euskaraespañol

UPV/EHUk, 36 orduan behin, 2030eko garapen jasangarriko helburuak lortzen laguntzen duen artikulu zientifiko bat argitaratzen du

2017 eta 2018 artean, EHUagenda 2030aren ildoko 485 ikerketa argitaratu dira guztira

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2019/09/25

Irudia

UPV/EHUk bat egin du Nazio Batuen Erakundeak Garapen Jasangarrirako 2030 Agendarekin eta giza garapena bultzatzera bideratutako ekintza unibertsal, integral eta eraldatzaileko helburuak EHUagenda 2030ean bildu ditu. Halaber, unibertsitateko kideak helburu horiek lortzeko lanean ari dira bide horiek jorratzen dituzten ikerketak eginez.

Apirilean abiarazi genuen EHUagenda 2030, Gobernu Kontseiluak onartu ondoren. Hala, UPV/EHUk onespena eman zuen gizarte konpromisoaren eta jasangarritasunaren zentzu zabalenean aurrera egiten jarraitzeko, eta bat egin zuen Nazio Batuen Erakundeak 2015ean Agenda 2030aren bidez ezarritako hamazazpi Garapen Jasangarriko Helburuetako (GJH) hamabirekin. Gainera, UPV/EHUk beste bat gehitu du: hizkuntza eta kultura aniztasuna bermatzea, Unescok zehaztua eta Munduko Hizkuntza Ondarearen UNESCO Katedraren bidez sustatua. EHUagendak 12+1 GJH bete nahi ditu helburu espezifikoen, ekintzen eta horien aurrerabidea neurtzeko aukera ematen duten adierazleen bitartez, bai eta helburu bakoitzarekin lotuta unibertsitatearen hasierako egoerari buruzko diagnosia eginda ere. Hasierako egoera zehazteko, egileen artean UPV/EHUko kideak zituzten eta 2017an eta 2018an klima babesteko ekintzarekin lotutako helburuak betetzen lagunduko zuten argitalpen zientifikoak bilatu zituzten.

Eginkizun horretan emaitza bikainak izan zirenez, UPV/EHU konprometitu den beste 12 GJHetara zabaldu zen bilaketa. Emaitza azpimagarriak izan dira eta erakutsi dute UPV/EHUn kalitatezko ikertaldeak daudela eta garapen jasangarriarekin konprometituta daudela jakintzaren ia alor guztietan: bi urte hauetan 485 argitalpen izan dira, hau da, 36 orduan behin UPV/EHUk GJHetan laguntzen duen artikulu zientifiko bat argitaratzen du. Horien artean nabarmentzen dira hurrengo GJH hauekin lotutako argitalpenak: klima babesteko ekintza (81 argitalpen), energia eskuragarria eta ez-kutsatzailea (75), osasuna eta ongizatea (62) eta hizkuntza eta kultura aniztasuna (62).

UPV/EHU konprometitu den Garapen Jasangarriko Helburuak 2017ko argitalpenak 2018ko argitalpenak
3. Osasuna eta ongizatea 29 33
4. Kalitatezko hezkuntza 21 27
5. Genero berdintasuna 16 12
7. Energia eskuragarria eta ez-kutsatzailea 27 48
8. Lan duina eta hazkunde ekonomikoa 6 8
9. Industria, berrikuntza eta azpiegitura 12 14
10. Desberdintasunak murriztea 6 8
11. Hiri eta komunitate jasangarriak 9 6
12. Ekoizpen eta kontsumo arduratsuak 15 15
13. Klima babesteko ekintza 49 32
16. Bakea, justizia eta instituzio sendoak 12 8
17. Itunak helburuak lortzeko 6 4
17+1 Hizkuntza eta kultura aniztasuna 26 36
GUZTIRA 234 251
2017 eta 2018ko argitalpenak GUZTIRA 485

 

“Unibertsitateek gaur egun erabiltzen ditugun teknologia nagusiak garatzen lagundu dute, eta GJHek planteatzen dituzten berrikuntza teknologikoak eta sozialak lortzen ere lagun dezakete. Ildo horretan, erronka handiei aurre egiteko, ezinbestekoa da ezagutza mobilizatzea eta agregazio ahalmenak aktibatzea, lankidetzaren eta diziplinartekotasunaren ikuspuntutik”, azaldu du Estíbaliz Sáez de Cámara Oleagak, UPV/EHUren Jasangarritasuneko zuzendariak.

GJHekin lotutako argitalpenen zerrenda esteka honetan kontsulta daiteke:

https://www.ehu.eus/eu/web/iraunkortasuna/ehuagenda-2030/ekarpenak-eta-ekintzak