ortiz de Zaratek–, kontratatutako langileak ere badituzten erakundeetan, ondo dakite boluntarioek protagonismoa izan behar dutela erakundearen egituran; horretarako, boluntariotzaren kultura txertatzen dute erakunde osoan, eredu horren alde eginez”.

Ainhoa Fernández, Aspanovaseko (minbizidun haurren gurasoen elkartea) koordinatzailea, bat dator ideia horrekin. Bere ustez, “boluntariotza da erakundearen motorra. Boluntarioen inplikaziorik gabe, Aspanovas ez litzateke existituko”, esan du.

 

Boluntariotza: kontzeptua aldatu egin da

Leire Ortiz de Zarateren arabera, boluntariotzaren kontzeptua aldatu egin da azkenaldian. “Orain dela ez hainbeste, boluntariotza gizarte bazterkeriako egoeran zeuden kolektiboei laguntzearekin lotzen zen nagusiki. Boluntariotzaren ideiak barnean hartzen zituen jantoki sozialak, adinekoentzako laguntza, desgaitasuna dutenentzako laguntza… Boluntariotzaren jatorria erlijiosoa da, eta horrek markatu egin du nolabait gizarteak boluntariotza gisa ulertzen duena”.

Denborarekin, ideia hori aldatu egin da zenbait erakunderen lanari esker, zeinak lortu baitute ulertaraztea militantzia, lankidetza eta halako guztiak parte hartze sozialaren zati direla, eta helburu dutela herritarrak sentsibilizatzea eta mobilizatzea, denontzat hobea izango den gizarte bat lortzeko.

Hain zuzen, gaur egun, UPV/EHU 300 erakunde baino gehiagorekin aritzen da lankidetzan. Horri esker, Unibertsitateko komunitateak aukeratu egin dezake zein erakundetan egin boluntariotza lanak, hala nahi izanez gero. Erakunde horiek askotariko arloetakoak dira: ingurumena, gizartea, kultura, kirola, arlo soziosanitarioa, aisialdia eta denbora librea, larrialdiak, etab.”, adierazi du Unibertsitateko Iraunkortasunaren arloko zuzendariak.

UPV/EHU 300 erakunde baino gehiagorekin aritzen da lankidetzan.

Konpromiso iragankorra

Halako jardueretan parte hartzen dutenek balorazio positiboa ematen badute ere, gaur egun boluntariotza denboraldi bateko kontua izan ohi da gazteentzat. Boluntako koordinatzailearen arabera, hau izan daiteke hegakortasun horren arrazoia: “parte hartzeko egungo ereduek lotura handia dute bizi dugun gizarte ereduarekin: erritmo bizikoa, aseezina, okupatua, kezkatua baina konprometitzeko prest ez dagoena, kontsumista…”.

Bere iritziz, “hori argi ikusten da erakundeetan; izan ere, arazoak daude zuzendaritza batzordeak aldatzeko, boluntarioek denbora gutxiago irauten dute erakundeetan, gora egin du aldi jakin baterako boluntariotzak, etab.”

Leire Ortiz de Zaratek adierazi duenez, “garai batean, boluntario bat erakunde batean sartzen bazen, bizitza osoa ematen zuen bertan laguntzen. Baina beste garai batzuk ziren eta bizimodua bestelakoa zen; beharrak ere desberdinak ziren”.

Bere ustez, “erakundeek beren egiturak eta parte hartze ereduak etengabe egokitu behar izan dituzte, unean uneko joerekin bat egiteko”.

“Gaur egun, boluntario batzuek erakunde bat baino gehiagotan laguntzen dute, beste batzuek une jakin batzuetan laguntzen dute (erakundeek eskatzen dietenean), beste batzuek taldeko edo familiako jarduera gisa ikusten dute boluntariotza, eta ez jarduera indibidual gisa…”, azaldu du Boluntako ordezkariak.

Dirudienez, joera hori nagusi da erakunde gehienetan. Aspanovaseko Ainhoa Fernándezek adierazi duenez, iraupen luzeko konpromisoari eusten dioten boluntarioak “lanean eta familian egonkortasuna duten pertsonak” izaten dira; beste boluntario batzuek ezin dute halako konpromisorik hartu, ez dutelako egonkortasunik. Bere iritziz, “boluntarioek ikasketetan eta lanean izaten dituzten aldaketek, oro har, zerikusi handia izaten dute beren parte hartzean”.

UPV/EHUk ahalegina egiten du parte hartze hori sustatzeko, zenbait tresnaren bidez: hautazko kredituak aitortzea, Boluntariotzaren Azokak (Bolunta, Gizalde eta Batekin agentziekin batera antolatzen ditu), Euskadiko GGKEen Koordinakundearekin lankidetzan aritzeko proiektuak, Unibertsitatearen beraren beste proiektu batzuk, ikastegietan egiten diren boluntariotzaren erakusleihoak, etab.

Saenz de Camarak azaldu duenez, berritasun gisa, “UPV/EHU ‘gu geu bolondres’ proiektua sustatzen ari da. Boluntariotza modalitate berri horretan, ikasleek, gizartearekin konprometitzeaz gain, zeharkako beste hainbat gaitasun garatzen dituzte, hala nola autonomia, komunikazioa, berrikuntza eta ekintzailetza, taldeko lana, etab. Gainera, ikasleek diseinatzen, garatzen eta ebaluatzen dute beren boluntariotza lana”.

Amaitzeko, Leire Ortiz de Zaratek esan du oreka dela arrakastaren gakoa: “garrantzitsua da erakundeak parte hartzeko modu berrietara egokitzea eta horretarako aukerak eskaintzea, baina garrantzitsua da, halaber, guk kontzientzia hartzea eta jakitea boluntariotza lanari denbora, dedikazioa eta konpromisoa eskaini behar zaizkiola”. Horra hor erronka.