euskaraespañol

Iñaki Antiguedad Auzmendi eta Ane Zabaleta Lopetegi

Uholdea: arazoa ez da ibaian hasten

‘Hidro-Ingurumeneko Prozesuak’ talde kontsolidatuko ikertzaileak

  • Cathedra

Fecha de primera publicación: 13/01/2022

Iñaki Antiguedad eta Ane Zabaleta
Iñaki Antiguedad y Ane Zabaleta. Foto: Tere Ormazabal. UPV/EHU.

Este artículo se publica en el idioma en que ha sido escrito.

Uholdeez serio hitz egiteko urek bare behar dute ibaian izan, bazterrak urpean direnean bestelako premiak direlako, babes zibilekoak. Hala ere, urak lasaitzen direnean, arriskua joana delakoan, zertarako kezkatu? Hurrengoa izan arte. Oroimen mugatukoak gara, zoritxarrez. Edozelan ere, gure inguruko lurraldeetan uholdea da natura-gertaerarik ohikoena. Eta mende hau ezaugarritzen duten ziurgabetasuna, erresilientzia eta iraunkortasuna gogoan gizarte gisa ikasi beharko genuke arriskuarekin bizitzen, denboran hurbil ez denean ere. Ikasi, bai, kultura kontzeptua arriskuetara zabalduz. Are gehiago klima-aldaketara egokitu behar dugun honetan, aldaketa horrek ohikoago egingo baititu uholdeak eta gaurko lurralde-antolamenduak ohikoago kalteak.

Kontua, baina, zera da: uholdeak berriro gertatzean berriro entzuten ditugula kexa berak. Nago ni kaltetu izan direnek eskubidea ez ezik betebeharra ere badutela protesta egin eta kalte-ordainak arintasunez konpentsatzea eskatzeko, bai horixe, baina argi utzita ere kaltetua izateak ez diola, berez, inoren ikuspuntuari arrazoi gehiago ematen, ez horixe. Hortaz, arriskua kudeatzen eta kalteak arintzen frogatzen da zenbateraino den gizartea erresilientea.

Uholdeak gertaera konplexuak dira, kausetan eta ondorioetan ere. Jakina, euri-jasa handiak eta etengabeak izan gabe ez ziren uholdeak gertatuko, baina izanda ere ondorioak oso bestelakoak izango ziren kasu batean eta bestean. Parean jarri baino ez dago orain hamarkada batzuetako ibaiertzeko argazkiak eta azken urtetakoak, hartzen dugun ibai-arroa hartzen dugula ere.

Arduragabe okupatu ditugu ibaien ondoko lurrak, horien lauak eskaintzen duen erraztasuna oso modu okerrean ulertuta. Ez ote genuen eskolan ikasi uholde-lautada ibaiak errekarriz eta sedimentuz sortutako esparrua dela, nonoiz urak handi datozenean pausaleku hartu eta uholdeen aringarri izateko? Gauza asko egin ditugu txarto lurralde-antolamenduan eta, zehatzago, ibai inguruko hirigintzan, azpiegiturak barne, eta arrisku-gune berriak ere sortu ditugu, baina dagoena dago. Funtsezkoa gaurko erabakietan dago: uholdeei aurre egiteko modua birpentsatzeko garaia da.

Egia esan, gurean badugu Uholde Arriskua Kudeatzeko Plana, Europako 2007ko Uholde-Zuzentarauak agindutakoari jarraituz. Planean argi adierazten da berez ibaiarenak diren lurrak okupatu izanak biderkatu egin dituela ohiko uholdeen kalteak, eta arriskupean diren lurrak antolatzeko irizpideak zehazten dira, itzulera-denboraldi desberdinetan. Plana hor da, udal-planeamendurako oinarri, baina erronka haratago doa, herritarrak planak ezagutu, prozesuan parte hartu, arriskuarekin bizitzen ikasi eta uholdea heltzear dela zer egin jakin. Eta horretan asko dugu egiteko.

Dena dela, bada arriskua kudeatzeko planetan falta den funtsezko irizpidea, plangintza hidrologiko osoan falta den funtsezko bera: lurraldea bere osoan aintzat hartzea. Izan ere, uholdeei aurre egiteko neurrietan ikuspegi hidraulikoa nagusitu da, hau da, ibaiko urak menderatzen saiatzea, neurri gogorrekin ibilguak artifizializatuz, ahalik eta leku gutxien gera daitezen urpean.

Baina arazoa ez da ibai-ibilguan hasten, uholdea horrekin lotzen bada ere. Atzera egin dezagun: euri-jasa handiak direnean, zergatik doaz urak hain arin ibilgura? Zergatik bildu horra ur handiak denbora motzean? Zergatik urek hainbeste sedimentu eraman, indar suntsitzailea handituz? Zergatik hori gertatu orain hamarkada batzuk baino arinago eta bortitzago? Arduragabeak izan gara uholde-lautadak urbanizatzen, bai, baina arduragabeak ere mendi-hegalak kudeatzen, azpiegiturak eta baso-jarduerak gehienetan lurraldeko ur-dinamika aintzat hartu gabe egiten. Ez dezagun ahaztu uholdeekin batera asko izaten direla azpiegitura linealen bazterretan gertatzen diren luiziak, ibaitik urrun egonda ere kalte-sortzaile.

Hortaz, ikuspegia aldatu beharra dugu behingoz. Uholdeak beti izan dira, eta izango ere, saiakera guztien gainetik, baina guri dagokiguna, are gehiago klima-aldaketarako egokitze bidean, arriskua moteltzea da, kalte-eremuak gutxitzea eta arriskuarekin bizitzen ikastea. Plangintzaren fokua lurraldean jarri behar da lehenago ibilguan baino, euri-urek hartzen duten ibilbideari jarraituz: menditik ibaira. Bestela esanda, lurraldea ikuspegi hidrologikotik antolatzeko garaia da, hamarkadatan txarrerako eraldatu ditugun eremuetan hasita; urari lotutako gertaerak ulertzeko ibai-ibilguaren ikuspegi hidraulikoaren aurretik ibai-arroaren ikuspegi hidrologikoa jarrita. Horretan datza ur- eta lurralde-plangintzek mende honetan duten erronka, beren uztardura, ura ez baitago ulertzerik lurraldearen dinamikatik kanpo, uholde izan edo lehorte.

Uholde Arriskua Kudeatzeko Planek abiapuntu hartzen dute UNESCOk 2013an ateratako ‘Flood Risk Management: A Strategic Approach’ txostenean jasotako oinarri batzuk. Besteak beste: 1) Erabateko babesa ezinezkoa dela onartzea. 2) Etorkizuna ez dela iragana modukoa izango kontuan hartzea. 3) Uholdeei aurre egiteko neurriak asko eta askotarikoak izan behar direla. 4) Arriskua eta ziurgabetasuna modu eraginkorrean gizarteratzea. 5) Leku batzuetan uholdeak apropos sustatzea. Bai, uholdeei aurre egiteko modu bat da bazter batzuetan uholdeak eragitea, ibaian beherako uren lasaigarri: ibai-basoak edo kultibo-guneak, kasurako, azken finean hobe kultiboak urpean uztea beherako hiriak baino. Eta segituan, kalteen konpentsazioa.

Izan ere, hamarkadetan egin dugunaren kontrara, zabaldu behar ditugu ibaien eremuak, ibaiei beren askatasun-eremuak bueltatuz, hainbat lekutan gaur egunean ezinezkoa bada ere. Baina horixe da birpentsatzearen abiapuntua, are gehiago iraunkortasunaren izenean Naturan Oinarritutako Irtenbideak hizpide ditugun honetan. Joana beharko zen gurean arriskuei azpiegitura gogorrekin aurre egiteko garaia, salbuespenak salbuespen, eta gaurko koherentziaren izenean ibai-arroaren antolamendu integratutik erantzuteko garaia etorria beharko, honetarako pentsamoldea aldatuta.

Eta bai, uholdeei aurre egiteko neurriak asko eta askotarikoak behar dira izan: Lurralde- eta hiri-antolamenduan, klima-aldaketara egokitzeko erakunde publikoetan, erresilientzia biderako gizartean… arrisku-kultura zabaldu eta uholde aurretikoa, momentukoa eta ondorengoa ondo planifikatuz. Eta horretaz hitz egin behar da ibaietan urak bare direnean.